Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Itsas arrantzari eta gizarte-bizitzari lotutako lexikoa landu da Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren XI. liburukian

  • XI. liburukia (CDan ere argitaratu dena) azkena izango da, aldi edo etapa baten amaiera, baina etorkizuneko “aukera berriak sortu direla”, azpimarratu da agerraldian.

  • XI. liburukiak 232 mapa erakusten ditu, ondoko gaiak jorratu direla: ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantza eta beste lanbide batzuk; gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak.

  • Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (#EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede, eta argitaraturiko liburuki guztiak kontsulta daitezke Euskaltzaindiaren web orrian (www.euskaltzaindia.eus/ehha), 5. eta 6. liburukiko audioekin batera.

  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Hamaikagarren liburuki honekin etapa bat amaitzen da, eta aukera berriak sortzen dira, askotarikoa baita 80. hamarkadan jasotako materiala, beste egitasmo batzuk ontzeko baliagarri izan daitekeena”.

  • Ibon Urgoiti (Laboral Kutxaren Negozio Garapenerako zuzendaria): “Asmo handiko proiektu honetan lagundu eta parte hartzen duten guztiei beraien lana eskertu nahi nieke. Batez ere, euren jakintza partekatzeko borondatea erakutsi duten pertsona guztiei. Beraien testigantzei esker, gure euskara maitea berreskuratzea lortu da eta zainduta geratuko da betirako”.

  • Adolfo Arejita (EHHA proiektuaren zuzendaria): Atlas honek, euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu egonkorra eskaintzen digu”.

 

 

2020ko abenduaren 11.- Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan aurkeztu da, gaur, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (#EHHA) hamaikagarren liburukia, eta horrekin batera sortu den CDa. Aurrekoak bezala, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Euskaltzaindiak lan mardul, zabal eta aberats hau. 232 mapaz osaturiko liburuki berrian, ondoko gaiak jorratu dira: ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantza eta beste lanbide batzuk; gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak.

“Hamaikagarren liburuki honekin, etapa bat amaitzen da, eta aukera berriak sortzen dira, askotarikoa baita 80. hamarkadan jasotako materiala, beste egitasmo batzuk ontzeko baliagarri izan daitekeena”, argitu du Andres Urrutia euskaltzainburuak gaurko agerraldian. Urrutiak eskerrak eman dizkio Laboral Kutxari, “hasiera-hasieratik proiektua babestu duelako”, eta gogoratu du Atlasaren eduki guztiak (XI. liburukia barne) Euskaltzaindiaren webgunean daudela gordeta, herritarrek nahierara kontsulta ditzaten (www.euskaltzaindia.eus/ehha).

Beste alde batetik, Ibon Urgoiti Laboral Kutxaren Negozio Garapenerako zuzendaria banketxeak proiektua babestu izanaz pozik eta harro agertu da. Eta eskerrak banatu ditu langile eta lekukoen artean: “Asmo handiko proiektu honetan lagundu eta parte hartzen duten guztiei beraien lana eskertu nahi nieke. Batez ere, euren jakintza partekatzeko borondatea erakutsi duten pertsona guztiei. Beraien testigantzei esker, gure euskara maitea berreskuratzea lortu da eta zainduta geratuko da betirako”.

Bestelako iritziak ere jaso ditu Akademiak. Esaterako, Pilar García Mouton doktorearena. Moutonek Euskaltzaindiak Mendeurrenaren baitan Bilbon antolatutako Dialektologia jardunaldian parte hartu zuen: “Atlasaren azken liburukiaren argitalpenaren harira, plazer handiz zoriontzen dut Euskaltzaindia, honelako atlas batek hizkuntzaren memoria eta hiztunena gordetzen baitu, kultura bat ikertzeko ezinbesteko altxorrak”.

Joan Martí ohorezko euskaltzainak ere era honetako ikerlanen garrantzia azpimarratu nahi izan du gaur: “Hamaikagarren eta azken hau une berezian dator gainera, Euskaltzaindiak eta Kataluniako Institut d’Estudis Catalans-ek atlas bana ondu dutelako. Euskararen Atlasa ontzea pausu garrantzitsua da hizkuntzaren normalizazioa gauzatzeko bide luze eta neketsuan, eta harro egon behar gara guztiok egindako lanarekin. Euskarari opari izugarria egin dio Euskaltzaindiak, baita gainerako hizkuntzei ere. Atlasa euskal hizkuntzaren oinarria baita, hizkuntza bera deskribatu eta bereizten duen lehen mailako ikerlana”.

 Adolfo Arejita EHHA egitasmoaren zuzendari akademikoak Atlasaren edukiari erreparatu dio akabuko berbaldian: “Atlas honek, euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu egonkorra eskaintzen digu. Huraxe izan zen Azkueren gogoa. Horixe Mitxelenarena. Eta horretan dihardu Euskaltzaindiak, mende bete igaro ondoren, bere eginbideari tinko heldurik, gure aitzinekoen gogo eta borondateari jarraiki”.

 

Sareko bertsioa eta soinuak

Hortaz, EHHAren XI liburuki kaleratu dira, eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Izan ere, hamaikagarrena gaur bertan jarri da publikoaren eskura.

Horrezaz gain, V. eta VI. liburukiak ikusgai eta entzungai daude webgunean: batetik, liburukien testu osoak PDF formatuan irakur daitezke, osorik; eta, bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun daitezke, V. zein VI. liburukiaren audioak ere eskegita daudelako Akademiaren webgunean bertan.

 

145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa-puntuen sarea, galde-sorta eta lan-metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.

Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).

 

  1. 2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Lehenak, honako gai hauek jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
  2. Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astegunak, hilabeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.
  3. Hirugarren liburukian (2011) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan ernetzen diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
  4. Laugarren liburukian (2012), kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainita dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak), eta, bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.
  5. Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen.
  6. Seigarrenak, (2015) aditz morfologia jaso zuen; gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertu ziren.
  7. Zazpigarren liburukiaren (2016) lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu ziren. Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak, jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburu horretan. Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi, bereziki sintaxiari dagozkionak, landu dira.
  8. Zortzigarren liburukian (2017) 250 mapa argitaratu ziren, eta lexikoaren arloa landu zen, batez ere, esparru desberdinetako hitzak eta esamoldeak jasotzen direla. Alde batetik, baserriko zenbait lanabesen izenak bildu ziren liburuki horretan (sega-potoak, eskubareak, segak…); bestalde, arlo desberdinetako prozesu eta langintzei buruzko informazio baliagarria ere ageri da (ardogintza, ogia eta bizkotxoa, lixiba, artilea eta lihoa…), eta nola ez, prozesu horiekin guztiekin loturiko lexikoa ere jasotzen da zortzigarren alean.
  9. Bederatzigarren liburukian (2018), besteak beste, giza gorputzarekin, janzkerarekin, norberaren apainketarekin, sexualitatearekin eta haurtzaroarekin zerikusia duen lexikoa landu zen eta zernahi esparrutako hitzak eta esamoldeak daude jasota.
  10. Hamargarren liburukian (2019) 239 mapa erakusten dira, eta kontu horiei lotutako lexikoa lantzen da: jokoak, kirolak, bertuteak eta bizioak, gorputzeko gabeziak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte-bizitza, erlijioa, sinesteak, lanak eta beharginak.

OHARRA: Elkar liburu-dendetan eskura daiteke liburuki berria, edo Euskaltzaindiaren helbide elektronikora idatziz (info@euskaltzaindia.eus).