Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK 274 MILIOI EUROKO IRABAZI GARBIA LORTU DU 2024AN

 

  • LABORAL Kutxak bere abantaila finkatu du, kaudimenari dagokionez, % 24,85eko CET1 ratioarekin

  • Merkataritzako kreditu-inbertsioa % 3,8 hazi da, 2024an formalizatutako finantzaketa berriaren bultzadaren ondorioz, % 10,2 egin baitu gora

  • Inbertsio-funtsen ondarea % 20,2 handitu da

  • 2024an, Global Alliance for Banking on Values nazioarteko elkartean sartu da LABORAL Kutxa, balio sozial eta etikoekin jarduten duten nazioarteko erakunde-taldean

 

2025eko otsailaren 18a.–2024ko ekitaldian egiaztatu denez, hazkunde ekonomikoa izan da banku zentralen kezka nagusia. Hala eta guztiz ere, diru-politika aldatu egin den arren, errentagarritasun-leihoak aparteko emaitzak sortzen jarraitu du, urtean zehar, bankuen sektorean.

Testuinguru horretan, LABORAL Kutxaren jarduna ezin hobea izan da errentagarritasunari dagokionez; gainera, negozio-arlo nagusiek ekarpen orekatua izan dute, eta arriskuaren gestioa egokia izan da. Urteko bigarren seihilekoan puntu bat jaitsi bada ere gordailutzeko erraztasuna, goranzko joera sendoa erakusten duen emaitza lortu du MONDRAGONeko kreditu-kooperatibak, azken urteotan efizientzia handiz jokatu izanari esker. Horrenbestez, zerga ondorengo irabazia % 23,3 hazi da —274,5 milioi eurokoa izan da—.

Beraz, LABORAL Kutxak ekitaldi honetan ere berretsi egin ditu banku-jarduera gauzatzeko bere eredu desberdin, kooperatibo eta eraldatzailearen ezaugarriak; izan ere, finantza-osasun sendoa erakutsi du. Horri esker, erresilientzia handiagoa du eta hurrengo ekitaldietan emaitzak sortzeko abantaila lortu du, banku-negozioaren finantza-adierazle nagusien hobekuntzak agerian uzten duenez. Entitatearen sendotasuna, CET1 kaudimenaren bidez neurtua, % 24,85era iritsi da ekitaldiaren amaieran; LTD likideziaren ehunekoa nahiko handia da, % 64,16koa, eta, negozioaren errentagarritasunari dagokionez, ROEa % 12,32ra iristea lortu du kreditu-kooperatibak.

 

Emaitza-kontua

LABORAL Kutxak ohiko banku-negozioan oinarritu ditu ekitaldiko emaitzak. Interes-marjina, kreditu-zorroaren ekarpenak eta Entitatearen altxortegiaren handizkako jarduerak bultzatuta, 642 milioi eurokoa izan da; hau da, % 14,9ko hazkundea izan du 2023ko itxieraren aldean.

Bestalde, zerbitzu-komisioen sarrera garbiak % 4,6 hazi dira, eta 137,2 milioira iritsi, batez ere ordainketa-zerbitzuei eta inbertsio-zerbitzuen eta aurreikuspen- eta pentsio-planen aurrerapenari esker. Horien ekarpena % 15 handitu da, eta urtearen erdialdetik aurrera entitateak bere bezero guztientzat egindako komisioen salbuespen orokorraren eragina orekatzea lortu du. Horren guztiaren ondorioz, oinarrizko marjina 779,2 milioira heldu da; hau da, urtetik urtera % 12,9ko hazkundea izan du. erakundeak.

Marjina gordinak % 25,7 egin du gora urtetik urterako konparazioan, eta 753,5 milioira heldu da, nahiz eta finantza-eragiketen emaitza negatiboa izan, zor publikoko zorroen salerosketa-eragiketetan (hurrengo ekitaldietan sarrerak bermatzeko egindakoetan) kontabilizatutako minusbalioen ondorioz.

Gastu eta amortizazioen erregistroa 311,3 milioikoa izan da, % 13ko gorakada izan ostean. Administrazio-gastuak, oro har, % 13,4 hazi dira, pertsonal-gastuen eta Entitatearen agenda eraldatzailean egindako inbertsio handiaren ondorioz; hor sartzen da, halaber, bulego-eredu berria hedatzearen eragina.

Zuhurtzia handiz jokatzearen ondorioz LABORAL Kutxaren kreditu-zorroak narriadura-zantzurik agertu ez badu ere, horniduretarako, saneamenduetarako eta bestelako narriaduretarako atala 117,9 milioi eurokoa izan da.

Aurreko partida guztiak batu eta gero, 2024ko ekitaldiko zerga aurreko irabazia 324,3 milioi eurokoa izan da, eta, zergetan 49,7 milioi euro ordaindu ostean, kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetan zuzkidura egin aurreko irabazi garbi bateratua 274,5 milioi eurokoa izan da; hain zuzen, % 23,3 handitu da aurreko ekitaldiarekin alderatuta.

 

Abantaila nabarmena kaudimenean eta likidezian

2024ko ekitaldi-amaierako irabaziari esker, % 24,85era igo da Entitatearen CET1 kaudimen-ratioa; hau da, oinarrizko 100 puntu hazi da 2023koaren aldean. Horrek tarte handia ematen dio erregulatzailearen errekerimenduari ( % 11,63).

Bestalde, Entitatearen gordailuen bolumenaren eta kredituen arteko aldea kontuan hartuta, % 64,16koa da entitatearen LTD (Loan to Deposits) likidezia-ratioa; mardula, beraz. Epe laburreko likideziari dagokionez, berriz, % 543,19koa da LCR (Liquidity Coverage Ratio) ratioa; hots, arautzaileak ezarritako % 100ekoa baino askoz handiagoa.

Hori dela eta, orotara, LABORAL Kutxak lidergo-posizioetan jarraitzen du urte batzuetatik hona, bai bere funts propioengatik —den-denak kategoriarik handienekoak—, bai bere likidezia-koefizienteengatik.

 

Zalantzagarritasuna beherantz

LABORAL Kutxak kreditu-zorroaren kalitatea hobetzea lortu du, hondatutako zorroak saltzeko eragiketarik egin beharrik gabe. Berankortasun-tasa oinarrizko 14 puntu jaitsi da azken ekitaldian, eta % 2,46an kokatu. Ratio hori oso positiboa da, banku-sektore osoak erregistratu duen berankortasunarekin alderatzen badugu (% 3,26koa izan da, azaroko azken datuaren arabera).

 

Aurrezkiaren bilakaera eta inbertsio-zerbitzuak

LABORAL Kutxaren baliabide bitartekotuak 31.452 milioi eurora iritsi dira urtearen amaieran, eta 2.247 milioi euro hazi dira ekitaldian; % 0,77, alegia.

Atalen arabera, familien eta enpresen balantzearen barruko baliabideak —ageriko kontuak, aurrezki-kontuak eta eperako gordailuak— % 5 handitu dira. Epe finkoko gordailuetarako ordainsari erakargarrien eskaintzari eutsi dio Entitateak, eta bezeroen aurrezkiaren zati handi bat bereganatzen jarraitu du. 2.150 milioitik gorako hazkundea metatu du urtean: % 59,8ko igoera urtarriletik abendura.

Balantzetik kanpoko baliabideei dagokienez, nabarmentzekoa da bezeroek gero eta konfiantza handiagoa dutela LABORAL Kutxaren inbertsio-zerbitzuetan, eta, horri esker, inbertsio-funtsen atalak bilakaera nabarmena izan duela: ekitaldian zehar, gestiopeko ondarea 1.040 milioitik gora handitu da; hau da, % 20,2 urtetik urtera. Datu horrek berretsi egiten du azken hiru ekitaldietako goranzko dinamika bizia —% 20tik gorako hazkundea lortu da beti—, bai eta LABORAL Kutxak inbertsio-zerbitzuak bultzatzen jarraitzeko duen helburua ere.

Balantzetik kanpoko figuretan —BGAEa, pentsio-planak eta bizitza-aurrezkiko aseguruak barne direla—, bultzada handia izan da: % 15,5eko hazkundea lortu dute urtean.

 

Familien eta enpresen kreditu-inbertsioa

2024ko abenduaren 31n erregistratutako kreditu-inbertsioaren bolumen osoak % 0,9 egin du gora aurreko ekitaldiaren aldean, eta 15.124 milioi euroan kokatu da.

Orobat, kreditu-emakida berriek amortizazioen erritmo bizia konpentsatzea lortu dute. Bezero partikularren arloan, nabarmenagoa izan da erritmo hori; izan ere, familien kreditu-saldoak ez dira ia aldatu, hipoteka-kredituen saldoen bilakaerarekin bat etorriz. Etxeko kontsumorako finantzaketaren esparruan, berriz, negozioa hazi egin da 2023az geroztik; % 1,6 inguruko bilakaera positiboa izan du, saldo osoarekin eta urteko formalizazioen bolumenarekin alderatuta.

Enpresekiko negozioan, LABORAL Kutxak eutsi egin dio industria-sarea garatzen laguntzeko bokazioari, segmentu horrek urtean formalizatutako kreditu eta maileguen bolumenak erakusten duenez; izan ere, urtetik urtera % 10,2ko hazkundea izan du. Ildo horretan, sare espezializatuak kudeatzen dituen konpainiarik handienei emandako finantzaketa nabarmentzen da, % 9,8 egin baitu gora. Hortaz, oro har, merkataritzako kreditu-inbertsioaren saldo garbia % 3,8 hazi da urtarriletik abendura arte.

 

Aseguruen negozioa

Bizitzakoak ez diren aseguruen ataleko primak 142,9 milioi eurokoak izan dira, guztira; hau da, urtetik urtera % 7,8 handitu dira. Auto-aseguruen bolumena 75,9 milioi eurokoa izan da, % 5,5 handiagoa, eta kontratatutako etxe-aseguruen guztizko bolumena 53 milioi eurokoa, aurreko ekitaldian erregistratutakoa baino % 8,9 handiagoa.

Bestalde, bizi-aseguruen primak 55,7 milioi eurokoak izan dira guztira; beraz, % 6ko beherakada izan dute.

Nabarmentzekoa da ICEAk Seguros Lagun Aro Estatuko aseguru-etxe guztien arteko konparazioaren lehen postuetan kokatu duela; bigarren postua lortu du bezeroen gogobetetzearen atalean, bai autoen arloan, bai etxeko arloan.

 

Digitalizazioko aurrerapenak eta bulego-eredu berria

LABORAL Kutxak bere proposamen omnikanala finkatzen jarraitzen du, eta bateragarri egiten ditu arreta digitala eta aurrez aurrekoa. Horrela, errespetatu egiten du bezeroak Entitatearekin harremanetan jartzeko aukeratzen duen bidea.

LABORAL Kutxan profil digitala duten bezeroak gehiengoa dira, % 64 inguru, eta, eskatutako zerbitzuaren tipologiaren arabera argi eta garbi ikusten da bezeroen arteko bereizketa. Beraz, bulego-sarean, transakzioak gutxitzen ari dira, eta aholkularitza-zerbitzua, berriz, areagotzen. Hori dela eta, LABORAL Kutxak bulego-eredua egokitu du, apurka-apurka, funtzio anitzeko eremu zabal eta atseginagoak jarriz, bezeroei erabakiak hartzen aurrez aurre edo urrunetik laguntzen dieten espezialistek lekua izan dezaten.

MEET tresnen —txata, urrutiko dokumentu-gestorea eta bideokonferentzia— bidezko interakzioen kopurua % 8,6 handitu da urtean zehar, eta nabarmentzekoa da onlineko bideokonferentziaren erabilerak % 22 egin duela gora.

Gailu digitalei dagokienez, askotariko erabilera dago, baina % 93k telefono mugikorra erabili du Online Bankan sartzeko —ehuneko hori % 98raino igotzen da bezero gazteen artean—. Azpimarratzekoa da ordainketen % 20 mugikorraren bidez egiten dela, 2023an baino % 30 gehiago.

Bestalde, e-commercearen bidez egindako erosketei dagokie bezeroek egindako ordainketen % 21. Saltokietako kobrantzetan, bestalde, Entitateak merkataritza-ahalegin arrakastatsua egin du joan den ekitaldian, eta LABORAL Kutxaren saltokiko terminaletan erregistratutako erosketen bolumena % 11 handitzea lortu du.

Berrikuntzaren eta zerbitzu digital berrien arloan, 2024an webgune komertziala eta LK Pay ordainketa-aplikazioa berri izana da aipatzekoa. Gainera, onlineko funtzionalitate berriak ezarri dira aseguruen atalean; esaterako, Multiaseguru Kontuan alta ematea eta mugikortasun-aseguruak urrunetik kontratatzea. Gainera, beste aurrerapen garrantzitsu batzuk ere egin dira bezeroentzat hobekuntzak ezartzeko, auto- eta etxe-aseguruak kontratatzen dituztenean.

 

Bezeroekiko konpromisoa

LABORAL Kutxa kreditu-kooperatiba bat da, eta banku-zerbitzuak eta, Seguros Lagun Aro SA konpainiaren bitartez, aseguruak eskaintzen dizkie 1,2 milioi pertsonari baino gehiagori. Horien leialtasun-tasa oso handia da, jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea dela eta.

Ildo horretan, Forbes aldizkariaren arabera, Estatuan diharduen bigarren bankurik onena da LABORAL Kutxa. Halaber, Stiga enpresaren EQUOS azterketak lehen postuan kokatu du Entitatea, hipoteka eta inbertsio-zerbitzuetako merkataritza-zerbitzuaren kalitatean.

LABORAL Kutxak epe luzera sendotu nahi du baloreak dituen banka zintzo, hurbil eta profesionala praktikan jartzeko konpromisoa. Hori dela eta, ZENTZUA proiektuaren barruan, partaidetzako prozesu bat bideratu du, eta, hartan, bezeroekiko harremanean balio- eta konpromiso-esparru bat eratzen lagundu dute 150 pertsona bezero eta ez-bezero baino gehiagok, Entitateko bazkide langileekin batera.

LABORAL Kutxa Global Alliance for Banking on Values (GABV) elkartean sartu da. Printzipio eta balio sozial eta etikoekin jarduten duten finantza-erakundeen nazioarteko talde nagusia da, eta banku-jarduera gauzatzeko beste modu baten alde egiten du, finantzen errentagarritasuna pertsonen eta planetaren zerbitzura jarriz.

 

Jasangarritasuna

Bezero aurreztaileei inbertsio jasangarriak eskaintzeko eta familia eta enpresen artean arlo horretako finantzaketa bultzatzeko estrategiaren barruan, aipatzekoa da LABORAL Kutxak bere inbertsio-produktuen bidez jasangarritasunarekin duen konpromisoa, produktu-kategoria horretan egindako inbertsioen gorakada nabarmenak erakusten duenez; izan ere, 400 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du arlo horretan urtarriletik abendura bitartean. Produktu horietako batek, LK Konpromiso funtsak, bezeroek aukeratutako erakundeei ematen die gestio-komisioaren zati bat. Horri esker, 425.000 euro bideratu dira gizartean inpaktu positiboa izango duten proiektu eta ekintzetara.

Eta enpresentzako finantzaketa jasangarriaren esparruan, ematen duen kreditu-bolumena handitzen jarraitzen du LABORAL Kutxak; hain zuzen ere, 2024ko ekitaldian 290 milioi euro eman ditu ekonomia zirkularrarekin, etxebizitza efizientearekin, mugikortasun jasangarriarekin, energia berriztagarriekin eta biodibertsitatearekin lotutako maileguetan, besteak beste.

Ildo berean, energia-efizientzia handituz klima-aldaketari aurre egiteko lehentasunezko helburuarekin, LABORAL Kutxak bulego berezi bat jarri du martxan, jabeen erkidegoei etxebizitzen birgaikuntzan laguntzeko. Helburu horretarako emandako kredituen kopuruak bultzada nabarmena izan du urtearen hasieran, eta ehun eragiketa baino gehiago egin dira 2024an.

 

 

EMAITZA-KONTU BATERATUA (mila €-kotan)

 

  2023 2024 Ald. (%)
INTERESEN MARJINA 558.876 641.954 % 14,87 
KOMISIOAK 131.189 137.198 % 4,58
OINARRIZKO MARJINA 690.065 779.151 12,91 
DIBIDENDUAK, FINANTZA-ERAGIKETEN EMAITZA ETA BESTELAKOAK –90.637 –25.676 –% 71,67
MARJINA GORDINA 599.428 753.475 25,70 
ADMINISTRAZIO-GASTUAK ETA AMORTIZAZIOAK 275.616 311.322 % 12,96
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURAK (+) / ASKAPENAK (–) 66.536 117.899 % 77,20
ZERGA AURREKO EMAITZA 257.276 324.254 % 26,03 
IRABAZIEN GAINEKO ZERGAK 34.538 49.697 % 43,89
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA(*) 222.738 274.557 % 23,26 

(*)Kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetarako zuzkiduraren aurretik.

 

 

BESTE MAGNITUDE BATZUK

 

CET 1 (COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA % 24,85 
LIKIDEZIA (Loans To Deposits) % 64,16 
BERANKORTASUNA % 2,46