Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK 110 MILIOI EUROKO MOZKIN GARBIA LORTU DU 2015EAN

 

  • Kredituak nabarmen hasi dira 2015ean: etxebizitza erosteko hipotekarioak % 36, kontsumorako maileguak % 26 eta enpresei zuzendutako finantzaketa % 31

 

  •  Berankortasuna % 7,4koa izan da ekitaldia ixtean, sektoreko batez bestekoa baino hiru puntu txikiagoa

 

  •  Entitateak kaudimen sendoa du. Kapitalaren CET1 ratioa sektoreko altuenen artean dago: % 15,12koa da

 

2016ko otsailaren 8a–Finantzen sektorea sakonki berregituratzea eta kaudimenean, berankortasunean eta likidezian arazoak izatea eragin duen krisialdiaren ondoren, banku-negozioak ezaugarri hauek izan ditu 2015ean: tasak oso txikiak izan dira eta lehiakortasuna ikaragarria; ondorioz, ohiko negozioaren marjinek oztopo handiak izan dituzte eta sarrera errepikarien sorreran nabarmen eragin dute.

Inguru lehiakor berri eta oso zorrotz horretan, euskal kreditu-kooperatibak finantza-jardueraren marjinen gaineko presioa konpentsatzea lortu du, ustiapen-gastuak kontrolatzeari eta bere kreditu-zorroaren kalitateari esker. Ondorioz, LABORAL Kutxak 110 milioi euroko zerga osteko mozkin bateratuarekin itxi du urtea, eta sektoreko errentagarritasun-ratiorik onenetakoa du batez besteko aktibo osoaren gainean.

Horrela, interes-tasak zerotik gertu egon arren, emaitza-kontuak 309 milioi euroko interes-marjina du. Komisioek, dibidenduek eta beste finantza-eragiketa batzuek ekarritako sarrerei esker, 464 milioiko marjina gordina lortu du, 2014an baino % 10,4 txikiagoa. Agertoki horretan transformazio-kostuen atalak garrantzi handia hartu duenez, Entitateak oso zorrozki kontrolatu du: aurreko ekitaldiarekin alderatuta, administrazio-gastuen faktura 12 milioi euro txikitzea lortu du, % 4,8 alegia, eta 241 milioikoa izan da.

Entitatearen aktiboen kalitatearen eta ekitaldian erregistratutako berankortasun txikiaren ondorioz, zuzkidura-beharrek behera egin dute, 82,9 milioi hain zuzen, 2014an baino % 30,6 beherago geratzeraino. Halere, estaldura-mailak handitzen eta horniduretarako bere ohiko zuhurtzia-politika erabiltzen jarraitu du LABORAL Kutxak eta horren adibide, SAREB sozietatean duen inbertsioa %100 estali izana.

Horrenbestez, 119,6 milioi euroko mozkin gordina lortu du LABORAL Kutxak, eta, zergak kendu ondoren, 110,3 milioi euroko emaitza bateratuarekin amaitu du ekitaldia, 2014an baino % 0,9 handiagoarekin.

Berankortasuna beherantz

Ekitaldia ixtean, emandako finantzaketa osoaren % 7,4ra murriztu da berankortasun-ratioa. Datu positiboa da, inondik ere, sektoreko zalantzazkoen ehunekoa aintzat hartuta, azaroan % 10,4koa baitzen (3 puntu handiagoa). Kopuru hori are esanguratsuagoa da, kontuan hartuta sektoreko gehienek ez bezala euskal kreditu-kooperatibak eutsi egin diola, ekitaldi osoan zehar, bere azterketa-perimetroari, mugimendu korporatiborik eta aktibo-pakete arazotsuak saltzeko eragiketarik egin gabe.

Likidezia eta kaudimen nabarmenak

LABORAL Kutxak posizio bikaina du likidezian. LTD (loan to deposit) ratioaren arabera, % 88,2ko ehuneko erosoa du, sektoreko batez bestekoa % 116koa izan arren. Ratio horrek entitatearen gordailuak eta bezeroei emandako kredituen bolumena erlazionatzen ditu.

Egoitza Arrasaten duen kreditu-kooperatibak sendotasun finantzario handia erakusten jarraitzen du, kaudimenari dagokionez. Guztizko kaudimen-koefizientea % 15,92an dago. Bestalde, kapital nagusiaren CET1 ratioa, lehen kalitateko kapitala neurtzen duena arriskuaren arabera haztatutako aktiboekin alderatuz, ekitaldiaren itxieran % 15,12koa zen bere phased in bertsioan, eta % 16,06ra iritsi da fully-loaded kalkuluan. Ondorioz, entitatea sektoreko lehen posizioetan dago alderdi honetan, eta lasai gainditzen ditu banku-gainbegiratzaileak ezarritako kapital-eskakizunak.

Aurrezkiaren hazkundea

Baliabide bitartekotuen bolumen osoa 18.753 milioi eurora iritsi da abenduaren 31n; horrela bada, % 3,9 hazi da.

Balantzearen barruan, iazko joerari jarraiki, erabateko erabilgarritasuna duten figurak dira bilakaera positiborik handiena dutenak. Horrela, Max kontua eta Ongizate Aurrezkia % 20tik gora hazi dira, eta % 15 kontu operatiboak.

Balantzetik kanpo, inbertsio-fondoetako eta aurreikuspen- eta pentsio-planetako saldoek % 9,1 egin dute gora. Datu hori nabarmengarria da oso, kontuan izanik urte honetan likidazio-baloreak ez direla batere hazi, errenta finkoko eta aldakorreko merkatuen bilakaera dela eta.

Inbertsio-fondoetan, Banka Pertsonalari atxikitako bezeroen Selek gamakoetan izan da hazkunderik aipagarriena, % 75 egin baitute gora saldoetan. BGAE-ek eta pentsio-planek ere bilakaera oso positiboa izan dute, % 8 egin baitu gora ekarpenak egiten dituzten bezeroen kopuruak. Atal honetan, Bizitza Ziklorako aurreikuspen- eta pentsio-planak merkaturatu izana da azpimarragarriena. Horiek zorro dibertsifikatua eskaintzen diote bezeroari, arian-arian erretirorako geratzen den denborari egokitzen zaiona eta pixkanaka arriskua murrizteko eskemari jarraitzen diona.

Inbertsioa bizkortu egin da

Kreditu-inbertsioaren atalean, joera aldatu egin dela erakusten duten froga argiak daude. Bezeroei emandako kredituen guztizko saldoak 13.638 milioi eurokoak izan dira (–% 3,46koak), aurreko ekitaldietako beherakadak leunduz eta sektore osoaren lurreratze leunaren haritik.

 

Etxeko esparruari dagokionez, inbertsioaren gorakada oso nabarmena izan da LABORAL Kutxan. Ekonomia suspertzen hasi dela erakusten dute formalizazio berrietan gertatutako igoera handiek. Aurreko ekitaldian baino % 36 hipoteka-mailegu gehiago sinatu dira. Bestalde, kontsumorako maileguek ere gora egin dute nabarmen: % 26 hazi dira ekitaldiko 12 hiletan.

Enpresen segmentuan, industriaren jarduera sendotuz joan da. Ondorioz, inbertsiora bideratutako finantzaketaren saldo garbiek % 1 egin dute gora. Gorakada itxaropentsu horri eskerrak, aurreko urtean baino % 31 mailegu eta leasing gehiago formalizatu dira.

Autonomo, negozio eta enpresen banka

Espezializazioan funtsatutako negozio-ereduaren eta hurbiltasunean eta aholkularitzan oinarrituta bezeroari balioa ematearen alde apustu egiten jarraitzen du LABORAL Kutxak.

Finantza-erakundeak merkatuari egindako proposamenean dinamismoz jokatu izanari zor zaio ekitaldian enpresekiko jardueran erakutsi duen sendotasuna. ORAIN 2 plana da aipagarriena. Autonomoei eta enpresei zuzendutako 2.000 milioi euroko zuzkidurarekin, finantza-behar egiturazko eta zirkulatzaileak estaltzea du xede.

Hori guztia islatu da, halaber, inbertsio berrietarako finantzaketa eman zaien enpresen kopuruan, % 7 gehiago izan baitira aurreko ekitaldian baino.

Ekintzailetzarako Europako finantzaketa-linearik handiena

Enpleguari laguntzeko bokazioari jarraiki, sustapen-lan handia ere egin du LABORAL Kutxak 2015ean. 2015eko urriaren 20an, Mikrofinantzen Europako Eguna zela eta, kooperatibako ordezkari batzuek (Txomin Garcia lehendakaria buru zutela) lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, Bruselan, Europako Inbertsio Funtsarekin (EIFrekin), Enplegurako eta Gizarte Berrikuntzarako Europako Programaren (EaSIren) esparruan.

Hitzarmen horren bidez, 75 milioi euroko zenbatekoa gaitu zen, 5.000tik gora ekintzaileri eta mikroenpresari finantza-estaldura emateko. Mikrokredituei zuzendutako Europako berme-linearik handiena da. Horrela, bada, ekintzailetzaren alorreko aholkularitza espezializatuaren linea finantza-sostengu garrantzitsuarekin osatu du LABORAL Kutxak, eta 5.200 lanpostutik gora sortu eta finkatzen lagundu du, autonomo, kooperatiba, negozio txiki eta 2 milioi eurotik beherako urteko fakturazioa duten enpresen artean.

Aseguruen negozioa

Aseguruen negozioak 30,4 milioi euroko emaitza globalak ekarri dizkio 2015ean LABORAL Kutxari, eta 173,5 milioi euroko primak. Emaitza horien oinarrian hauek daude: poliza berrien salmenta, zorroa berritzeko ratio bikainak, ezbehar-tasaren kontrola eta efizientzia eta produktibitatea hobetu izana.

 

Urteko berritasunik handienak hauek izan dira: batetik, produktu pertsonalen katalogoa handitu izana eta, bestetik, LABORAL Kutxaren online aplikazioaren barruan bezeroen polizak eta istripuak gestionatzeko zerbitzu gehiago ipini izana.

Bezeroaren gogobetetasuna

Handia da LABORAL Kutxaren 1.230.000 bezeroen leialtasun-maila. Finantza-erakundeen alorrean argitaratu berri diren konparaziozko azterlanen arabera —Stiga, 2015eko 3. hiruhilekoa—, banku-sareen kalitate objektiboa neurtzen duen EQUOS indizean, LABORAL Kutxa estatuko lehen postuetan dago, eta horrek gogobetetasunaren benchmarkingean duen posizioa ere berresten du.

Digitalizazioa eta omnikanalitatearen estrategia

300.000 erabiltzaile aktibotik gora dituzte LABORAL Kutxaren urruneko kanalek, eta 100 milioi transakziotik gora egin dira ekitaldian. Banka Mugikorrak ere abiada handia izan du, 2 milioi baino eragiketa gehiago egin baitira urtarriletik abendura.

 

2015ean bideratutako garapen berrien atalean, click to call zerbitzua gaitu du entitateak. Hau da, edozein pertsonak aukera du Telebankako operadore batekin bideo-deia eskatzeko, Online Banka kontratatzeko prozesuan. Era beran, Whatsapp aplikazioaren bidez bezeroei arreta eskaintzeko zerbitzua ere jarri da abian, eta, ondorioz, zerbitzu hori ematen duen lehen banku-erakunde tradizionala da.

 

Eta bezeroaren eta gestorearen arteko harremanari dagokionez, harreman multikanala abiatu du LABORAL Kutxak Banka Pertsonalean, eta poliki-poliki gainerako segmentuetara hedatuko du. Harreman mota berri horri esker, aukera dago bilerak bideokonferentzia bidez egiteko, pantaila nahiz dokumentuak partekatzeko, harremanetarako horma bat erabiltzeko, dokumentuak urrunetik sinatzeko…


 

 

EMAITZA KONTU BATERATUA (mila €-kotan)

 

  2014 2015 Ald. %
INTERESEN MARJINA 368.292 308.897 -16,1
KOMISIOAK 103.004 96.557 -6,3
DIBIDENDUAK, FINANTZA ERAGIKETEN EMAITZA ETA ABAR 46.506 58.443 25,7
MARJINA GORDINA 517.802 463.897 -10,4
ADMINISTRAZIO GASTUAK 253.484 241.424 -4,8
AMORTIZAZIOAK 20.812 19.996 -3,9
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURA 119.524 82.899 -30,6
ZERGA AURREKO EMAITZA 123.982 119.578 -3,6
MOZKINEN GAINEKO ZERGA 14.693 9.253 -37
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA 109.289 110.325 0,9

 

 

BESTE MAGNITUDE BATZUK

 

COMMON EQUITY TIER 1 (CET 1) – phased in % 15,12
COMMON EQUITY TIER 1 (CET 1) – fully-loaded % 16,06
GUZTIZKO KAUDIMENA % 15,92
LIKIDEZIA (loans to deposits) % 88,20
BERANKORTASUNA % 7,40