Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK LANKIDETZA-HITZARMENA SINATU DU MORGAN STANLEY INVESTMENT MANAGEMENTEKIN, INBERTSIO-FUNTSEN NEGOZIOARI BULTZADA EMATEKO

  • LABORAL Kutxak ondareak gestionatzeko negozioaren plan estrategikoa indartu du, Morgan Stanley Investment Managementekin akordioa sinatuta; hala, inbertsioen gestio aktiboan funtsezko aliatua izango da

  • Lankidetzaren bidez, inbertsio-produktuen lehiakortasuna sustatzea da asmoa, bai eta taldeen trebakuntza handitzea eta LABORAL Kutxaren lidergoa sendotzea ere, hala premium bankan nola banka pertsonalean

 

 

 

2026ko otsailaren 10a.—LABORAL Kutxak eta Morgan Stanley Investment Management (MSIM) konpainiak lehentasunezko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, funtsen negozioa garatu eta inbertsio-zerbitzuak bultzatzeko, batez ere premium bankan eta banka pertsonalean. Inbertsio- eta aholkularitza-zerbitzuetan haztea eta espezializatzea lehenesten duen LABORAL Kutxaren plan estrategikoaren esparruan sartzen da hitzarmena.

Morgan Stanley Investment Management aktiboen gestore liderretako bat da munduan: 1,86 bilioi dolarretik gorako aktiboak kudeatzen ditu 24 herrialde baino gehiagotan.

Bestalde, CL Gestiónek, LABORAL Kutxaren gestoreak, 7.100 milioi eurotik gorako ondarea kudeatzen du dagoeneko, eta, ondorioz, Estatuko 12 gestorerik garrantzitsuenen artean dago. Kreditu-kooperatibaren gestoreak 1.200 milioi harpidetza garbi baino gehiago izan zituen iaz; ondorioz, Estatuko gestore dinamikoenetakoa da, eta haren hazkundea batez bestekoa baino 2,4 aldiz handiagoa. Iaz % 3,82ko kuotara iritsi zen harpidetza garbietan.

Hala, hitzarmenak batu egin ditu, batetik, LABORAL Kutxak aurrezkiaren gestioan duen esperientzia eta kaudimena eta, bestetik, MSIMren nazioarteko dimentsioa eta inbertsioen gestio aktiboa. Azken hori inbertsio-soluzio osagarrien eta produktuen hornitzaile nagusia izango da, eta finantza-zerbitzuen konpainia handi bati dagozkion gaitasun globalak eta teknologia eskainiko ditu.

Finantza-zerbitzuetan munduan liderra den Morgan Stanley taldeko partaide da MSIM, eta zerbitzu-sorta zabala eskaintzen du inbertsio-bankan, baloreetan, ondare-gestioan eta inbertsioen gestioan. Munduko 42 herrialdetan ditu bulegoak, eta bezero instituzionalentzako zein txikizkakoentzako inbertsio-irtenbideak eskaintzen ditu.

Hitzarmenarekin, entitateak eutsi egiten dio kalitatearekin eta bezeroak bere jardueraren erdigunean kokatzearekin duen konpromisoari. Hauek dira hitzarmenaren helbururik azpimarragarrienak:

  • LABORAL Kutxak eskaintzen dituen inbertsio-produktuen lehiakortasuna hobetzea.
  • Bezeroei begira, gestio aktiboagoa, dibertsifikatuagoa eta kualifikatuagoa bultzatzea.
  • Talde profesionalen trebakuntza tekniko eta komertziala sustatzea.

Egungo plan estrategikoaren mugaegunerako, inbertsio-baliabideen bidez 13.000 milioi eurotik gorako ondarea kudeatzea aurreikusten du LABORAL Kutxak, eta, horrela, ondareen gestioan erreferente-posizioa sendotzea, bereziki EAEn eta Nafarroan.

 

 

LABORAL Kutxa

LABORAL Kutxa 65 urtetik gorako historia duen kreditu-kooperatiba da, eta 1.100.000 familiari eta enpresari baino gehiagori produktuak eta zerbitzuak ematea da haren finantza-jarduera. 285 salmenta-puntu baino gehiagoko bulego-sarea du, Estatuaren ipar-erdialdeko biztanlegune nagusietan.

LABORAL Kutxaren enpresa-eredua soldata-elkartasunean eta langileek kudeaketan parte hartzean oinarritzen da; izan ere, langileak entitatearen jabe ere badira. 2025eko ekainaren 30eko datuek erakusten dutenez, erakundeak balantze orekatua du: 32.800 milioi baliabide kudeatzen ditu, eta 16.000 milioi ditu inbertituta kredituetan. Bertan, kaudimen-maila altuak nabarmentzen dira: % 24,84ko Core Capitala (Tier1) eta 145 milioi euroko irabazi garbi bateratua, 2025eko ekitaldiaren lehen erdian.

Informazio gehiago hemen: www.laboralkutxa.com.

 

Morgan Stanley Investment Management

Morgan Stanley Investment Management konpainian eta inbertsio-aholkularitzako haren filialetan inbertsioen arloko 1.400 profesional baino gehiago ari dira lanean mundu osoan. 2025eko irailaren 30eko datuen arabera, 1,8 bilioi dolarreko aktiboak kudeatzen edo gainbegiratzen dituzte. Epe luzera inbertsioei errendimendu bikaina eskaintzera bideratuta dago Morgan Stanley Investment Managementen lana. Ildo horretan, askotariko bezero-oinarriari zerbitzu paregabea ematen ahalegintzen da, bai eta inbertsioen gestioan soluzio-sorta zabala ere. Haren bezeroen artean mundu osoko gobernuak, erakundeak, korporazioak eta norbanakoak daude. Morgan Stanley Investment Managementi buruzko informazio gehiago hemen: http://www.morganstanley.com/im.

 

Morgan Stanley

Morgan Stanley (NYSE: MS) munduan liderra da finantza-zerbitzuetan, eta zerbitzu-sorta zabala eskaintzen du inbertsio-bankan, baloreetan, ondare-gestioan eta inbertsioen gestioan. Munduko 42 herrialdetan ditu bulegoak, eta bertako langileek mundu osoko bezeroei ematen diete arreta, tartean korporazioei, gobernuei, erakundeei eta norbanakoei. Morgan Stanleyri buruzko informazio gehiago hemen: http://www.morganstanley.com.