Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK 145 MILIOI EURO IRABAZI DITU 2025EKO LEHEN SEIHILEKOAN

 

  • Kaudimenaren alorrean lidergo postuetan jarraitzen du LABORAL Kutxak: % 24,84ko CET1 ratioa du

  • Hipoteka-kredituen formalizazioek % 49,1 egin dute gora seihilekoan

  • Enpresentzako finantzaketa berria % 7,6 handitu da, eta merkataritza-kredituaren guztizkoa % 3,7

  • Inbertsio-funtsen ondarea % 15,9 hazi da ekainera bitartean

  • Pompeu Fabra unibertsitateko Finantza Jasangarrien Katedrak balioak dituen banku-jarduera jasangarriaren podiumean kokatu du LABORAL Kutxa

 

2025eko abuztuaren 4a.– 2024an agerian geratu zen LABORAL Kutxak jarduten duen lurraldeetako ekonomien indarra, eta aurtengo ekitaldia ere antzera hasi zen, oro har. Nolanahi ere, 2025eko bigarren erdira hurbildu ahala, munduko ekonomia gero eta ziurgabetasun handiagoko agertokira igaro da; izan ere, bat egin dute dezelerazio ziklikoak, merkataritza-tentsio berrituek eta ezkutuko arrisku geopolitikoek.

Diru-politikari dagokionez, interes-tasek behera egiten jarraitu dute urteko lehen seihilekoan. Hala, joan den ekainean (aurreikusita zegoenez), Gobernu Kontseiluak EBZren hiru interes-tasa ofizialak oinarrizko 25 puntu jaistea erabaki zuen, ondoz ondoko zazpigarren tasa-jaitsierarekin. Zehazki, % 2an finkatu zen diru-politika bideratzeko elementu nagusia den gordailutze-erraztasunaren interes-tasa.

Faktore horiek aintzat hartuta interpretatu behar dira MONDRAGONeko kreditu-kooperatibak urteko lehen sei hilabeteetan egin duen lan ona eta lortu dituen emaitzak.

LABORAL Kutxak 145,5 milioiko irabazi garbi bateratua lortu du 2025eko lehen seihilekoan, negozio-lerro nagusien hazkunde sendoaren bultzadari esker. Negozio-lerro horien artean, bezero partikularrentzako hipoteka berriak eta merkataritza-sektorerako kredituak nabarmendu dira.

Bestalde, banku-negozioaren adierazle nagusiek lehia-posizioaren sendotasuna erakusten dute: CET1 kaudimen-ratioa % 24,84an kokatu da, sektorearekin alderatuta posizio oso nabarmenari eusteko aukera emanez; LTD likidezia-ratioa % 65,86 eroso batera iritsi da, eta, baliabide propioen gaineko errentagarritasunari dagokionez, LABORAL Kutxaren ROEak hobera egiten jarraitu du, seihilekoaren amaieran % 12,34an kokatzeraino.

 

Emaitza-kontua

LABORAL Kutxaren emaitzek sendo jarraitzen dute, ohiko banku-negozioan oinarrituta. Interes-marjina 295,4 milioi eurokoa izan da ekitaldiaren lehen sei hilabeteetan.

Inbertsio-zerbitzuetan izandako aurrerapenari esker, zerbitzuen ondoriozko komisioen diru-sarrera garbiek % 2,20 egin dute gora, 69,6 milioi euroraino. Era berean, eutsi egin zaio bezeroak oinarrizko komisioetatik salbuesteko duela urtebete abiatutako programari. Hala, oinarrizko marjina 365 milioi eurokoa izan da; hots, % 7,23 txikiagoa, orain 12 hilabete izandakoarekin alderatuta.

Dibidenduen, finantza-eragiketen eta bestelakoen atalean ez da alde nabarmenik izan: marjina gordina ere 365 milioikoa izan da, 2024ko ekainetik % 6,64 hazi ondoren.

Gastuak eta amortizazioak 164,8 milioi eurokoak izan dira; alegia, % 11,31 egin dute gora, entitatearen agenda eraldatzailea euskarrituz.

Bestalde, zuzkiduren, saneamenduen eta narriaduren epigrafea 29,8 milioi eurokoa da guztira. LABORAL Kutxaren kreditu-zorroak bilakaera onari eutsi dio eta ez du zuzkidura gehigarririk behar; hala ere, entitateak ohiko zuhurtzia-irizpidearekin jarraitzen du eta baliabideak bideratu ditu, etorkizuneko balizko kontingentziak estaltzeko.

Horrela, seihilekoko emaitza gordina 170,4 milioi eurokoa izan da. Zergen kontzeptuan 24,9 milioi euro bideratu ondoren, 145,5 milioi euroko irabazi garbi bateratua lortu da gizarte-ekintzako funtsetara zuzkidura egin aurretik; 2024ko lehen seihilekokoa baino % 8,28 handiagoa, beraz.

 

Berankortasuna beherantz eta kredituaren kalitatea

Arriskuen kudeaketan, LABORAL Kutxak zuhurtziaz jokatzen jarraitzen du. Ondorioz, entitatearen kreditu-inbertsioa kalitate handikoa da berez, eta ez du zalantzazko zorroak hirugarrenei saltzeko premiarik. Berankortasunak behera egiten jarraitu du seihilekoan, ekainaren bukaeran % 2,32an kokatzeraino. Sektoreko batez bestekoa, berriz, % 3,01ekoa zen maiatzaren bukaeran.

LABORAL Kutxaren finantza-sendotasunaren erakusgarri da, halaber, balizko narriadurak estaltzeko asmoz balantzean jaso den funtsen proportzioa: estaldura-tasa % 85,66ra iritsi da ekainaren bukaeran.

 

Abantaila kaudimenean eta likidezia ona

Kaudimenaren alorrean, LABORAL Kutxak abantailazko posizioan jarraitzen du bere erreferentziazko merkatuan, lehen seihileko honetako emaitzak zenbatu gabe ere. Kalitate goreneko kapitalaren CET1 (Common Equity Tier 1) ratioa % 24,84koa da eta bat dator kaudimen osoaren ratioarekin.

Bestalde, LABORAL Kutxaren likidezia-egoera lasaia da. Gordailuen gaineko kredituen proportzioari erreparatuta, LTD (Loans to Deposits) ratioa % 65,86koa da. Era berean, epe laburreko LCR (Liquity Coverage Ratio) likidezia % 547,77an dago; datu oso-oso ona da, kontuan hartuta % 100ekoa dela arautzaileak ezarritako gutxienekoa.

 

Aurrezkiaren bilakaera

LABORAL Kutxaren baliabide bitartekotuak 32.793 milioi eurora iritsi dira lehen seihilekoaren amaieran eta 1.362 milioi euro hazi dira 2025eko ekitaldian; beraz, % 4,33 egin dute gora joan den abenduaren bukaeratik.

Atalen arabera, familien eta enpresen balantze barruko baliabideak —hala nola ageriko kontuak, aurrezki-kontuak eta eperako gordailuak— % 1,52 handitu dira.

Balantzetik kanpoko baliabideetan, inbertsio-funtsen alorrak bilakaera ona izan du, bezeroek LABORAL Kutxaren inbertsio-zerbitzuen inguruan egindako balorazio onaren erakusgarri. Urteko lehen seihilekoan, gestiopeko ondarea 985 milioi euro hazi da, % 15,91, alegia.

Halaber, LABORAL Kutxak asmo handiko balio-proposamena garatzen jarraitu du inbertsio-zerbitzuen eskaintzan. Lehen seihileko honetan eskuordetutako zorroen zerbitzu berria jarri da martxan, LK GestiONA —entitatea negozio-lerro horretara egoki bideratuta dagoela berresten du—.

Bultzada handia izan du balantzetik kanpoko figura guztien multzoak ere —BGAEak, pentsio-planak eta bizi- eta aurrezki-aseguruak barne—: % 11,91 hazi da.

 

Kreditu-inbertsioa

Balantzeko termino garbietan, produkzio berriari esker, LABORAL Kutxaren kreditu-inbertsio osoa % 5,51 handitu da eta 15.957 milioi eurora iritsi da seihilekoan. Horrek esan nahi du saldo garbia 833 milioi hazi dela abenduaren 31tik.

Kredituaren dinamismoa agerikoa izan da negozioaren segmentu guztietan, bai familien alorrean eta bai merkataritzakoan.

Hala, etxebizitzara bideratutako kredituen saldo garbiak % 3 egin du gora seihilekoan, formalizatutako hipoteka berrietan izandako % 49,1eko gorakadari esker. Kontsumorako kredituen saldo biziari dagokionez, % 2,1 hazi da joan den urtarriletik, eta emandakoaren bolumena % 5,3 handitu da seihilekoan.

Merkataritzako kreditu-inbertsioaren alorrean, urteko lehen seihilekoko bilakaera positiboa izan da negozio- eta enpresa-segmentu guztietan, nabarmen hazi baitira bai inbertsio berria (% 7,6) eta baita saldoak ere (% 3,7).

Azpimarragarria da enpresa txiki eta ertainek formalizatutako kredituen gorakada, % 14koa 2024ko lehenengo seihilekoko datuarekin alderatuta. Ildo beretik, kreditu biziaren saldoa % 6,3 handitu da.

Berritasun gisa, LOKALIA programa jarri da abian. Tokiko merkataritza bultzatzeko LABORAL Kutxaren asmo handiko garapen esklusiboa da, eta eskaintza zabala du banku-produktuen eta aseguruen arloan, bai eta negozioaren ezagutzarekin lotutako prestakuntzako beste alderdi batzuetan ere.

 

Bezeroei zuzendutako zerbitzu digitala

LABORAL Kutxaren bezeroen % 65ek kanal digitala erabiltzen du, eta horietatik ia guztiek (% 96k) bide horretara jotzen dute eragiketak egiteko edo ohiko gestoreekin harremanetan jartzeko. Azken horiek, gestorearekin bulegora joan gabe (online) jartzen direnak harremanetan, entitatearen bezero digitalen % 26 dira jada. Horrek erakusten du sendoa dela zerbitzu hibridoaren (aurrez aurrekoaren eta urrutikoaren) aldeko apustua, hurbiltasunaren eta zerbitzu-kalitatearen ezaugarri guztiak biltzen dituenarenaren aldekoa.

Seihilekoan, indartu egin da bezeroentzako zerbitzu digitalen eskaintza. Zerbitzu berrien artean, nabarmentzekoak dira LKash, enpresen arloan, eta GestiONA, familien aurrezkiaren arloan. LKash zerbitzuak aukera ematen die enpresei, altxortegia berehala eta autonomoki kudeatzeko, ordainketa guztiak finantzatzeko aukera ematen dien zerbitzu digital bakarraren bidez. GestiONA zerbitzuak, berriz, % 100 digitala den esperientzia eskaintzen die bezeroei, inbertsio-zerbitzua aukeratzeko aholkularitzatik hasi eta inbertsioen etengabeko jarraipenera arte, tresna digitalak eta gestorearekin harremanetan jartzekoak erabiliz.

Eskainitako zerbitzu digitalari esker, LABORAL Kutxak urruneko 129.000 kontratu baino gehiago egin ditu seihileko honetan.

 

Aseguruen negozioa

2025eko lehen seihilekoan, aseguruen negozioko primak 109,1 milioi eurora iritsi dira guztira, 2024ko aldi berean baino % 2,4 gorago. Adarrik garrantzitsuenen artean, nabarmentzekoak dira automobil-aseguruen arloan jasotako 39,3 milioiak (+% 0,1); etxe-aseguruen bilakaera ona, 29,5 milioira iritsi diren primekin (+% 9,4), eta bizitza arriskuko aseguruetako 20 milioi euroko primak (+% 3,8).

Banka-aseguruetako entitate gisa bezeroek aitortu dioten zerbitzu-kalitateagatik nabarmendu da LABORAL Kutxaren posizionamendua. Hala, NPS (Net Promoter Score) adierazlearen arabera, LABORAL Kutxa lehen tokian dago auto- eta etxe-aseguruen adarretako NPS agregatuan, Estatuko banka-aseguruetako konpainia guztien artean. Sektoreko neurgailu estandarizatua da NPS adierazlea, eta zerbitzu bat gomendatzeko prest dauden bezeroen eta gaitzesten dutenen arteko erlazioa kontrastatzen du.

 

Jasangarritasunarekiko konpromisoa

Finantza-sektorearen barruan, LABORAL Kutxa nabarmendu egiten da balioak dituen banku-jarduera arduratsuan. Pompeu Fabra – BSM unibertsitateak berriki plazaratutako «Perspectivas de la banca responsable» (banku-jarduera arduratsuaren ikuspegiak) txostenean, Nazio Batuen Erakundearen Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak sinatu dituzten hamaika entitateak aztertu dituzte. LABORAL Kutxa liderra da Global Alliance for Banking on Values delakoaren rankingean; hau da, azterlanean erabili diren hiru erreferentzia-esparruetatik zorrotzenean. Txostenean aipatzen diren alderdien artean, epe luzerako erresilientzian, ekonomia errealean duen inpaktuan, gardentasunean eta kulturan nabarmendu da LABORAL Kutxa.

Era berean, enpresentzako finantzaketa jasangarriaren esparruan, LABORAL Kutxak emandako kredituen bolumena handitzen jarraitzen du: lehen seihilekoan, 170 milioi euroko maileguak eman ditu, besteak beste ekonomia zirkularra, etxebizitza efizientea, mugikortasun jasangarria, energia berriztagarriak eta biodibertsitatea arloetan.

Azkenik, energia-efizientzia handituz klima-aldaketari aurre egiteko helburuarekin, jabeen erkidegoei eraikinak birgaitzeko emandako kredituek nabarmen egin dute gora: 120 eragiketa formalizatu dira seihilekoan, aurreko hamabi hilabeteetan baino gehiago.

 

 

EMAITZA-KONTU BATERATUA (mila €-kotan)

 

2024ko 1. S. 2025eko 1. S. Ald. (%)
INTERESEN MARJINA 325.362 295.420 –% 9,20
ZERBITZUEN ERRENDIMENDUAK 68.108 69.604 % 2,20
OINARRIZKO MARJINA 393.470 365.024 –% 7,23
DIBIDENDUAK, FINANTZA-ERAGIKETEN EMAITZA ETA BESTELAKOAK -51.221 -61
MARJINA GORDINA 342.248 364.963 % 6,64
ADMINISTRAZIO-GASTUAK ETA AMORTIZAZIOAK 148.046 164.792 % 11,31
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURAK (+) / ASKAPENAK (–) 34.686 29.802 –% 14,08
ZERGA AURREKO EMAITZA 159.516 170.369 % 6,80
MOZKINEN GAINEKO ZERGAK 25.152 24.881 –% 1,08
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA(*) 134.364 145.488 % 8,28

(*)Kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetarako zuzkiduraren aurretik.

 

 

BESTE MAGNITUDE BATZUK

 

CET 1 (COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA % 24,84
LIKIDEZIA (Loans to Deposits) % 65,86
BERANKORTASUNA % 2,32