Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Kirmen Uribek eta Beñat Garaiok jaso dute Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria

 

 

Senide, lagun eta kulturaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloetako ordezkariek lagunduta, bi sarituek jaso dute diploma Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien alorretan beren eskarmentu profesionala eta ikerketa proiektua aintzatesten duena

 

Bilbo, 2023ko uztailak 20. Bilboko Euskalduna jauregian eman dute gaur Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria, 1995etik Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien alorretan curriculumik onenak saritzen dituena, eta, 2019tik aurrera, baita gazteek aurkeztutako sorkuntza- edo ikerkuntza-proiektuak ere. 2023ko edizioan Kirmen Uribe idazlea eta Beñat Garaio soziolinguistika-ikertzailea izan dira sarituak, hurrenez hurren.

Erakundeetako eta kulturaren, hezkuntzaren zein gizartearen esparruetako ordezkari ugari bildu dituen ekitaldiari hasiera emateko, Fernando Tapia Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak Gazte Sariaren epaimahaiaren akta irakurri du.

Beñat Garaiok Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen proiektuagatik irabazi du saria eta, garaikurra jaso ondoren, hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean egin duen 10 urteko ibilbidea aipatu du. Jardun horrek zenbait sari ekarri dizkio. Hala ere, atsekabez adierazi du ikerkuntza-lana ez dela, hemen eta orain, nahikoa balioesten. Hori dela eta, ikerkuntzaren ildoa alde batera uztea erabaki duela jakinarazi du, jardun horrek merezi duen duintasunezko baldintzak eskainiko dituen aukeraren bat sortu artean. Bukatzeko, talentuaren ihesaren aurkako neurriak hartu beharraz ohartarazi du.

Miren Iñarra Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak ezagutarazi du epaimahaiak Kirmen Uriberen alde plazaratutako epai arrazoitua.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak nabarmendu duenez, idazle bati eman dakiokeen saririk handiena “ahots propioa” duela aitortzea da. Horixe da Kirmen Uriberen kasua, Bitartean heldu eskutik lehen poesia-liburutik hasita. Nolanahi ere, haren hitzetan, “begirada propioa izatea” da garrantzitsuena, munduko buruhausteen inguruan “gogoeta artistikoa egiteko ikuspegi propioa izatea”. Eta ahots hori, begirada hori, eraikitzea urteetako lana da, eta apaltasuna behar da horretarako. Ana Urkizaren iritziz, hala dihardu idazleak: “Kirmen gure herriaren, hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegi propioa eraikiz ari da, gure herri ikuspegiari hegoak jarriz, eta gu ere unibertsal bilakatuz”.

Gazte Sariari dagokionez, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu du Beñat Garaio dela “belaunaldi berrientzako eredurik onena, bai euskara biziberritzeko ikerkuntzaren arloan eta bai ekimen positiboen sustapenean”. Horregatik, merezimendu osoz jaso ditu txaloak eta goraipamena.

Hamabost edizioren ondoren, azken aldiz hartu du parte sari-banaketaren ekitaldian Txomin García LABORAL Kutxako lehendakariak. Pozik azaldu da, azkena duen agerraldian kulturan erreferente nabarmena den idazle eta sortzaile handi batek jaso duelako saria. Azpimarratu du Kirmen Uribek, euskaraz idazteaz gain, euskal gaien alde egin duela beti: “Istorioak aukeratzen asmo argia dago: euskal kulturaren idiosinkrasia, gure historia partikularraren iragana, oroimenerako jasotzea”. Saria “berak aipatzen duen `bizimodu atlantiko´ horri eusteko motibazio” izan dadila opa dio idazleari, bizimodu horrek ahalbidetzen baitio “New Yorken bizi eta itsasalde honetara, Ondarroa jaioterrira, euskarara eta euskal kulturara, herri honen historiara eta bilakabidera lotuta jarraitzea”.

Era berean, Beñat Garaio goraipatu du Txomin Garcíak. “Gasteiztar gazte-ekintzaile nabarmena” dela esan du, “ikerkuntza eta antolaketa, teoria eta praktika, ezin hobeto uztartzen dituena. Gazteentzat goi-mailako erreferentea”.

2023ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sariari dagokion diploma eskuratu ostean, mutiko zela sortu zitzaion hitzarekiko lilura gogoratu du Kirmen Uribek. Gogoratu du edertasuna izan zela idazteko lehen eragilea, askatasuna bigarrena, eta zubiak eraiki eta lagun hurkoa entzutea hirugarrena. Jarraian gaineratu duenez, “euskara etorkizunaren, aurrerapenaren, aniztasunaren, jarraipenaren, justiziaren sinonimoa da. Euskaraz mintzatzean mundua koloreztatzen ari gara”. Euskal Herrira noiz itzuliko den galdetu diotenean, ez dela inoiz bertatik joan erantzun du, “beti aurkituko nauzuelako euskararen baitan”.

Bukatzeko, Kirmen Uribek familiari eskaini nahi izan dio saria. Nerea emazteari berriro ezkontzeko proposamena egin dio, “New Yorken, Las Vegasen, Bilbon, Ondarroan, ilargian. Zuk ipini eguna, eta ni joan egingo naiz”.

Erakundeetako ordezkariek itxi dute ekitaldia: Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Ekitaldiari amaiera emateko, Kirmen Uriberen hitzak dituen Munduari begiratzeko modu bat kantua abestu du Rafa Rueda musikariak.