Prentsa oharrak
LABORAL KUTXAK 46 MILIOI EURO IRABAZI DITU 2020KO LEHEN SEIHILEKOAN
LABORAL Kutxa bere kaudimenak eta likideziak nabarmentzen dute: % 19,69ko CET1 ratioa eta % 66,48ko LTDa ditu
Berankortasun-tasa % 3,65eraino jaitsi da eta sektorearen batezbestekoaren oso azpitik dago
Entitateak 25 milioi euroko ezohiko zuzkidura egin du COVID-19ak izan ditzakeen eraginei aurre egiteko
Fitch eta S&P kalifikazio-agentziek berretsi egin dute LABORAL Kutxaren ratinga, eta kapitalaren sendotasuna, kreditu-kalitatea eta arrisku-profila goraipatu dituzte
2020ko abuztuaren 4a.‑Zikloaren ikuspegitik begiratuta, koronabirusak eragindako krisialdiak eraldatze-prozesuan murgilduta harrapatu du finantza-sektorea, bai eta emaitzak sortzeko egoera ahulean ere, interes-tasak luzaroan % 0-koak edo negatiboak izan ondoren entitateek errentagarritasuna galdu dutelako.
Hala eta guztiz ere, LABORAL Kutxak 46 milioi euroko irabazi garbiarekin itxi du urteko lehen seihilekoa, eta abiapuntuko egoera sendoa du, aurretik datorren egoera zailari aurre egiteko. Hala, Entitateak sektoreko kaudimen-mailarik onenetakoa du, CET1 ratioaren bidez neurtuta (% 19,69koa), finantzaketa-egitura sendoa eta likidezia-maila ona (% 66,48ko LTDa) eta sektoreko errentagarritasunik handienetakoa, ROEaren arabera neurtuta (% 6,01ekoa, eta, COVID-19ak eragindako ezohiko zuzkidura aintzat hartu gabe, % 7,41).
Emaitza-kontua
Interes-marjina 124,03 milioi eurokoa izan da, 2019ko ekainekoa baino % 1,61 handiagoa. Interes-tasen egoera okerra bada ere, mesedegarriak izan dira azken hiruhilekoan likideziaren gestio egokia eta enpresentzako kreditu-inbertsioaren dinamismo handia.
Bestalde komisioen atalak bilakaera gorabeheratsua izan du seihilekoan zehar. Urtearen hasieran jarduera-maila handia izan zuen Entitateak, batik bat ordainbideetan eta balantzetik kanpoko figuretan. Halere, azken horiek behera egin zuten konfinamendu-garaian. Azken 2 hilabeteetako susperraldiari esker, ordea, komisioak % 0,52 handitu dira seihilekoan; horri esker, oinarrizko marjina % 1,28 hobetu da.
Marjina gordina % 0,93 jaitsi da, eragiketa finantzarioen emaitzek (EFE-ek) kaltetuta, merkatuen eragin negatiboa jasan baitute. Oro har, administrazio-gastuak eta seihilekoko amortizazioak % 2,59 txikitu dira, 118,27 milioi euroraino, entitateak gestioan erabilitako efizientzia-politikari esker.
Seihilekoan egindako zuzkidurak direla eta, entitateak erabaki du COVID-19ak izan ditzakeen eraginei aurre egiteko 25 milioi euroko aparteko hornidura egitea, nahiz eta berankortasun-ratioak narriadura-zantzurik ez duen eta kreditu-zorroak zuzkidura gehiagorik behar ez duen.
Horren guztiaren ondorioz, irabazi gordina 55 milioi eurokoa izan da ekainera arte, % 34,7 txikiagoa aurreko ekitaldiko lehen seihilekoan baino. Kopuru horri dagozkion zergak (9 milioi euro) ordaindu ondoren, 46 milioi eurokoa izan da 2020ko lehen seihilekoko irabazi garbia, kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsak zuzkitu aurretik, eta, beraz, iazkoa baino % 39,8 txikiagoa.
Liderra kaudimenean
Entitatearen kaudimen-maila, lehen seihilekoko emaitzak zenbatu gabe, oso handia da: % 19,69koa, lehen mailako baliabide propioak arriskuaren arabera haztatutako aktiboekin alderatzen dituen CET1 kapital-ratioaren bidez neurtuta. Datu horrek lidergoan kokatzen du erakundea sektorearekiko, kaudimenari dagokionez.
Likidezia handia
Kreditu-inbertsioa handitu arren, likidezia-fluxu handia sartzeari esker, LTD (loans to deposits) ratioak beheraka jarraitu du, % 66,48raino. Era berean, entitateak aise betetzen ditu epe laburrerako konpromisoei aurre egiteko likidezia-eskakizunak (LCR edo Liquidity Coverage Ratio), % 359,91ko ratioarekin.
Berankortasuna murriztu egin da
Arriskuen gestio zuhurra eta aktiboen kalitatea dira LABORAL Kutxaren bereizgarrietako bi. Krisialdi globalean murgilduta egon arren, kreditu-kooperatibaren zalantza-tasak ez du narriadura-zantzurik erakutsi, eta, ekainaren 30ean, % 3,65ekoa da, 2019a ixtean baino oinarrizko 8 puntu txikiagoa.
Aurrezkiaren bilakaera
Baliabide bitartekotuen guztizkoa 25.247 milioi eurokoa da 2020ko ekainaren 30ean, 2019ko abenduan baino % 7 handiagoa eta urtetik urtera % 10,1 handiagoa.
Balantzeko baliabideak argi eta garbi gainditzen ari dira ekitaldiaren hasierako aurreikuspenak, kontsumoaren uzkurdurak eta aurrezki-tasaren hazkundeak lagunduta. Baterako saldoak 1.046 milioi gehiago dira, hau da, % 5 gehiago seihilekoan eta % 7,4 gehiago urtetik urtera.
Bestalde, balantzetik kanpo gestionatutako bezeroen baliabideek —inbertsio-fondoek eta aurreikuspen-produktuek— % 0,2ko beherakada txikia izan dute, merkatuen ezegonkortasunaren eraginez.
Kreditu-inbertsioa
Kreditu-inbertsio osoa 14.663 milioi eurokoa izan da; hau da, % 8,2ko hazkundea izan du urtetik urtera eta % 5,3koa urtarriletik ekainera.
Merkataritza-sektorearen finantzaketa-eskariari entitateak eman dion erantzun bikaina izan da kredituaren hazkunde nabarmenaren eragile nagusietako bat. Izan ere, formalizazio berrien bolumena hirukoiztu egin da 2019ko lehen seihilekoarekin alderatuta. Segmentuka, azpimarratzekoa da negozio txiki eta autonomoei emandako kredituen saldoa, % 15,63 hazi baita. Aipagarria da, halaber, enpresa txiki eta ertainei emandako kredituarena ere, % 27,9koa baita.
Enpresa eta negozioen beharren gestio bizia eta hurbila izan da industria-ehunari bideratutako kredituen saldoek izan duten hazkundearen gakoa. Horrez gain, erakunde publikoen —KOI, Elkargi, Sonagar, EIF eta abar— ezohiko likidezia-programak lagungarri izan dira eginkizun horretan, eta LABORAL Kutxak aktiboki hartu du parte programa horietan. Hala, 725 milioi eurotik gorako kreditu berria eman da, enpresa eta negozioei euren likidezian krisialdiaren inpaktua arintzen laguntzeko.
Bestalde, partikularren finantzaketaren saldoa % 0,3 hazi da, nahiz eta konfinamenduan zehar jarduerak behera egin duen. Hipoteka-maileguen formalizazio berriek % 5,7 egin dute gora aurreko ekitaldiko lehen seihilekoarekin alderatuta. Mailegu pertsonalen kasuan, ordea, kontsumoaren jaitsierak % 15,4ko beherakada eragin du formalizazio berrietan.
Aseguruen negozioa
Aseguruen negozioak 21,8 milioi euroko ekarpena egin die taldearen emaitzei 2020ko lehen seihilekoan. Datu hori % 6,6 handiagoa da 2019ko ekainekoa baino, neurri handi batean zorroa berritzeko tasa onari, gastuen kontrol egokiari eta ezbehar-tasa txikiari esker.
Kanpo-berrespena
Egungo koiuntura aurkakoa izan arren, LABORAL Kutxaren kalifikazioari eustea erabaki zuen Standard and Poors agentziak joan den apirilean, Entitatearen kapitalaren sendotasuna eta kreditu-zorroaren kalitatea aintzat hartuta. Bestelakoa izan da, ordea, agentzia horrek estatuko entitate gehienei egin dien kalifikazioa, behera egin baitu.
Ildo beretik, Fitch kalifikazio-agentziak ere eutsi egin dio LABORAL Kutxaren ratingari, uztailean egin berri duen berrikuspenean. Pandemiak aktiboen kapitalean, errentagarritasunean eta kalitatean izan dituen inpaktuak aztertu ondoren Fitchek bere txostenean azpimarratu duenez, kapital-ratioak oso zabalak dira eta Entitatea gai izango da horiei antzeko mailan eusteko. Indarren artean, Entitatearen arrisku-profila ere goraipatu du agentziak.
Eraldaketa digitala
LABORAL Kutxaren digitalizazio-prozesuak aurrera jarraitzen du irmoki, eta seihileko honetako konfinamenduaren eta alarma-egoeraren inguruko zailtasunak egoki kudeatu ahal izan ditu Entitateak, nahikoa aurreratuta baitu. Mugikortasunari eta telelanari lotutako irtenbideei esker, jarduerari eta zerbitzuari eutsi die Entitateak, eta, gainera, epealdian aurrerapauso nabarmena egin du Online Bankaren bidez eskuragarri jartzen dituen zerbitzu eta produktuetan.
Alerta-zerbitzua eta beste entitate batzuetako kontuak gehitzeko zerbitzua ez ezik, azpimarratu beharra dago fondoetan inbertitzeko aukera puntualak bilatu nahi dituzten bezeroentzako onlineko aholkularitza-zerbitzua ere. Horri esker, Online Bankaren bidez inbertitzeko aukera izango dute bezeroek hemendik aurrera. Gainera, plataforma berean izango dituzte, behar izanez gero gestore pertsonalarekin harremanetan jartzeko, hitz egiteko eta dokumentazioa trukatzeko tresnak. Gestore pertsonalarekin harremanetan jartzeko eta zerbitzua emateko tresna horien erabilera ia hirukoiztu egin da bigarren hiruhilekoan zehar. Horrela, epealdi zail honetan Entitateak irtenbidea eman die bezero partikularren eta enpresa zein negozioen premiei, aholkularitzaren eta harreman pertsonalen alorretan.
Zentzu berean, enpresentzako Online Banka ere gehitu zaio plataformari. Berritu egin da eta aukera eta tresna gehiago erantsi zaizkio, halako bezeroen kontratazio- eta gestio-beharrak errazteko. Aseguruen arloan, Online Bankan dagoeneko ezarrita zeuden ezbeharren arreta-zerbitzuei beste batzuk gehitu zaizkio, hala nola aseguratuentzako alerta meteorologikoak eta auto-aseguru berrietarako eskaintza pertsonalizatuak online jasotzeko aukera.
Azpimarratzekoa da Online Bankako bezero aktiboen % 80k smartphonea erabili duela, lehentasunez, konfinamenduan zehar.
Online ordaintzeko sistemak direla eta, Bizumen bidezko P2P sistemak 200.000 erabiltzaile baino gehiago ditu dagoeneko, 6 hilabetean kopuruak % 25 gora egin ondoren. Mugikor ordainketak ere —Android eta Apple gailuetarako soluzioen bidez— % 23 handitu du erabiltzaile-kopurua, ordainbide bizkorra eta osasunaren ikuspegitik segurua delako, contactless edo kontakturik gabe funtzionatzen baitu.
EMAITZA-KONTU BATERATUA (mila €-kotan)
2019ko 1.s. | 2020ko 1.s. | % ald. | |
INTERESEN MARJINA | 122.070 | 124.030 | 1,61 |
KOMISIOAK | 51.515 | 51.784 | 0,52 |
OINARRIZKO MARJINA | 173.585 | 175.814 | 1,28 |
DIBIDENDUAK, FINANTZA-ERAGIKETEN EMAITZA ETA ABAR | 26.504 | 22.414 | –15,43 |
MARJINA GORDINA | 200.089 | 198.228 | –0,93 |
ADMINISTRAZIO-GASTUAK ETA AMORTIZAZIOAK | 121.408 | 118.227 | –2,59 |
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURAK (+) / LIBERAZIOAK (-) | -5.553 | -23 | ‑ |
COVID-19AK ERAGINDAKO EZOHIKO ZUZKIDURA | ‑ | 25.000 | ‑ |
ZERGA AURREKO EMAITZA | 84.233 | 54.989 | –34,72 |
IRABAZIEN GAINEKO ZERGAK | 7.843 | 8.984 | 14,55 |
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA (*) | 76.390 | 46.005 | –39,78 |
(*) Kooperatibaren gizarte-ekintzarako fondoetarako zuzkidura baino lehen.
BESTE MAGNITUDE BATZUK
CET 1 (COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA | % 19,69 |
LIKIDEZIA (loans to deposits) | % 66,48 |
BERANKORTASUNA | % 3,65 |