Prentsa oharrak
LABORAL KUTXAK 305 MILIOIKO IRABAZI GARBIA LORTU DU 2025EAN
LABORAL Kutxak kaudimeneko lidergoa sendotzen jarraitzen du, eta % 26,22ra igo du CET1 kapital-ratioa
Negozio-bolumena 50.000 milioitik gorakoa izan da orotara
Enpresen finantzaketak % 9 egin du gora, eta formalizatutako eragiketa berrien bolumenak % 33
Bezeroen eperako gordailuak % 7,85 hazi dira
LABORAL Kutxaren inbertsio-zerbitzuek izan duten gorakadaren erakusgarri da inbertsio-funtsetan gestionatutako ondarearen bilakaera, % 25,35 handitu baita
Berankortasunak behera egin du, % 1,98ra arte, eta, beraz, banku-sektorearen % 2,69ko mailaren oso azpitik geratu da
2026ko otsailaren 24a.– Tentsio geopolitiko eta komertzialek baldintzatu dute agertoki globala 2025ean. Nolanahi ere, LABORAL Kutxaren eragin-eremuan ekonomiak tinko eutsi dio, eta erresilientzia eta egonkortasuna nabarmenak izan dira.
Diru-politikaren alorrean, inflazioa apaldu ahala Europako Banku Zentralak (EBZk) interes-tasak jaisten jarraitu du, 2024an hasitako bidetik. Hala, gordailutze-erraztasuna % 2koa izan da ekitaldiaren amaieran. Jaitsiera horiei esker, etxeetako eta enpresetako finantzaketa-baldintzak hobetu egin dira eta, horrela, inbertsioaren ziklo positiboa bultzatu dute.
Testuinguru horretan, LABORAL Kutxak emaitza historikoak hobetzea lortu du, eta 305 milioi euroko irabazi garbi bateratuarekin itxi du 2025eko ekitaldia; horrenbestez, baliabide propioen errentagarritasuna (ROEa) % 12,68ra hazi da.
Jarduera-atal guztien gorakada orekatua izan da ekitaldiaren bilakaera onaren eragilea. Horren ondorioz, baterako negozio-bolumena 50.000 milioitik gorakoa izan da: beste mugarri bat entitatearentzat. Bezeroen baliabide kudeatuak % 7,8 handitu dira. Bereziki nabarmendu da aurrezki-inbertsioko produktuetaranzko dibertsifikazio gero eta handiagoa; horren barruan, inbertsio-funtsen gestiopeko ondarea % 25,35 hazi da. Bestalde, kreditu-inbertsioaren saldo garbia % 6,46 handitu da, ekitaldian familiei eta enpresei emandako maileguen gorakadaren ondorioz.
Era berean, MONDRAGONeko kreditu-kooperatibak beste errekor bat lortu du, sektorean, kaudimenari dagokionez: % 26,22ra iritsi den CET1 ratioa lortu du. Gainerako finantza-adierazle nagusiak sendo ageri dira. LABORAL Kutxak likidezia-egoera hobetu du —LTD ratioaren ehunekoa % 66,17ra iritsi da—, bai eta kreditu-kalitatea ere —berankortasun-tasa % 1,98ra jaitsi da—.
Emaitza-kontua
2025eko emaitza-kontuan pisu handia du, oraindik ere, ohiko banku-negozioak. Kooperatibaren diru-sarrera nagusiak aurrezkiaren eta kredituaren arteko bitartekaritzaren ondoriozkoak dira, orain arte bezala. Interes-marjina 574,13 milioi eurokoa da, 2024ko datuarekin alderatuta % 10,6 jaitsi ondoren; izan ere, mailegu-formalizazioen hazkunde handiek bolumen-efektua eragin duten arren, horrek ez du konpentsatu interes-tasa ofizialetan eta merkatuko tasetan urtean egin diren murrizketek sorrarazitako prezio-efektua.
Errentagarritasun-eredua indartzeko LABORAL Kutxak darabilen dibertsifikazio-estrategia berretsi egin da, ebidentzia nabariak tarteko, aurreko ildoari jarraikiz. Komisio garbiek % 2,87 egin dute gora, eta 141,13 milioi eurora iritsi dira, inbertsio-zerbitzuen bultzadari esker. Horiek konpentsatu egin dute entitatearekin lotura duten bezero guztiei ezarri zaien komisioen salbuespen orokorrak eragindako diru-sarreren jaitsiera. Ondorioz, oinarrizko marjina 715,27 milioikoa izan da; 2024ko datuarekin alderatuta % 8,2 murriztu da, beraz.
Bestalde, marjina gordinean adierazten denez, entitatearen diru-sarreren multzoak bilakaera positiboa izan du, eta 758,24 milioira iritsi da; beraz, % 0,64 egin du gora 2024ko abenduko datuarekin alderatuta. Atal horretan, bi alderdi nagusi nabarmendu dira: batetik, finantza-eragiketen minusbalioen eragin txikiagoa eta, bestetik, aseguru-negozioaren ekarpenaren goranzko joera.
Gainerako kontu-sailei dagokienez, ekitaldiko gastu eta amortizazioak 343,02 milioikoak izan dira, % 10,2 handitu ondoren. Gastuen banakapenean zehazten denez, pertsonal-deribatuak % 9,5 hazi dira, inflazioaren ondorioz eta LABORAL Kutxako plantillaren bilakaera positiboa dela eta (71 langile gehiago izan dira ekitaldian). Ildo beretik, administrazio-gastuak % 11,4 handitu dira, erakundearen agenda eraldatzailean aurreikusitako proiektu estrategikoak garatzeko egiten ari diren inbertsio nabarmenen ondorioz.
Zuhurtziarik handieneko irizpideen arabera jardun arren —etorkizuneko arrisku geopolitikoei aurre egiteko 72 milioi euroko estaldura berezi berria egitea, adibidez—, entitatearen mailegu-zorroaren kalitatea tarteko, % 49,57 egin dute behera horniduretarako, saneamenduetarako eta beste narriadura batzuetarako zuzkidurek, urteko konputu garbia 59,46 milioikoa izanik. Aurreko guztiaren ondorioz, LABORAL Kutxak lortutako zerga aurreko emaitza bateratuak 355,76 milioikoak izan dira. Zergetan ordaindutako 50,51 milioiak kontabilizatu ondoren, 2025eko irabazi garbi bateratua % 11,18 handitu da, 305,24 milioi euroraino, kooperatibaren gizarte-ekintzaren funtsetara zuzkidura egin aurretik.
Lidergoa kaudimenean eta likidezia ona
Ekitaldiz ekitaldi, LABORAL Kutxak balantzea indartzen jarraitu du arriskuekiko kapital-maila handiagoekin, eta kaudimenaren alorrean liderra izaten jarraitzen du, lehiakide nagusien aldean berriro ere nabarmendu ondoren. Kalitate goreneko kapitalaren CET1 (Common Equity Tier 1) ratioak goranzko bidean jarraitu du, eta % 26,22ra iritsi da, entitatearen guztizko kaudimena neurtzen duen ratioarekin bat.
Orobat, likidezia-egoera lasaia izaten jarraitzen du entitateak. LTD (Loans to Deposits) ratioaren ehunekoa % 66,17raino handitu da; hau da, merkatu-finantzaketarekiko mendekotasuna saihestu da. Bestalde, epe laburreko LCR (Liquity Coverage Ratio) likidezia % 572,30era heldu da, arautzaileak ezarritako gutxieneko maila (% 100ekoa) aise boskoiztu ondoren.
Berankortasuna beherantz
LABORAL Kutxak hurbiltasuneko ereduaren alde egiten du, bezeroekiko etengabeko harremana sustatzeko eta arriskuen jarraipen hobea egiteko aukera ematen baitu. Egoera jakin batzuk goiz detektatuz gero, konponbideak aurreratu daitezke eta, hein handi batean, balizko narriadurak saihestu. Horrenbestez, entitatearen berankortasun-tasak organikoki behera egiten jarraitu du, eta % 1,98koa izan da ekitaldiaren amaieran. Datu hori sektorearen batez bestekoaren oso azpitik dago (% 2,69koa zen azaroan), zalantzazko zorroak hirugarrenei saldu beharrik gabe.
Horrez gain, etorkizuneko balizko narriadurei aurre egiteko zuhurtziaz esleitu diren funtsen ehunekoarekin ere indartu egin da balantzearen kalitatea; izan ere, estaldura-tasa % 111,57an kokatu da, eta ekitaldian metatutako arriskuaren kostua % 0,27an —datu hori sektoreko % 0,87ko batez bestekoa baino askoz hobea da—.
Aurrezkiaren bilakaera
Familien eta enpresen aldetik erakarritako aurrezkiek goranzko joerari eutsi diote azken ekitaldietan. Baliabide bitartekotuak 33.913 milioi eurora iritsi dira 2025aren bukaeran, errekor berria ezarriz. Ekitaldian, 2.449 milioi euroko hazkundea izan dute, 2024an baino % 7,8 handiagoa.
Atalen arabera, balantze barruan jasotako familien eta enpresen baliabideek % 3,38 egin dute gora. Aurrezkia ageriko kontuetatik eperako gordailuetara bideratu dela nabaritu da, entitateak ezarritako eperako gordailuen ordainsari-politika erakargarriaren ondorioz. Hala, eperako gordailuek % 7,85eko hazkundea izan dute.
Balantzetik kanpo gestionatutako baliabideen barruan, LABORAL Kutxako bezeroek inbertsio-zerbitzuekiko konfiantza erakutsi dute, eta hori agerikoa izan da batez ere inbertsio-funtsen atalaren bilakaeran: gestiopeko ondareak 1.570 milioi euroko gorakada izan du, % 25,35ekoa, sektoreko batez besteko hazkundearen bikoitza.
Datu horrek LABORAL Kutxaren inbertsio-zerbitzuen dinamismoa adierazten du; izan ere, gestiopeko ondareak % 50eko hazkundea metatu du azken bi ekitaldietan. Horrenbestez, CL Gestiónek, LABORAL Kutxaren gestoreak, 7.100 milioi eurotik gorako ondarea kudeatzen du dagoeneko, eta, ondorioz, Estatuko 12 gestorerik garrantzitsuenen artean dago.
Era berean, inbertsio-produktuetako aurrezkiaren zenbateko osoari erreparatuta —BGAEak, pentsio-planak eta bizi- eta aurrezki-aseguruak barne—, multzoak bultzada handia izan du, % 19,79 hazi baita urtean. Horrenbestez, atal honetan, 10.000 milioi euroko langa gainditu da 2025ean.
Familien eta enpresen inbertsioa
LABORAL Kutxa ingurunearen aurrerabidearekin konprometituta dago. Ildo horretan, aurrera daramatzan jardueren artean dago, besteak beste, familiak eta enpresak baldintzarik onenetan finantzatzea.
Abenduaren 31n erregistratutako kreditu-inbertsioa 16.101 milioi eurokoa izan da; hau da, % 6,5eko gorakada izan du aurreko ekitaldiko datuarekin alderatuta. Ehuneko hori hobea da Estatuko finantza-sektoreko kreditu gordinaren bilakaera orokorra baino; hain zuzen, azaroaren amaieran % 3,74ko hazkundea izan zuen saldoen urteko bilakaeran.
Kreditu-eskariaren gorakada agerian geratu da ekoizpen berriaren erritmo handian; izan ere, zorraren murrizketa-erritmoa nabarmen gainditu du, eta, horren ondorioz, hipoteka-zorroaren saldo bizia % 4,7 hazi da 2025ean, sektorearen % 3,67aren aldean. Beraz, familiek harrera ona egin diote LABORAL Kutxaren proposamenari, eta hipoteka berrien formalizazioak bilakaera konparatibo oso ona izan du, sinatutako hipoteken kopuruak % 27,9 egin baitu gora urtean.
Abantailazko lehia-posizioaren adierazgarri izan da, bereziki, bezerorik gazteenen erantzun positiboa: tasa finkoko hamar hipoteketatik lau 35 urtetik beherako bezeroei eman zaizkie.
Bestalde, kontsumorako finantzaketaren negozioak ekitaldi positiboa itxi du; hain zuzen, saldo garbiak % 3,8 hazi dira, emakida berrien bolumenean izandako % 5,7ko hazkundeari esker.
Merkataritzaren alorrean, LABORAL Kutxak buru-belarri dihardu enpresan espezialista diren 100 gestore baino gehiagoren eta bulego-sare osoaren bultzadarekin. Enpresa-sarera bideratutako mailegu eta kreditu berrietan formalizatutako zenbatekoa % 33 handitu da 2024ko datuarekin alderatuta, eta aurreko ekitaldietako inertzia ona bizkortu da horrela. Hazkunde horien oinarrian segmentu guztien dinamika positiboa dago —negozio txikiena, ETE-ena zein enpresa handiena—, haien kreditu saldoak % 9 handitu baitira guztira.
Enpresentzako produktu berriei dagokionez, azpimarragarria da ordainketak finantzatzeko LKASH zerbitzu berria plazaratu dela. Enpresen ohiko jarduerari lotutako ordainketak (fakturak, nominak, zergak eta abar) malgutasunez eta berehala finantzatzeko aukera ematen du.
Autonomoen eta negozio txikien segmentuan, berriz, martxan jarri diren hiru programa berri nabarmendu dira: LOKALIA, LEGADO eta TRANSFORMA; tokiko merkataritza, negozioetako belaunaldi-txandaketa eta gizarte-ekonomia sustatzea dute xede, hurrenez hurren.
Aseguruen negozioa
2025eko ekitaldian, aseguruen arloan, 300.000 bezeroren langa gainditzea lortu du LABORAL Kutxak. Primak 202,3 milioi eurokoak izan dira guztira, urtetik urtera % 1,9 hazi ondoren. Auto-aseguruak nabarmendu dira, 76 milioi euroko bolumenarekin, eta baita etxe-aseguruak ere, 57,5 milioi eurorekin.
LABORAL Kutxak bezeroei eskaintzen dien aseguru-sorta zabalaren barruan, azpimarragarria da gazteentzako bidaia-aseguruen eskaintza —aisialdi- eta ikasketa-bidaietarako berariazko soluzioak jartzen dizkie eskura—. Era berean, aipagarriak dira ibilgailu pertsonal arinen —patinete elektrikoak, bizikletak eta abar— erabiltzaileentzako aseguruak: 2025ean, mota horretako 3.500 poliza sinatu ziren, 2024an baino % 30 gehiago.
Eraldaketa digitala
Kontratu digitalak LABORAL Kutxaren kontratu guztien % 30era iritsi dira jada.
Era guztietako gestioetarako proposamen hibridoak (zerbitzu digitala eta aurrez aurrekoa uztartzen dituenak) harrera ona izaten jarraitzen du. Dagoeneko, bezero guztien artean, bezero digitalak dira % 70, aurreko urtean baino % 6 gehiago. Bezero digitalen % 46 urrutitik jartzen da harremanetan bulegoko gestorearekin, dokumentuak irakurri edo sinatzeko eta bilera telematikoak egiteko. Ildo beretik, bezero digitalen % 95ek mugikorra erabiltzen du Online Bankan kontsultak eta eragiketak egiteko.
Ordainketen alorrean, telefono adimendunak gero eta gehiago erabiltzen dira saltokietan erosketak ordaintzeko. 2025eko balantzean, saltokietan aurrez aurre egindako ordainketa guztien % 27 mugikor bidez burutu dira, entitateak mugikor bidezko ordainketarako gaituta dituen soluzioak erabiliz: LK Pay, Google Pay, Apple Pay eta Garmin Pay.
Jasangarritasuna
Jasangarritasuna kreditu-kooperatibaren jarduera osoaren berezko ezaugarria eta ardatza da. Pompeu Fabra unibertsitatearen arabera, Estatuko finantza-erakundeen artean LABORAL Kutxa dago lehenengo postuan, asmodun banku-jarduera arduratsuaren kategorian. Balioak dituen banka etikoko munduko elkarte nagusia den Global Alliance for Banking on Values (GABV) erakundearen estandarrak hartu dira kontuan sailkapena egiteko. Elkarte horrek gardentasunaren alorrean eman daitekeen puntuaziorik onena (89/100) eman dio entitateari, eta bezeroekiko hurbiltasunean 100/100.
Gizartearen alorrean, xede soziala duten merkataritza-maileguen gorakada nabarmendu da; izan ere, hezkuntza, osasuna, gizarteratzea eta kultura helburu dituzten maileguetan, hirukoiztu egin dira aurreko urteko zenbatekoak. Finantza-hezkuntzaren atalari erreparatuta, boluntariotza korporatiboaren proiektuaren lehen ezarpen-urtean, LABORAL Kutxako pertsonen % 6k baino gehiagok boluntario-lana egiten du eragin biderkatzaile handia duten askotariko ekimenetan. Adibidez, urtean zehar 9 lantegi egin dira eta horietan 600 gazte inguruk hartu dute parte. LABORAL Kutxak finantza-hezkuntzarekin (batez ere gazteei bideratutakoarekin) duen konpromisoari esker gauzatu dira ekimen horiek.
Azkenik, ingurumenarekin lotura zuzena duten alderdiei dagokienez, entitateak dagoeneko martxan ditu bere energia-kontsumoaren % 50en baliokidea ekoizten duten energia-berriztagarriko proiektuak. Klima-aldaketari aurre egiteko ildo beretik, 2024an etxebizitzak birgaitzen eta komunitateen eremuan energia-efizientzia handiagoa lortzen laguntzeko bulegoa jarri zuen abian entitateak. 2025ean bikoiztu egin dira helburu horrekin emandako finantzaketaren bolumena eta egindako birgaitze-jarduketen kopurua.
EMAITZA-KONTU BATERATUA (mila €-kotan)
| 2024 | 2025 | Ald. % | |
| INTERESEN MARJINA | 641.930 | 574.131 | –% 10,56 |
| KOMISIOAK | 137.201 | 141.133 | % 2,87 |
| OINARRIZKO MARJINA | 779.131 | 715.264 | –% 8,20 |
| DIBIDENDUAK, FINANTZA-ERAGIKETEN EMAITZA ETA BESTELAKOAK | -25.678 | 42.975 | –% 267,36 |
| MARJINA GORDINA | 753.453 | 758.239 | % 0,64 |
| ADMINISTRAZIO-GASTUAK ETA AMORTIZAZIOAK | 311.319 | 343.024 | % 10,18 |
| HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURAK (+) / ASKAPENAK (–) | 117.892 | 59.457 | –% 49,57 |
| ZERGA AURREKO EMAITZA | 324.241 | 355.758 | % 9,72 |
| MOZKINEN GAINEKO ZERGAK | 49.697 | 50.515 | % 1,65 |
| EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA(*) | 274.544 | 305.243 | % 11,18 |
(*)Kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetarako zuzkiduraren aurretik.
BESTE MAGNITUDE BATZUK
| CET 1 (COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA | % 26,22 |
| LIKIDEZIA (Loans to Deposits) | % 66,17 |
| BERANKORTASUNA | % 1,98 |

