Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK 121,4 MILIOIKO MOZKIN GARBIA IZAN DU 2017AN, AURREKO URTEAN BAINO % 9,1 HANDIAGOA

  • Formalizatutako enpresetako kreditu-inbertsioak % 12,5 egin du gora eta emandako hipoteka-maileguek % 10,2
  • Berankortasun-tasa % 5,09koa da, sektorearen batez besteko % 7,85eko tasa baino nabarmen txikiagoa 
  • LABORAL Kutxa kaudimen-posizio onagatik nabarmendu da, % 18,14ko CET1 phased in ratioa lortuta

 

2018ko otsailaren 21a.- 2017. urtean, ekonomia globalaren adierazle nagusiek bizkortze-bidea hartu dute. Aldeko testuinguru horretan, LABORAL Kutxak % 9,1 hobetu du mozkin bateratua aurreko ekitaldiko datuekin alderatuta. Hain zuen, 121,4 miloi eurokoa izan da.

Ekonomiaren bilakaera ona izan arren, marjinen murrizketa nabarmena da oraindik ere finantza-negozioan, aktiboen errentagarritasun apalaren eta pasiboen batez besteko kostuaren geldialdiaren eraginez. Hala ere, entitatearen errentagarritasunak hobera egin du eta % 7,53ko mailara iritsi da baliabide propioei dagokienez (ROE).

Emaitza onak lortzeko bidean erabakigarria izan da merkataritza-jardueraren dinamismo handiagoa. Horrela, negozioaren atal batzuetan formalizazio berrien erritmoa biziagotu egin da ustiapen-gastuak areagotu gabe; izan ere, gastuok % 2,5 egin dute behera. Azpimarragarria da, halaber, negozioa handitzearekin batera, arriskuaren gestio egokia egin dela, eta, ondorioz, berankortasun-ratioa apala dela (% 5,09koa). Era berean, euskal kreditu-kooperatibak eutsi egin die lasaitasunezko ohiko likidezia mailei (LTD % 78,1) eta nabarmen sendoa den kaudimenari (CET1 % 18,14).

 

 

Emaitza-kontua

Merkatuko interes-tasek zero kotan jarraitzen dute, eta balio negatiboetara ere iritsi dira. Ezohikoa eta jarraitua izaten ari den egoera horren ondorioz, interesen marjinak murrizten jarraitzen du; izan ere, erakundeen arteko lehiak beherantz bultzatzen du aktibo-marjina, eta, aldi berean, ez da bideragarria gordailuen ordainsariak egungo mailatik behera gutxitzea. Testuinguru zail horretan LABORAL Kutxak 247,3 milioiko interes-marjina izan du, aurreko ekitaldian baino % 8,8 txikiagoa.

Banku-negozioa bilakatuz doa, eta erakundeen jarduna jada ez dago bideratuta haztera eta balantzea zabaltzera bakarrik. Kooperatibaren emaitza-kontuan eragin handia izan du, batez ere, inbertsio-fondoak, aurreikuspen-planak, aseguruak eta ordainbideak merkaturatuz lortutako emaitzak ere barne hartzeak. Gainera, finantza-eragiketek bilakaera ona izan dute. Horren guztiaren agregatua 172,74 milioikoa izan da, eta entitatearen marjina gordina urtetik urtera % 1,6 haztea ahalbidetu du, eta 420 milioi eurokoa izatea.

Aurtengoan ere, entitateak gastuen atala murriztea lortu du. Ustiapen-kostuei eutsita, % 2,5eko aurrezpena lortu da 2016ko datuekin alderatuta. Amortizazioak (18 milioi eurokoak) eta narriaduretara eta kaudimengabezietara bideratutako zuzkidurak (35,4 milioi eurokoak) kendu ondoren, zerga aurreko emaitza gordin bateratua 134,2 milioi eurokoa izan da. Zerga-karga kontuan hartuta, LABORAL Kutxaren emaitza garbia % 9,1 hobetu da; 121,4 milioi eurokoa izan da.

 

Aurrezkia

LABORAL Kutxak bitartekoturiko baliabideak 21.014 milioi eurokoak izan dira 2017aren amaieran, eta ekitaldiko hamabi hilabeteetan % 5 egin dute gora.

Bolumenetan izandako bilakaera onaren oinarrian balantzetik kanpoko bitartekaritza egon da, % 10etik gorako hazkundea izan du. Bezeroak poliki-poliki aurrezkia dibertsifikatzen ari direlako gertatu da hori. Entitateko gestoreen aholkularitza espezializatuaren laguntza izan dute bezeroek, inbertsioen arloan erabakiak hartzeko.

LABORAL Kutxaren gestio komertzialaren oinarrietako bat da, hain zuzen, aholkularitzak ematen duen balioa. Horren erakusgarri da MiFID II zuzentarauak ezarritako baldintzen betetze maila zorrotza. Gaur egun, LABORAL Kutxako 1.550 profesionalek dagokien ziurtagiria lortu dute, inbertsio-produktuei buruzko informazioa eta aholkua emateko.

Atalez atal, inbertsio-fondoen bolumena % 18,6 handitu da, SELEK eta AVANT fondoek izan duten harrera onari esker. Aurreikuspen-planetara egindako ekarpenek, berriz, % 4 egin dute gora, ekarpen-egileak % 7,3 gehiago direlako eta “Biziaro” planak arrakastaz plazaratu direlako. Plan horiek, errentagarritasun- eta arrisku-igurikimen diferenteak dituzten askotariko aktibo motak biltzen dituzte; inbertsio-estrategia horretan, inbertsio-zorroa etengabe egokitzen da, bezero bakoitzari erretirorako gelditzen zaion denboraren arabera.

 

Berankortasun txikia

Kreditu-zorroetan hazkundeak lortzea zaila den honetan, eta marjinak estutzen ari direnez, arriskua zorrozki gestionatu beharra dago aktiboen formalizazioak areagotuz emaitzak lortu ahal izateko.

Alde horretatik, LABORAL Kutxaren bilakaera bikaina izan da. 2017an entitateak kreditu-zorroaren kalitatea hobetzea lortu du: zalantzazko aktiboek % 13,83an egin dute behera. Ondorioz, zalantzazkotzat jotako eragiketen eta kreditu-inbertsioaren saldo biziaren arteko erlazioak beherako joerari eutsi dio, eta % 5,09an kokatu da. Sektorearen batez bestekoa % 7,85ekoa da.

 

Kaudimen handia

LABORAL Kutxaren fondo propioen eta arriskuaren arabera haztatutako aktiboen arteko erlazioak sendotasuna ematen dio kreditu-kooperatibari. Kaudimen-terminoetan neurtutako sendotasun horri erreparatuta, lehiakideen artean entitatea puntako posizioetan dago. Fondo propioak indarrean den araudiaren arabera zehazten dira.

Common Equity Tier1 —CET1 phased in— kapital-ratioak gora egin du, % 18,14raino. Halaber, Entitatearen kaudimen osoa, hori ere phased bertsioan adierazia, % 18,50ekoa da, esanguratsua.

Ildo horretan, Espainiako Bankuak 2018rako kaudimen-eskakizunen berri eman zion LABORAL Kutxari joan den abenduan. Entitatearen gaur egungo mailek 10 puntutik gorako gap positiboa dute CET1 ratioan eta 7 puntukoa guztizko kaudimenean.

 

 

 

 

 

Likidezia maila handia

LABORAL Kutxak lasaitasunezko likidezia-egoera du, negozio-planari erabateko bermeekin ekiteko. Horrela, kredituen eta gordailuen arteko erlazioa, LTD (Loans To Deposits) ratioak adierazten duena, % 78,1ekoa da. Era berean, LCR (Liquidity Coverage Ratio) ratioa % 400ekoa da, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera bete beharreko ratioa % 100ekoa bada ere. Ratio horrek bermatzen du merkatu pribatuetan 30 eguneko epe laburrean eskudiru bihur daitezkeen aktibo likidoen geldikin nahikoa duela entitateak.

 

Familien eta enpresen inbertsioa

Urtean zehar formalizazioek goraka egin badute ere, bezeroen artean palanka-efektu alderantzikatuak jarraitzen du, baina oso arina da. Burututako amortizazioen erritmoak apur bat gainditu du emate berrien bolumena, eta LABORAL Kutxaren kreditu-inbertsioa 13.312 milioi eurokoa izan da joan den abenduaren 31n, 2016ko abenduan baino % 1 txikiagoa.

Joera-aldaketa nabaria da, eta kreditu berrien formalizazioak hazkunde esanguratsua izan du urtean zehar. Bezeroen segmentu guztietan egin du gora finantzaketa-eskaerak. Familien esparruan, etxebizitza erosteko emandako hipoteka-kredituaren bolumena % 10,2 hazi da 2016ko datuekin alderatuta.

Kontsumorako kredituak ere formalizazio-erritmo biziari eutsi dio. Ekitaldia ixtean, kreditu pertsonalen zorroaren saldo bizia 2016ko abendukoa baino % 7,7 handiagoa izan da, kreditu-emateen bolumena urtebetean % 4,3 hazi eta gero. Atal honetan aparteko garrantzia izan du DISPON kredituen formalizazioak. Entitateko 500.000 bezerok aurrez onartuta dituzten berehalako kredituen modalitatekoa da urtean zehar eman diren kontsumorako maileguen % 52. Azpimarragarria da, halaber, DISPON kreditu gehienak online kanalen bidez eman direla, % 25 baino gehiago telefono mugikorren bidez.

Merkataritzaren alorrean zikloaren aldaketa frogatuta gelditu da, batez ere tamaina handieneko enpresetan. Kreditu-inbertsioa % 2,3 hazi da enpresen arloan 2016ko abendutik, enpresa txiki eta ertainek eta handiek eskatutako formalizazio berriek bultzatuta, batez ere. Inbertsioaren gorakadaren ildotik, ekitaldian emandako bolumena % 12,5 hazi da.

Negozio txikien eta autonomoen alorrean, LABORAL Kutxak EaSI mikrokredituen lerroa plazaratzea gauzatu du, Europako Inbertsio Funtsaren (EIF) lankidetzarekin. Finantzaketa-programa horrek Gaztenpresaren jarduna osatzen du, LABORAL Kutxaren enplegurako fundazioaren lana. Enplegua eta gizarte-berrikuntza sustatzea du helburu, ehun ekonomikoaren kohesiorako bereziki garrantzitsua den segmentu batean, baita bereziki ahula ere, ekonomiaren gorabeheren aurrean.

 

Online Banka eta LABORAL Kutxa Pay

LABORAL Kutxak digitalizazio-prozesuan aurrera egiten jarraitzen du, estrategia omnikanalaren barruan, bezeroei hurbiltasuneko eta kalitatezko zerbitzua bermatze aldera, horiek baititu betiko bereizgarri. Prozesu horretan, online kanalei esker entitatearen eta bezeroen arteko elkarrekintzak ugaritzen ari dira. Horrenbestez, bulegoek eta pertsonek protagonismo handiagoa dute aholkularitzan eta banka eta aseguruen gestioei balioa eransteko orduan.

2017an 369.434 erabiltzaile aktibo izan ditu LABORAL Kutxaren Online Bankak. Online Bankaren erabiltzaile aktiboak diren bezeroen % 74 mugikorraren bidez sartzen da entitatearen zerbitzuan.

Garapen berrien alorrean, Mugikor bidezko Ordainketa zerbitzu berria plazaratu da. Horrekin, entitatearen bezeroek saltokietan smartphonearen bidez ordain dezakete. Aukera berri hori LABORAL Kutxa Payn sartuta dago, LABORAL Kutxaren ordainketa-aplikazioan. Era berean, LABORAL Kutxa Payk Bizum aplikazioa eskaintzen du, eta dagoeneko 50.000 bezerok baino gehiagok bidaltzen eta jasotzen dute dirua mugikorretik mugikorrera.

Aseguruak

Aseguruen negozioaren zerga aurreko emaitza arrunt globalak 37,5 milioi eurokoak izan dira 2017an, aurreko urtean baino % 17,8 handiagoak.

Entitateak gestionatutako guztizko primek % 14,4 egin dute gora, etxeko, bizi-arriskuko eta gestionatutako aurrezkiko adarretan izandako hazkundea medio.

LABORAL Kutxak, aseguruen negozioan ere arreta berezia eskaintzen dio zerbitzuaren kalitateari. Azken gogobetetze-azterketaren emaitzen arabera, gestioarekiko gogobetetasuna 8tik gorakoa da (10 da puntuazio gorena). Bezeroen % 63,4k bikaintzat jo zuen jasotako zerbitzua (9ko eta 10eko balorazioekin), eta % 25,8k gestioa ona izan zela adierazi du (10etik 7ko eta 8ko balorazioekin). Azterlana egiteko 11.000 bezerori iritzia eskatu zitzaien, automobileko, etxeko eta saltokiko ezbeharrak itxi ondoren.

 

 

 

EMAITZA KONTU BATERATUA (mila €-kotan)

 

2016 2017 Ald. %
INTERESEN MARJINA 271.128 247.343 -% 8,8
KOMISIOAK 93.697 96.396 +2,9
DIBIDENDUAK, FINANTZA ERAGIKETEN EMAITZA ETA ABAR 48.512 76.342 57,4
MARJINA GORDINA 413.338 420.080 1,6
ADMINISTRAZIO GASTUAK 238.229 232.355 -2,5
AMORTIZAZIOAK 19.718 18.027 -8,6
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURA 30.615 35.427 15,7
ZERGA AURREKO EMAITZA 124.775 134.271 7,6
MOZKINEN GAINEKO ZERGAK 13.469 12.830 -4,7
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA 111.306 121.440 9,1

 

 

 

BESTE MAGNITUDE BATZUK

 

COMMON EQUITY TIER 1 (CET 1) – phased in % 18,14
KAUDIMENA GUZTIRA – phased in % 18,50
LIKIDEZIA (Loans to Deposits) % 78,1
BERANKORTASUNA % 5,09