Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Laboral Kutxaren Gaztempresa Fundazioak 211 enpresa berri martxan jartzen lagundu du 2012an, eta enpresa horiek 389 LANPOSTU BERRI SORTU dituzte

Ekintzaileen profila:

  • Generoa: % 50 emakumezkoak eta % 50 gizonezkoak.
  • Adina: Ekintzaileen batez besteko adina 36 urtekoa da.
  • Lan-egoera: % 55 langabezian zegoen.
  • Ikasketak: % 27k unibertsitate-ikasketak ditu.
  • Jarduera-sektorea: % 63k zerbitzuetan dihardu, % 33k merkataritzan eta % 4k bestelakoetan.

Emaitzak lurraldeko

LURRALDEA  ENPRESA KOP. SORTUTAKO LANPOSTUAK
ARABA

66

127

BIZKAIA

78

153

GIPUZKOA

41

66

NAFARROA

28

43

GUZTIRA

211

389

 

Ekonomiari erreparatuz, 2013. urtea ziurgabetasunez beteta etorri zaigu. 2007an abiatu zen krisiak ikaragarri eragin du azken bosturtekoko ekonomia globalean, eta badirudi oraindik denboratxoa beharko dela irteerara heltzeko.

Oro har, hazkunde-igurikimenak % 3 ingurukoak dira, nahiz eta alde handia egon geografia-eremu batetik bestera. Horrela, bada, goraka ari diren herrialdeen portaeran euskarritu da hazkundea; izan ere, herrialde horietako tasak goraka ari dira, eta % 4tik gorako erregistroak lortu dituzte. Erraldoi iparramerikarra, bestalde, monetaren eta zergen alorreko ahalegin handiak ari da egiten, eta % 2 inguruko tasara heldu da.

Zoritxarrez, ibilbide-orri argirik ez izatearen ondorioz, Europan pilatu dira zalantzarik handienak. Mende-hasierako gehiegikeriek eragindako arazoek irtenbiderik gabe jarraitzen dute, eta, beraz, ezin da hazkunderik eta enplegurik sortu. Hain zuzen ere, Euroguneak 2013an atzeraldian jarraitzea espero da, eta BPGa % 0,5 inguru erortzea.

Jakina, Espainia da portaera negatiboena duten herrialdeetako bat. Eta, zalantzarik gabe, langabezia-tasa da krisiaren adierazlerik gordinena, eta herritarren zati handi bat bizi izaten ari den egoera larriaren erakusgarri. Espainian, % 27ra iritsi da dagoeneko. EAEn eta Nafarroako foru-erkidegoan, berriz, % 16ra eta % 19ra hasi da goratzen.

Lurralde historikoei erreparatuz, Bizkaia % 18an dago, Araba % 16an eta Gipuzkoa % 13an. Hori guztia, beraz, krisiaren eta 2012ko urtearen eragina izan da, industriaren geraldia oso handia izan baita industriaren sektorearen balio erantsi gordina BPGaren guztizko balioaren laurdena duten bi erkidegoetan.

Negozio txikiak abian jartzea gero eta zailagoa da hainbat arrazoirengatik. Batetik, barne-merkatua helburu duen jarduera industrialak eta, batez ere, kontsumoak uzkurdura handia izan dute, eta horiek eragile nagusiak dira mikroenpresen eta autoenpleguaren sorreran. Bestetik, sektore finantzarioaren finantzaketak ere behera egin du nabarmen.

Agertoki asaldatu horretan, gure Fundazioak are garrantzi handiagoa du. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, Gaztempresak % 14,6 enpresa gehiagoren sorrera finantzatu du 2012an, eta emandako finantzaketa 5,175 milioi eurotik gorakoa izan da. Horrela, bada, enpresa-jarduera berriak sortzeko babesari dagokionez, Euskadiko fundazio aitzindaria gara, berriz ere.