Prentsa oharrak
LABORAL KUTXA EUSKADI, KOLORE BERRIAK BERDINTASUNEAN OINARRITUTAKO ORAINERAKO ETA ETORKIZUNERAKO
LABORAL Kutxak Euskadi Fundazioaren proiektuari laguntzen jarraituko du, berdintasunean oinarritutako kirol-erreferente bat finkatzeko eta emakumeen eskubideen banderaduna izateko.
Euskadi Fundazioko emakumezkoen talde profesionalak erreferentziazko taldea izan nahi du nazioartean, emakumearen irudia indartzearen, harrobiko txirrindulari gazteei aukera ematearen eta euskal emakumezko txirrindularitzaren bandera munduan altxatzearen bidez.
Etxeondok maillot berritua aurkeztu du, freskotasunez eta modaz betea, eta Euskadi Fundazioaren balioak eta esentzia ordezkatzen dituena.
Arrasate, 2022ko abenduaren 14a. Euskadi Fundazioak, LABORAL Kutxak eta Etxeondok ofizialki aurkeztu dituzte, ostegun honetan, LABORAL Kutxa taldeen 2023ko jantzi berria eta datorren urtetik aurrera emakumezkoen proiektuak izango duen hazkundearen ildo nagusiak.
LABORAL Kutxaren Arrasateko egoitza nagusian, euskal kreditu-kooperatiba horrek Euskadi Fundazioaren gizarte- eta kirol-proiektuarekin duen lotura eta konpromisoa azpimarratu ditu Marije Etxaniz komunikazio-zuzendariak. Zehazki, oinarriko taldeei laguntza ematen jarraitzeaz gain, jauzi kualitatibo handia egingo da emakumeen egitura bultzatzeko, 2024tik aurrera WorldTourrean plaza bat lortu nahi baitu. Proiektu integratzailea da, kooperatibismoaren ezaugarrietan oinarritutako eredu profesionalizatuaren alde egiten duena. Eredu horretan funtsezkoak dira emakumeak eta gizonak berdin kontuan hartzen dituzten balio inklusiboak, eta LABORAL Kutxa taldeko kirolariak eredu eta palanka eraldatzaile dira gizarteko gainerakoentzat.
Aitor Galdosek, emakumezko taldearen manager nagusiak, taldearen ibilbide-orria eta kirol-erronkak azaldu ditu. Taldeak 2029ra arte du ziurtatua babes nagusia. 2019an sortu zenetik, LABORAL Kutxak urratsak egin ditu, UCI Continental taldea izanik 2021etik, eta orain WorldTour taldea izan nahi du 2024tik aurrera, emakumezkoen txirrindularitzaren kategoria gorenaren mailako urteko aurrekontuarekin. Erronka da erreferentziazko taldea izatea nazioartean, emakumearen irudia indartuz, harrobiko txirrindulari gazteei beren kirol-ametsak betetzeko aukera emanez eta euskal emakumezkoen txirrindularitzaren bandera munduan altxatuz.
Hasitako bide horretan eskutik doaz LABORAL Kutxa, babesle nagusia; HZ EIDF Energy, bigarren babeslea; Euskadi Fundazioko bi bidelagun, hala nola Orbea eta Etxeondo, eta proiektuarekin leialki konprometituta dauden beste enpresa batzuk: Urbycolan, Irizar eta Skoda Menabi.
Etxeondoko CEO Patxi Rodrigok, berriz, LABORAL Kutxak babestutako bi taldeen larruazal berria aurkeztu du. Jantzi fresko eta estiloduna da, kolore-paleta berrituz eta Euskadi Fundazioaren eta gure lurraldearen balioak irudikatzen dituzten irudiez hornitua. Naia Amondarain, Idoia Eraso, Eider Merino eta Usoa Ostolaza izan dira modeloak oraingoan.
Babesle nagusia den aldetik, LABORAL Kutxa nabarmentzen da maillotaren aurreko aldean. Sorbaldetan, HZ EIDF Energy ageri da, bigarren babeslea, Etxeondo, Urbycolan eta UCI Continental taldearen logoa lagun dituela. Alboetan, berriz, Orbea dago, eta Skoda Menabi eta Irizar, mahuketan. Bizkarraldean ere LABORAL Kutxak hartzen du zabalera osoa. Kulota guztiz beltza da, eta Euskadi Fundazioa du atzealdean eta HZ EIDF Energy alboetan. LABORAL Kutxaren eta Etxeondoren logoak ere ageri dira.
Marije Etxaniz, LABORAL Kutxako komunikazio-zuzendaria: «Emakumeek kirolaren edozein alorretako eta, jakina, gure gizarteko elitearen parte izan behar dute, beren eskubidez. LABORAL Kutxak proiektuari laguntzen jarraituko du, Euskadin emakumezkoen kirol-erreferente bat finkatzeko eta emakumeen eskubideen banderaduna izateko. Hala, beste erronka batzuen artean, taldeko txirrindulari guztientzako diru-sarrera duinak bermatzeko konpromisoa hartu dugu, datorren urtean gizonezko profesionalekin parekatu ahal izateko».
Aitor Galdós, emakumezkoen LABORAL Kutxa taldearen manager nagusia: «Euskadi Fundaziotik, oro har, eta LABORAL Kutxa taldeetatik, zehazki, eskerrak eman nahi dizkiogu LABORAL Kutxari, orain arte jasotako laguntzagatik eta etorkizunera begira duen konpromisoagatik; haiek eta gainerako babesleak gabe ezinezkoak lirateke egindako bidea eta aurrean duguna. Ibilbide-orria egin dugu, talde hau munduko elitera eramateko asmo sendoarekin, eta, Euskadi Fundazioaren balioei jarraikiz, harrobiko taldea izango da nagusiki, euskal emakume txirrindularirik onenekin eta nazioarteko talentuari uko egin gabe.
Horretarako, 16 txirrindulariko plantilla egin dugu 2023rako. Talde gaztea da, baina esperientzia handia du mundu profesionalean. Anbizio handiko egutegia hautatu dugu: WorldTour lasterketei lehentasuna emanez, baina egutegi hurbilagoko gainerako probei uko egin gabe. Gainera, profesional-talde handi bat ere badugu, lehiaketa barruan eta lehiaketatik kanpo taldeari euskarria emateko, kirolean, arlo sozialean eta aukera-berdintasunean erreferente izan dadin. Beraz, ilusiorik handienarekin ekingo diogu datorren urteari».
Patxi Rodrigo, Etxeondoko CEOa: «Etxeondon ilusio berezia egiten digu Euskadi Fundazioaren balioak eta esentzia maillot batean jasotzeak. LABORAL Kutxa Team 2023 taldearen jantziaren irudia lurraldearekiko konpromisoaren emaitza da, eta, gainera, elementu grafikoek zein koloreek freskotasun- eta moda-ukitu hori ematen diote, txirrindulariek lehiaketan diz-diz egin dezaten».
LABORAL Kutxa 2023: Naia Amondarain (berria), Mireia Arriazu (jarraitu egingo du), Inés Cantera (berria), Ariana Gilabert (jarraitu egingo du), Yurani Blanco (jarraitu egingo du), Tania Calvo (jarraitu egingo du), Idoia Eraso (jarraitu egingo du), Lija Laizane (berria), Eider Merino (berria), Usoa Ostolaza (jarraitu egingo du), Nadia Quagliotto (berria), Marta Romeu (berria), Alba Teruel (berria), Aileen Schweikart (berria), Mireia Trías (berria) eta Eneritz Vadillo (berria).