Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

“Laboral Kutxa” da Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak bat eginda sortutako kreditu kooperatiba berriaren izena.

  • Iazko martxoan eman zen ezagutzera integrazio-prozesuaren hasiera eta azaroan eratu zen Entitate Juridiko berria.
  • Izen eta logo berriek kreditu-kooperatibaren balioak eta bereizgarriak irudikatzen dituzte.
  • Integrazio operatiboa datorren urrian amaituko da.

Proiektu kooperatiboa

Iazko martxoan eman zuten Euskadiko Kutxaren eta Ipar Kutxaren arteko elkarrizketen hasieraren berri. Bi kooperatibek proiektu komunaren aldeko apustua egin zuten, kooperatibismoaren balio eta printzipioetan oinarritutako banka-eredua bultzatzeko helburuarekin.

Integrazioak sendotu egin du euskal kreditu-kooperatiba berria: Euskal Herriko bigarren finantza-entitate nagusia eta Estatuko bigarren kreditu-kooperatiba da. Gainera, bere posizioa indartu egin du, batez ere Bizkaian eta Araban. EAEko 750.000 herritar baino gehiago dira kooperatibaren bezero. Guztira, 1.300.000 bezero ditu Entitateak.

Aliantzaren bidez indartuko den gizarte-ekonomiako proiektu kooperatibo honen oinarriak pertsonen parte-hartzea eta inplikazioa dira, eta helburuak bezeroen gogobetetasuna eta ingurunean aberastasuna eta enplegua sortzea. Banka egiteko eredu alternatiboa da, izateko eta gauzak egiteko beste modu bat. Horren oinarriak barruko eta kanpoko lankidetza eta gizartearekin dituen sustraiak eta konpromisoa dira.

Agertoki berri horretan, Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak hainbat balio jarriko dituzte proiektuan, hala nola inplikazioa, erantzukizuna, parte-hartzea, gizarte-eraldaketa, lankidetza eta autokudeaketa.

Finantza-sistemaren berregituraketaren aurrean, integrazioak “banka egiteko beste modu bat” finkatu nahi du, erantzun alternatiboa eman, proiektuaren jabe diren lan-bazkideak euskarri dituena.  Proiektuak bultzatu egingo ditu pertsonen balioa eta kudeaketaren demokratizazioa,  gizartearekin konprometitutako banka arduratsuaren irizpideetan oinarrituta.

Entitatearen kaudimena

Laboral Kutxak 24.400 milioi euroko aktiboak, 421 sukurtsal eta 2.126 lan-bazkide ditu. Bestalde, merkatu hauetan dago sartuta: EAEn, Nafarroan, Aragoin, Errioxan, Gaztela eta Leonen, Kantabrian, Asturiasen eta Madrilen.

Bat-egiteari esker, gure kreditu-kooperatiba Euskal Herriko bigarren finantza-erakundea eta estatuko bigarren kreditu-kooperatiba da. Bereziki, Bizkaiko eta Arabako lurraldeetan zuen presentzia sendotu du.

Laboral Kutxak merkatu-kuota nabarmenak lortu ditu EAEko eta Nafarroako bankuen artean. EAEko 750.000 lagunetik gora dira kooperatibako bezero; Nafarroan, berriz, 110.000tik gora. Guztira, Laboral Kutxak 1.300.000 lagunetik gorako bezeria du, jarduten duen gainerako erkidegoak barne hartuta.

Sortu ondorengo bost hiletan, 58,7 milioi euroko mozkinak lortu ditu.

Kapital nagusian, hau da, arriskuaren arabera haztatutako aktiboekiko lehen kategoriako baliabide propioen tasa islatzen duen adierazlean, kreditu-kooperatibak % 10,96ko ratioa lortu du, 2012ko itxieran. Horrenbestez, ondarearen aldetik, Entitateak egoera sendoa du etorkizunari begira, eta aise gainditzen du 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera eskatu den gutxieneko % 9ko maila.

Entitateak likidezia-egoera ona du. Hain zuzen, estatuko finantza-sistema orokorretik bereizten duen beste faktoreetako bat da hori. Hala, emandako kredituekiko gordailuen ratioa % 86,9koa da, 2012aren itxieran; sektoreko entitateen batez besteko ratioa, berriz, % 70,9koa da.

Bestalde, zailtasun ekonomikoz betetako garai honetan, Laboral Kutxaren berankortasun-tasa % 6,95ekoa zen aurreko ekitaldiaren amaieran. Zifra hori ere nabarmen txikiagoa da sektorearen batez bestekoa baino, % 10,4ra iritsi baitzen nazionalizatutako erakundeen zalantzazko aktiboak Sareb-era eraman ondoren, eta % 11,4ra, eraman aurretik.

zifrak

Bat egiteko prozesua amaitu ondoren, Fitch kalifikazio-agentziak Kreditu Kooperatibaren kalifikazioa berrikusi zuen, iragan otsailaren 1ean, eta BBB kategoria eman zion, hau da, Laboral Kutxaren tamaina duen entitate batek Estatuan izan dezakeen handiena.

Fitchek honako bi zutabe hauen gainean oinarritzen du Euskadiko Kutxa Ipar Kutxaren kalifikazioa: entitatearen kapitalizazio sendoa eta erakutsi dituen indar indibiduala eta baliabideak sortzeko gaitasuna. Era berean, finantza-egitura egokia eta gordailu-zorro handi eta egonkorra nabarmendu ditu, baita lehiakideek baino berankortasun txikiagoa izatea ere.

BBVA BBB+
Caja Laboral-Ipar Kutxa BBB
Santander BBB
Kutxabank BBB
Caixa Bank BBB
Banco Popular BB+
Banco Sabadell BB+

Identitate kooperatiboa

Logoa egiterakoan, kontuan hartu dute bi entitateak gogora ekarri behar dituela, bai horien koloreak bai horien izenak.

IZENA sinplifikazio naturala, laburra eta arina da. Bi entitateen erreferentziak hartzen ditu. Horregatik, erraz ezagutuko dute jatorrizko entitateetako bezeroek eta publiko orokorrak.

Semantikaren ikuspegitik, “laboral”  hitzak alderdi positiboa ematen du aditzera (profesionala, lana, ahalegina, eraginkortasuna) eta “kutxa” hitzak nortasun euskalduna adierazten du zuzen-zuzenean.

LOGOAK bi kreditu-kooperatiben gama kromatikoen osagaiak hartu ditu, kolore horiek oso bereizgarriak baitziren sektorean. Hala, jatorrizko bi entitateen kolore nagusiak batuta, banka kooperatiboaren sinboloa den elkargunea irudikatu du.

Entitatearen Batzar Nagusian ofizialki aurkeztu ondoren hasiko da erabiltzen “LABORAL Kutxa” marka berria. Pixkanaka azalduko da komunikazio-elementuetan: errotuluak, merkataritza-paperak, txartelak, publizitatea… Horien adibide batzuk erantsi ditugu.

Anagrama berria:

Laboral Kutxa

Sukurtsal batean jarrita:

Errotulua sukurtsalean

“Laboral Kutxa” izen korporatiboarekin batera, sukurtsaletako errotuluen ezaugarri bereizgarrietako bat “Banka Kooperatiboa” erreferentzia izango da. Banka egiteko dagoen beste modua identifikatu nahi dugu horrela, eredu kooperatiboa, bi entitateek bat egin aurretik jada erabiltzen zutena.

Bi entitateen integrazio-prozesuan emandako beste urrats bat izan da bi markak bateratzea, gure proiektu kooperatiboa finkatzeko bidean. Horren bidez, gure jatorriari eutsita, erakutsi nagi dugu badela banka egiteko beste modu bat, gizarte-erantzukizuna eta bereizten gaituen espiritu ekintzailea erabiliz, orainari eta etorkizunari begira gaudela, gure ingurunearekin eta gizartearekin konprometiturik eta horren hazkundea lagunduz.