Prentsa oharrak
Dirua berehala eta txartelik gabe bidaltzeko aukera eskaintzen duen “Hal Cash” zerbitzuaren alde egin du LABORAL Kutxak, bezeroen ustekabekoetarako
Zerbitzua gehiago erabiltzen da oporretan, txartelen lapurretak edo galerak tarteko
- Sistema horri esker dirua erraz bidal daiteke mugikorreko mezuen bidez, gero kutxazainetan jasotzeko
- Zerbitzua erabat doakoa eta bat-batekoa da, eta hartzailea ez da nahitaez finantza-erakunde bateko bezero izan behar; gainera, ez du txartelik behar dirua kutxazainetik eskuratzeko
- LABORAL Kutxan 600 euro bidal daitezke gehienez bidalketa bakoitzeko
2014ko uztailaren 8a. LABORAL Kutxaren Hal Cash doako zerbitzuarekin txartelik erabili gabe eskura daiteke dirua kutxazainetan. Banku-zerbitzuaren bidez edozeini bidal diezaiokegu dirua haren telefono mugikorra erabilita, eta diru hori berehala jaso daiteke 15.000 kutxazain baino gehiagotan, bankuko bezero edo kreditu-txartelen erabiltzaile izan gabe ere.
Sistema oso erabilgarria da egoera jakin batean seme-alabei dirua bidali nahi dieten gurasoentzat, senitarteko edo lagunen bati laguntzeko, jasotako zerbitzuak ordaintzeko edo bidaian abiatu aurretik norbere buruari hal bat bidaltzeko, horrela, diru gabe geldituz gero, lapurreta pairatu edo aurreikusi baino gehiago gastatuta ere, zenbateko hori eskuragarri izango baitu.
Funtzionamendua
Dirua bidaltzeko prozedura oso erraza da.Bezeroak agindua ematen dio entitateari ordainketa telefono zenbaki bati egiteko, eta lau zenbakiko segurtasun-gakoa adierazten dio.LABORAL Kutxaren Hal Cash sistemari esker bezero guztiek bidal dezakete dirua edonoren telefono mugikorrera, horretarako nahi duten kanala erabiliz, online banka, sukurtsala, mugikorra, kutxazaina edo sms-a.
Hal Cash eragiketa burutu ondoren hartzaileak testu-mezua jasoko du bere mugikorrean, transferitu zaion zenbatekoaren eta bigarren gako baten berri emango diona. Bi gakoak erabiliz sistemarekin bat egin duten entitateetako edozein kutxazainetan jaso dezake dirua. Horretarako, kutxazainaren pantailan azaltzen den Hal Cash logoa hautatu beharko du. Zerbitzuan sartu eta bertan eskatuko dizkioten datuak tekleatu ondoren, onuradunak dirua berehala jaso ahal izango du, inongo txartelik erabili gabe.
Zerbitzuaren abantailak
Hal Cash sistemak abantaila ugari ditu, izan ere, zerbitzua eskaintzen duten Hal sareko edozein kutxazainetan kobratzeko aukera ematen baitu, sukurtsalak zabaltzeko zain egon gabe eta inongo txartelik erabili gabe. Gainera, transferentzia egitea baino azkarragoa da, eguneko 24 orduetan egin daiteke eta erabat doakoa da.
Ezaugarri nagusiak
LABORAL Kutxak ziurtatzen du erabiltzailearentzat modu oso errazean eta seguruan burutuko direla bidalketak.
Agindu guztiak eguneko 24 orduetan eta Espainiako edozein tokitatik egin daitezke, eta bidalketa bakoitzeko gehienezko zenbatekoa 600 €-koa da.Agindua 10 egunetara indargabetuko da, eta kasu horretan eragiketako zenbatekoa agindu-emailearen kontura itzuliko da.
Hartzaileak zerbitzua eskaintzen duten Hal sareko edozein kutxazainetan jaso ahal izango du dirua. Ez du txartelik behar eta ez du zertan entitateko bezeroa izan.Mugikorra besterik ez du behar.