Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK 65 MILIOI EURO IRABAZI DITU 2022KO LEHEN SEIHILEKOAN

 

  • Kaudimenaren alorrean, bere merkatuko liderra izaten jarraitzen du LABORAL Kutxak: % 21,14ko CET1 ratioa du

  • Berankortasun-tasak txikitzen segitzen du: % 2,58koa da, sektorearen batez besteko % 4,08ko tasa baino askoz txikiagoa

  • Enpresentzako finantzaketaren jarduera % 42 hazi da formalizatutako zenbatekoetan

 

2022ko abuztuaren 3a.–Ziurgabetasunez betetako testuinguru ekonomikoan eta agertoki-aldaketa drastiko baten ondorioz hazkunde ekonomikoa motelduta egon arren, LABORAL Kutxak 65 milioiko irabazi garbia lortu du urteko lehen erdian; hau da, aurreko ekitaldiko epe berekoa baino % 25 handiagoa.

Negozio-adierazle nagusien arabera, lehia-posizio nabarmena du LABORAL Kutxak. Kaudimenaren alorrean, CET1 ratioak (% 21,14) lehen postuan kokatzen du entitatea bere erreferentziazko merkatuan, eta LTD ratioak (% 64,10) likidezia-posizio lasaia duela erakusten du. Bestalde, berankortasun-tasak ere txikitzen jarraitu du urteko lehen sei hiletan ere, % 2,58an kokatzeraino. Baliabide propioen errentagarritasuna (ROE) % 6,35era iritsi da.

 

Emaitza-kontua

Urteko lehen sei hiletan, tasen kurbaren eta marjinen estutasunaren eragin oso handia izaten jarraitu dute banku-negozio tipikoaren marjinek. Hala, interesen marjina 121,2 milioi eurokoa izan da; hau da, 2021eko ekainekoa baino % 1 txikiagoa. Beherakada hori, baina, konpentsatu egin du zerbitzuengatiko diru-sarreren atalaren % 10eko gorakadak. Atal horretan, nabarmentzekoak dira bai bezeroei funts eta planetan emandako inbertsio-zerbitzuen hazkundea, haien ekarpena % 12 hazi baita, eta bai ordainbideen igoera, % 16 gehiago ekarri baitute. Horrela, bada, entitateak % 2,6ko hazkundea lortu du bere negozioaren oinarrizko marjinean, 185,4 milioira heldu baita.

Bestalde, marjina gordina % 3,9 txikitu da, merkatuek 2021aren aldean izandako bilakaeraren ondorioz, eta horrek eragina izan du hala dibidenduetan nola entitatearen inbertsioen balioztapenean.

Beste alde batetik, epealdiko gastuak eta amortizazioak 10,2 milioi (% 9) handiagoak izan dira, batez ere bezeroei zerbitzu hobea eskaintzearren ordutegiak eta baliabideak zabaltzeko erabakia hartu delako, eta esparru digitalean eta teknologikoan eraldatze-proiektuen agenda estrategikoarekin jarraitzeko asmoa dagoelako, entitateak kalitate- eta zerbitzu-estandar handiei eusteko eta etorkizunari berme osoz aurre egiteko.

Horniduretarako, saneamenduetarako eta beste narriadura batzuetarako zuzkiduren atalak apenas izan duen gorabeherarik. LABORAL Kutxaren kreditu-zorroak ez du narriadura-zantzurik izan, eta, beraz, ez da erabili behar izan COVID-19aren ondoriozko kontingentziei aurre egiteko 2020an eta 2021ean egindako 100 milioi euroko aparteko hornidura.

Aurreko partida guztiak kontuan hartuta, zerga aurreko emaitza 69,7 milioi eurokoa da. 4,7 milioiko zerga-karga deskontatu ondoren, 65 milioi euroko irabazi garbi bateratua lortu da kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetara zuzkidura egin aurretik; % 25 handiagoa, beraz.

 

Berankortasuna beherantz

Arriskua kudeatzeko orduan LABORAL Kutxak izan ohi duen zuhurtziari esker, berankortasun-tasa % 2,58ra jaitsi da; horrek esan nahi du 12 hilabetean oinarrizko 45 puntuko murrizketa organikoa izan dela, zalantzazko zorroak hirugarrenei saldu gabe gainera.

Berankortasun-maila apal hori benetan ona da estatuko banku-sektorearen batezbestekoarekin alderatuta; izan ere, maiatzaren amaieran argitaratutako azken datuaren arabera, % 4,08an zegoen batezbesteko hori.

 

Liderra kaudimenean eta likidezia lasaia

Kaudimenaren alorrean, LABORAL Kutxak lehen postuan jarraitzen du bere erreferentziazko merkatuan. Kalitate goreneko kapitalaren CET1 (Common Equity Tier 1) ratioa, finantza-erakundeen sendotasuna erakusten duena, % 21,14koa da eta bat dator entitatearen kaudimen osoaren ratioarekin.

Bestalde, gordailuen eta balantzeko kredituen arteko erlazioak likidezia-egoera lasaia ematen dio LABORAL Kutxari, % 64,10eko LTD (Loans to Deposits) ratioak islatzen duenez. Era berean, epe laburreko likideziaren LCR (Liquity Coverage Ratio) ratioa, entitateak epe laburreko betebeharrei erantzuteko duen gaitasuna ezartzen duena, % 346koa da; hau da, oso urrun dago erreferentzia gisa ezarritako % 100eko ratiotik.

 

Aurrezkiaren bilakaera

LABORAL Kutxak kudeatutako bezeroen aurrezkia nabarmen hazi da, eta 28.500 milioi eurotik gora dago dagoeneko, aurreko urteko epe berarekin alderatuta % 3,4 hazi ostean.

Atalen arabera, balantze barruko baliabideak —hala nola, ageriko kontuak, aurrezki-kontuak eta eperako gordailuak— % 4,6 handitu dira 2021eko ekainekoekin alderatuta, eta bezero partikularretan finkatu da hazkundea.

Balantzetik kanpoko baliabideen atalean, nabarmengarria da bezeroek inbertsio-funtsen alde egiten jarraitu dutela aurrezkia eta inbertsioa bideratzeko. Seihileko honetan erregistratutako harpidetza garbiak % 5,2koak izan dira 2021. urtearen amaierako ondarearekiko, sektorearen batezbestekoa (% 1,9) baino askoz handiagoak. Era berean, handitzen jarraitu du inbertsioak kudeatzeko konfiantza LABORAL Kutxan jarri duten bezeroen kopuruak: entitateak merkaturatzen dituen inbertsio-funtsen partaide-kopurua % 8,9 hazi da ekitaldiaren lehen erdian; sektorearen batezbestekoaren igoera, berriz, bestelakoa izan da, % 2,9koa alegia.

 

Kreditu-inbertsioa

Kreditu-inbertsio osoa 15.614 milioi eurokoa izan da; hau da, urtetik urtera % 3,4ko hazkundea izan du.

Formalizatutako kreditu eta maileguen bolumena handitu egin da, batez ere enpresa-segmentua finantzatzeko jardueraren indarraren ondorioz; izan ere, inbertsioetarako formalizazio berriak % 42 hazi dira 2021eko lehen seihilekoaren itxierakoekin alderatuta. Azpimarragarria da, bereziki, kooperatibarik eta enpresarik handienen segmentuak formalizatutako inbertsio-bolumena, bai eta aktibo zirkulatzailearen finantzaketa-bolumena ere, azken 12 hiletan % 31 hazi baita.

Bestalde, familien finantzaketak hazten jarraitzen du: guztizko saldoak % 1,1 hazi dira eta hipoteka-maileguak % 0,9.

Kontsumorako kredituari dagokionez, formalizazio berrien bolumena % 27,2 hazi da, eta guztizko saldoa % 4, batez ere pandemiak eragindako murriztapenak amaitu direlako eta, ondorioz, kontsumorako joera handitu delako. Atal honetan, hazkundeaz gain, badago nabarmendu beharreko beste datu bat: azken 12 hiletan, kontsumorako maileguen % 55 DISPON modalitatean gauzatu da, epealdian % 30 hazi ostean. DISPONen bidez, entitatearekin lotutako bezeroek berehala eta inolako izapiderik gabe lortzen dute mailegua.

 

Bezeroei zuzendutako zerbitzu digitala

Entitateko bezeroen % 58 bezero digital aktiboak dira dagoeneko, eta, gainera, hirutik batek tresna digitalak erabili ditu bulegoko gestorearekin harremanetan jartzeko, bideokonferentziaren, hormaren edo Online Bankan dokumentuak kudeatzearen bidez.

Online Bankara konektatzeko gailuei erreparatuz, mugikorra da, oraindik ere, gehien erabiltzen dena: bezeroen % 87k gailu horretatik egiten ditu eragiketak.

Ordainketa-zerbitzuetan, azpimarragarria da BIZUM duten bezeroen bilakaera: iaz baino % 6,5 gehiago dira; hain zuzen, bezero digitalen % 55ek du zerbitzu hori.

Orobat, LABORAL Kutxak beste bi aukera eskaintzen ditu mugikor bidezko ordainketarako: Google Pay eta Garmin Pay ordaintzeko sistema azkar, erraz eta seguruak. Merkaturatze horrekin, osatu egin dira lehendik zeuden aukerak: Apple Pay eta mugikor bidezko ordainketarako LK Pay aplikazio propioa.

Zerbitzu digitalen sorta garatzeari buruzko atalean, Banka Pertsonalaren atari berria aipatu behar da. Bezeroaren aholkupeko zorroko inbertsioei buruzko onlineko informazio guztia eskaintzen du, bai eta jarraipeneko txosten osoak ere. Enpresen alorrean, TicketBAI zerbitzu berria jarri da martxan, saltokiek LABORAL Kutxaren Android saltokiko terminalaren bidez kudea ditzaten bezeroei egindako kobrantzak eta fakturazioaren jakinarazpen fiskala.

Zerbitzu horien guztien euskarri, eta bezeroei laguntza digitala emateko aipatutako estrategiarekin bat, asteko egun guztietara zabaldu da Telebanka zerbitzuaren telefono bidezko arreta-ordutegia: 07:00etatik 24:00etara, hain zuzen.

 

Aseguruen negozioa

Aseguruen negozioak 97,2 milioi euroko primak lortu ditu, guztira, 2022ko lehen seihilekoan; hau da, 2021ean baino % 1,2 gehiago. Adarrik garrantzitsuenen artean, autoetan 33,2 milioi euroko primak jaso dira, 2021ean baino % 3 gehiago; etxeko primetan, 23,1 milioi euro lortu dira (% 4,2 gehiago), eta bizitza arrisku indibidualen atalean 18,5 milioi euro (2021ean baino % 1,5 gehiago).

Lehen seihilekoan, aseguruen negozioak 22 milioi euroko emaitza arruntak eman dizkio LABORAL Kutxari, nahiz eta kostu handiagoak izan dituen, inflazioaren eraginez bezero aseguratuei zerbitzuak eman behar izan dizkielako.

 

Konpromisoa jasangarritasunarekin

LABORAL Kutxa aitzindaria izan zen Nazio Batuen Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak sinatzen. Jasangarritasuna ardatz gakoetako bat da Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJHak) betetzeko. Hori dela eta, LABORAL Kutxaren Kontseilu Errektoreak ESGen eremua bultzatzen du irmoki, bezeroei energia-trantsizioan eta deskarbonizazioan laguntzeko.

Epealdi honetan, entitateak hainbat esku-hartze izan ditu: zerbitzu integrala eskaini die jabe-komunitateentzako birgaitze energetikorako eta irisgarritasun inklusiborako proiektuei, energiaren aldetik eraginkorra den etxebizitza berria sustatzeko politika propioa ezarri du, bizikletentzako eta patinete elektrikoentzako finantzaketa-eskaintza berria jarri du abian eta energiaren autokontsumorako kooperatibak sortzea bultzatu du. Entitateak ingurumenarekiko duen konpromisoaren adibide batzuk dira horiek. Bestalde, LABORAL Next zerbitzuaren bidez, enpresei Europako funtsak kudeatzen laguntzen jarraitzen du.

Dagoeneko hasi da jasangarritasun-irizpideak arriskuen gestioan sartzen. Enpresarik handienei ematen dizkien mailegu guztiak ESG irizpideen arabera aztertzen ditu LABORAL Kutxak. Seihilekoan erregistratutako formalizazioen % 73k helburu sozialak betetzen ditu: inklusio ekonomikoa, finantzaketa publikoa eta lan duina. Era berean, kredituen % 10 bat datoz ingurumen-helburu zehatzekin: mugikortasun jasangarriarekin, biodibertsitatearekin eta energia berriztagarriekin.

Halaber, indartu egin da ezaugarri jasangarriak dituzten aurrezki- eta inbertsio-produktuen eskaintza, LK Konpromiso Inbertsio Funtsaren merkaturatzea bultzatuz, entitatea bere bezeroei inbertsio jasangarri eta solidarioen eskaintzan aitzindari gisa kokatzen duena.

 

 

EMAITZA-KONTU BATERATUA (mila €-kotan)

 

2021eko 1. S. 2022ko 1. S. Ald. (%)
INTERESEN MARJINA 122.488 121.224 –% 1
ZERBITZUEN ERRENDIMENDUAK 58.237 64.252 % 10,3
OINARRIZKO MARJINA 180.726 185.477 % 2,6
DIBIDENDUAK, FINANTZA-ERAGIKETEN EMAITZA ETA ABAR 24.910 12.052 –% 51,6
MARJINA GORDINA 205.636 197.528 –% 3,9
ADMINISTRAZIO-GASTUAK ETA AMORTIZAZIOAK 117.354 127.968 % 9
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURAK (+) / ASKAPENAK (–) –8.629 –112 –%
COVID-19AK ERAGINDAKO EZOHIKO ZUZKIDURA 35.400
ZERGA AURREKO EMAITZA 61.511 69.672 % 13,3
IRABAZIEN GAINEKO ZERGAK 9.684 4.656 –% 51,9
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA (*) 51.827 65.016 % 25,5

(*) Kooperatibaren gizarte-ekintzarako funtsetarako zuzkidura baino lehen.

 

 

BESTE MAGNITUDE BATZUK

 

CET 1 (COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA % 21,14
LIKIDEZIA (Loans to Deposits) % 64,10
BERANKORTASUNA % 2,58