Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK 222 MILIOIKO ZERGA ONDORENGO IRABAZIA LORTU DU 2023AN

  • Beste urtebetez, bere merkatuko entitaterik kaudimendunena da LABORAL Kutxa, % 23,85eko CET1 kapital-ratioarekin

  • Formalizatutako hipoteka-maileguen bolumena % 37,4 handitu da, eta enpresetara bideratutako maileguena, berriz, % 6,8

  • Epe finkorako gordailuen bolumena asko hazi da, % 130eko gorakada izan baitu

  • Inbertsio-funtsen ondareak % 35,73 egin du gora, eta aurreikuspen-erakunde eta pentsio-planenak, % 9,10

 

 

 

2024ko otsailaren 19a.–2023ko protagonista ekonomiko nagusia inflazioa izan da, bai eta, horren ondorioz, banku zentralek inflazioa geldiarazteko hartu dituzten neurriak ere. 2022ko uztailetik tasak 10 aldiz igo ondoren, Europako Banku Zentralak % 4,5ean kokatu du finantzaketa-eragiketa nagusien interes-tasa, eta horrela jarraitzen du joan den irailetik, inflazio-mailak % 2 ingurura noiz itzuliko zain.

Banku-negozioaren esparruan, diru-politikaren aldaketak finantza-erakundeen ustiapen-kontuen marjina zabaltzea ekarri du. Orobat, LABORAL Kutxak igoera nabarmenak lortu ditu bere negozio-eremu nagusietan ere, bai familiei eta enpresei emandako kredituen atalean, bai aurrezkiaren atalean.

Testuinguru ekonomiko horren eta ekitaldiko bultzada komertzialaren ondorioz, LABORAL Kutxak 222,7 milioi euroko zerga ondorengo irabazi bateratuekin itxi du 2023. urtea; horrenbestez, baliabide propioen errentagarritasuna (ROEa) % 10,78ra igo da. Emaitza on horiei esker, LABORAL Kutxak berretsi egin du bere posizio sendoa, eta erakunderik kaudimendunena izaten jarraitzen du, arrisku-politika egokia, kapitalizazio-maila handia eta likidezia-posizio lasaia dituelako.

Hortaz, 2023an zehar, balantzea are gehiago indartzea lortu du LABORAL Kutxak, kaudimenari dagokionez, eta CET1 ratio liderra du, % 23,85eraino igo ondoren; hori dela eta, alde nabarmena ateratzen die bere eragin-merkatuan lehiatzen diren erakunde guztiei. Halaber, MONDRAGONeko kreditu-kooperatibak hobetu egin du bere likidezia-egoera ere; hain zuzen, % 66,28koa da, LTD (Loans to Deposits) ratioaren arabera. Bestalde, entitateak kreditu-kalitate bikainari eusten dio; izan ere, zalantzagarritasun-tasa egonkorra du, % 2,70ekoa, eta ez da inolako narriadura-zantzurik hautematen.

 

Emaitza-kontua

Emaitza-kontuak ohiko banku-negozioaren fluxua berreskuratu du. Aurrezkia eta kreditua lotzen dituzten diru-sarrera errepikariek hazkunde nabarmena izan dute, eta ekitaldiko emaitzen iturri nagusia dira.

Interes-marjina 558,87 milioi eurokoa izan da, tasen kurbari —batez ere, kreditu-zorroari eragiten dio— eta entitatearen altxortegi korporatiboak egindako finantza-inbertsioei esker.

Urteko hamabi hilabeteetan, handiagoa izan da eragiketa-jarduera, bereziki adierazgarria ordainbideen eremuan. Horren eraginez, eta bezeroek aurrezki-inbertsioko produktuak nahiago izan dituztelako, komisio garbiak % 3,98 handitu dira. Ondorioz, oinarrizko marjina 690,06 milioikoa izan da; hau da, aurreko ekitaldian baino % 69,58 handiagoa.

Bestalde, marjina gordina 599,42 milioikoa izan da; hots, % 33,73 handiagoa, nahiz eta dibidenduen atalean eta finantza-eragiketen emaitzan 90,6 milioiko inpaktu negatiboa izan, zor publikoaren tituluak saltzeko eta erosteko eragiketa lotuak egin zituelako ekitaldian, datozen urteetan diru-sarreren fluxu handiagoa bermatzeko.

Gainerako kontu-sailei dagokienez, ekitaldiko gastuak eta amortizazioak 275,61 milioikoak izan dira, eta % 4,17ko gorakada izan dute; izan ere, inflazioak eragin die, bai eta entitatearen eraldaketa-agendaren arabera garatzen ari diren proiektu estrategikoak gauzatzeko egindako inbertsio handiak ere.

Mailegu-zorroan narriadura-zantzurik ez dagoen arren, hornidura, saneamendu eta beste narriadura batzuetarako zuzkidurak 66,53 milioi eurokoak izan dira, entitatearen zuhurtziarik handieneko irizpideekin bat.

Aurreko guztiaren ondorioz, LABORAL Kutxak lortutako zerga aurreko emaitza bateratuak 257,27 milioikoak izan dira. Zergetan ordaindutako 34,53 milioiak (% 87,8 gehiago) kontabilizatu ondoren, 2023ko irabazi garbi bateratua % 47,99 handitu da, 222,73 milioi euroraino, kooperatibaren gizarte-ekintzaren funtsetara zuzkidura egin aurretik.

 

Lidergoa kaudimenean eta likidezia ona

Ekitaldiz ekitaldi, LABORAL Kutxa lehen postuan dago kaudimenaren alorrean bere erreferentziako merkatuan, lehiakide dituen erakundeenak baino datu nabarmen hobeekin. Kalitate goreneko kapitalaren CET1 (Common Equity Tier 1) ratioak goranzko bidean jarraitu du, eta % 23,85era iritsi da, entitatearen guztizko kaudimena neurtzen duen ratioarekin bat.

Orobat, likidezia-egoera lasaia izaten jarraitzen du LABORAL Kutxak. LTD (Loans to Deposits) ratioak ehuneko handia islatzen du, % 66,28koa; hau da, merkatu-finantzaketarekiko mendekotasuna saihestu da. Epe laburreko LCR (Liquidity Coverage Ratio) likidezia % 439,08koa da; datu hori oso garrantzitsua da gaur egungo banku-testuinguruan. Arautzaileak agintzen duen gutxieneko maila % 100ekoa da.

 

Berankortasun kontrolatua

LABORAL Kutxak hurbiltasun-eredu bat du bereizgarri, eta horrek bere arriskuen bilakaeraren jarraipen eta kudeaketa hobea egiten laguntzen dio; izan ere, horri esker, errazagoa da egoera problematikoak goiz detektatzea eta adostutako konponbideak bilatzea, eta, beraz, kreditu-zorroaren narriadura neurri handiagoan saihestea.

Ondorioz, entitatearen berankortasun-tasa % 2,70ean egonkortuta dago, banku-sektorean azaroan zegoen % 3,45aren azpitik, eta ez da ebidentzia negatiborik hautematen haren urteko bilakaeran. Halaber, balantzearen kalitatea indartu egin da, entitateak etorkizunean gerta daitezkeen narriaduretatik babesteko esleitutako funtsen ehunekoari esker; estaldura-tasa % 88,12raino igo da.

 

Aurrezkiaren bilakaera

LABORAL Kutxak kudeatutako bezeroen baliabideak 29.205 milioi eurokoak izan dira urtearen amaieran, eta 769 milioi euro handitu dira 2023ko ekitaldian; % 2,71, alegia.

Atalen arabera, familien eta enpresen balantzearen barruko baliabideak —ageriko kontuak, aurrezki-kontuak eta eperako gordailuak— % 3,11 txikitu dira orotara. Balantzetik kanpoko figurek, ordea, gorakada handia izan dute, % 25,06koa, alegia.

Gordailuei dagokienez, interes-tasen bilakaerak bezeroen aurreikuspenak betetzea ahalbidetu du. Urtearen hasieratik, epe finkoko gordailuen eta beste aurrezki-figura batzuen ordainsaria berreskuratu da, pixkanaka, entitateko bezero guztientzat: interes-tasak nabarmen handitu dira, eta aurrezki-produktu gehigarriak aktibatu. Horrenbestez, epe finkoko gordailuek hazkuntza handia izan dute: % 130ekoa.

Eta, balantzetik kanpoko figurei dagokienez, LABORAL Kutxak inbertsio-aukera ugari proposatzen jarraitu du. Bezeroek euren aurrezkien zati bat inbertsio-funtsetara bideratzen jarraitu dute. Handia izan da funts horien harpidetza-erritmoa, eta, ondorioz, abenduaren 31n % 35,73ra iritsi da ondarearen hazkundea. Invercok argitaratutako datuen arabera, LABORAL Kutxako bezeroek 2023an inbertsio-funtsei egindako ekarpen garbiak sektoreko ekarpen guztien % 6,07 izan dira; hori dela eta, Estatuko rankingeko 6. postuan dago entitatea. Bestalde, erretirorako aurrezteko produktuek —besteak beste, BGAEak eta pentsio-planak— % 9,10eko hazkundea izan dute ekitaldiaren amaieran.

 

Familien eta enpresen inbertsioa

Abenduaren 31n erregistratutako kreditu-inbertsioa 14.989 milioi eurokoa izan da; hau da, % 1,39ko beherakada izan du aurreko ekitaldiko datuarekin alderatuta. Dena den, ehuneko hori hobea da Estatuko finantza-sektoreko kreditu gordinaren bilakaera orokorra baino; hain zuzen, azaroaren amaieran % 3,78ko jaitsiera izan zuen saldoen urteko bilakaeran, kreditu-emakida berriek, oro har, ez baitute lortu zordunketa-erritmoa konpentsatzea.

LABORAL Kutxak bere gain hartzen du konpromiso fundazionala; bere jarduera garatzen duen erkidegoen garapenean laguntza ematea, hain zuzen ere. Anbizio hori, besteak beste, inguruko familiei eta enpresei laguntzea da. Asmo hori oinarri hartuta, Gobernuak sustatutako hipoteka-zordunak babesteko jardunbide egokien kodea sinatu zuen kooperatibak, eta, joan den ekitaldiaren hasieran, defentsa-perimetroa zabaltzea erabaki zuen, aparteko arintze-neurri batzuk ezarriz balizko zailtasun-egoerak konpontzeko. Hipoteken esparruan, 60.000 familiak baino gehiagok izan dute aukera lasaitzeko abantaila esklusiboak aktibatzeko, hala nola kuota-murrizketak, kapital-gabeziak eta % 0ko maileguak.

Hortaz, merkatua uzkurtzen ari dela eta interes-tasak altuak direla kontuan hartuta, familiek ontzat jo dute LABORAL Kutxaren hipoteka-proposamena. 2023an formalizatutako hipoteka-mailegu berrien kopurua nabarmen handitu da: emandako maileguen bolumenak % 37,4 egin du gora, eta aurten kontratatutako hipoteka berrienak, % 30. Hala eta guztiz ere, saldo garbiak egonkor jarraitu du, ekitaldi osoan zehar amortizazio ugari erregistratu direlako.

Bestalde, kontsumorako finantzaketaren negozioak ekitaldi positiboa itxi du; hain zuzen, saldo garbiak % 2,6 hazi dira. Emakiden kapituluan, nabarmentzekoa da eragiketen % 90 eta maileguen % 80 aurrez emandako DISPON produktuaren bidez gauzatu direla. Produktu horretan, bezeroak berak kudeatzen ditu, autonomiaz eta berehala, maileguaren eskaera eta emakida, gestorearekin hitz egin eta bulegora joan beharrik gabe.

Merkataritzaren alorrean, 2023an enpresa-sarera bideratutako mailegu eta kreditu berrietan formalizatutako zenbatekoak % 6,8ko igoera izan du aurreko ekitaldiaren aldean.

Azken urteotan, LABORAL Kutxak orientazio estrategiko bat ezarri du enpresa ertain eta handien segmentuan duen presentzia handitzeko. Merkataritza-dinamika horren ondorioz, alor horretako kreditu-inbertsioaren saldo biziak % 8,7ko gorakada izan du urtetik urtera, eta, beraz, are gehiago finkatu da azken ekitaldietako bilakaera positiboa.

Halaber, enpresa txikien beharrei eta gizarte-ekonomiaren eremuari erantzuteko lehentasunezko jarduerekin ere jarraitu du entitateak. Joan den azaroan, LABORAL Kutxak eta Europako Inbertsio Funtsak (EIF, ingelesezko sigletan) 145 milioi euro bideratzea erabaki zuten, gizarte-ekonomiaren, ekintzaileen eta mikroETE-en garapena bultzatzeko. Maileguak bi ildo espezifikoren bidez bideratuko dira: 75 milioi EIFen gizarte-lerroaren bidez, gizartean eragin positiboa duten gizarte-enpresek sustatutako proiektuei maileguak eta kreditu-kontuak emateko; eta 70 milioi —EIFen mikrokreditu-lerroaren barruan— ekintzaileentzat, profesional autonomoentzat eta mikroETE-entzat; 50.000 euro bitarteko maileguen bidez, finantzaketa lortu ahal izango dute.

 

Aseguruen negozioa

Aseguruen negozioak 39,4 milioi euroko emaitza arrunt orokorrak lortu ditu 2023an, 2022an baino % 11 handiagoak. Kalkulua egiteko, IFRS17 araua erabili da lehen aldiz.

Bizitzakoak ez diren aseguruen ataleko primak 134,8 milioi eurokoak izan dira, guztira; hau da, urtetik urterako hazkundea % 8,9koa izan da. Auto-aseguruen bolumena 71,9 milioi eurokoa izan da, % 11,9 handiagoa, eta etxe-aseguruen kontratatutako guztizko bolumena 48,7 milioi eurokoa, aurreko ekitaldian erregistratutakoa baino % 7,1 handiagoa.

Bestalde, bizitza-aseguruen ataleko primak 59,2 milioi eurokoak izan dira, guztira; hau da, % 3 handiagoak. Arrisku indibidualeko bizitza-aseguruak nabarmentzen dira, % 10,5 hazi baitira, 38,8 milioi euroraino.

Auto- eta etxe-aseguruetan, ezbehar-tasak gora egin du 2022ko datuekin alderatuta, maiztasunari zein kostuari dagokienez. Gainera, aipatzekoa da 2023an gertaera klimatologiko kaltegarri handiak gertatu direla —kazkabarra eta abar—; horrek 6.000 pertsonari baino gehiagori ondasunak konpontzea edo kalte-ordainak ordaintzea ekarri du.

ESGen eremuan, produktu jasangarri berriak garatu dira, gobernantza-prozedurak egokitu dira eta Etshi zigilua (kalitate etikoaren eta solidarioaren bereizgarria) duen ziurtagiria lortu da, etxearen, bizitzaren eta istripuen adarretako hainbat produktutan.

 

Eraldaketa digitala

LABORAL Kutxak zerbitzu hibridoaren estrategia garatzen jarraitzen du. Arreta digitala eta bulegoetako presentziala bateratzen ditu, askotariko gestioak egiteko, eta onarpen-maila handia du bezeroen aldetik. Ildo horretan, LABORAL Kutxako bezeroen % 60k baino gehiagok profil digitala du dagoeneko, eta ia % 40k nahiago du bere bulegoko gestorearekin harreman digitala izan, bai MEET tresnaren, bai hormaren —ingurune digitalean dokumentuak partekatzeko aukera dago—, bai bideokonferentzia bidez. MEET bidezko jarduera, zehazki, % 33 hazi da 2023an.

Maila kualitatiboan, ekitaldian zehar martxan jarri diren irtenbide digitalez eta adingabeentzako ordainbideez gain, online sistema berria ezarri da enpresa bezeroentzat: fitxategiak sortu eta transmititzeko kudeaketa-ingurune berri bat.

 

Jasangarritasuna

Joan den mendearen erdialdean sortu zenetik, LABORAL Kutxaren jarduera osoaren ezaugarri bat izan da jasangarritasuna. Horixe berretsi zuen Nazio Batuen Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak sinatu zituenean. Printzipio horiek finantza-sistemaren konpromisoak eta erantzukizunak ezartzen dituzte, etorkizun jasangarri bat lortzen laguntzeko, garapen jasangarriko helburuekin (GJHekin) eta klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioekin bat etorriz.

Konpromiso horiek barneko eta kanpoko hainbat eremutan gauzatzen dira. Esate baterako, kreditu-inbertsioari dagokionez —kooperatibaren jarduera nagusia—, guztizko saldo biziaren % 46,4 (ia 7.000 milioi euro) bideratzen da ESG ingurumen- eta gizarte-irizpideen arabera jasangarritzat kalifikatutako finantzaketara. Horren barruan, izaera soziala da nagusi: arrazoizko prezioko etxebizitzak, ETEak eta kooperatibak, udalerri txikietako jarduerak, estatuz azpiko finantzaketa publikoa eta abar. Ingurumenaren arloan, inbertsio biziaren saldoa % 25,3 hazi da urtetik urtera, 1.907 milioi euroraino. Inbertsio hori energiaren aldetik eraginkorra den hipoteka-finantzaketarako erabili da batik bat, bai eta energia berriztagarriak, mugikortasun iraunkorra, ekonomia zirkularra eta biodibertsitatearen hobekuntza finantzatzeko ere. 2023an, merkataritzaren alorrean formalizatutako ESG finantzaketa 874 milioi eurokoa izan da guztira. Diru-kopuru hori enpresen eragiketa nagusiak finantzatzera bideratu da.

 

 

EMAITZA-KONTU BATERATUA (mila €-kotan)

 

  2022 2023 Ald. %
INTERESEN MARJINA 280.765 558.876 % 99,05
KOMISIOAK 126.173 131.189 % 3,98
OINARRIZKO MARJINA 406.938 690.065 % 69,58
DIBIDENDUAK, FINANTZA-ERAGIKETEN EMAITZA ETA BESTELAKOAK 41.307 –90.637
MARJINA GORDINA 448.245 599.428 % 33,73
ADMINISTRAZIO-GASTUAK ETA AMORTIZAZIOAK 264.588 275.616 % 4,17
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURAK (+) / ASKAPENAK (–) 14.756 66.536 % 350,91
ZERGA AURREKO EMAITZA 168.901 257.276 % 52,32
IRABAZIEN GAINEKO ZERGAK 18.391 34.538 % 87,80
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA(*) 150.510 222.738 % 47,99

(*)Kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetarako zuzkiduraren aurretik.

 

               

BESTE MAGNITUDE BATZUK

 

CET 1 (COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA % 23,85
LIKIDEZIA (Loans To Deposits) % 66,28
BERANKORTASUNA % 2,70