Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

InvestEU: EIFk eta LABORAL Kutxak 145 milioi euroko bermea sinatu dute mikroenpresei eta ekintzaile sozialei laguntzeko

 

  • EIFk berme bat eman dio LABORAL Kutxari, mikromailegutan eta mailegu sozialetan 145 milioi euro bideratzeko

  • EIFren eta LABORAL Kutxaren arteko zazpigarren akordioa da, eta 10 urte daramatzate ekonomia sozialaren eta mikroenpresaren alde elkarrekin lanean.

  • InvestEU programak babesten du abalei buruzko akordioa. Programa horren helburua da 372.000 milioi eurotik gorako inbertsio gehigarriak mobilizatzea 2021-2027ko aldian Europear Batasunean.

 

2023ko azaroaren 14.‑Europako Inbertsio Funtsak (EIFk) berme bat eman dio LABORAL Kutxari, 145 milioi eurorainoko maileguak bidera ditzan, Espainiako mikroenpresei eta ekonomia sozialeko enpresa eta ekintzaileei laguntzeko. Abalen akordioa InvestEU programak babesten du. Programa horren helburua da 372.000 milioi euro baino gehiagoko inbertsio gehigarriak mobilizatzea Europar Batasunean 2021-2027 aldian.

EIFren babesari esker, LABORAL Kutxak Espainiako 5.000tik gora mikroenpresari eta enpresa soziali eman ahal izango die finantzaketa, oso baldintza onetan. Akordioa InvestEUren Inbertsio eta Gaitasun Sozialen Programaren barruan dago, eta sektore dinamiko horrek enplegua sortzea eta sendotzea du helburu. EIFren bermeari esker, LABORAL Kutxak 7,5 milioi eurorainoko finantzaketa emango die enpresa sozialei, eta 50.000 eurorainoko mikrokredituak, ekintzaile sozialei eta mikroenpresei.

Akordio berri honek EIFk eta LABORAL Kutxak ekonomia sozialaren arloan duten 10 urteko lankidetza du oinarri, eta sendotu egiten du. Urte horietan, 15.000tik gora mikroenpresak eta enpresa sozialek jaso dute laguntza finantza-produktuen eta aholkularitza-zerbitzuen bidez, eta, horri esker, 24.000 lanpostu baino gehiago sortu dira.

«Poz-pozik gaude Espainiako mikroenpresaren eta enpresa sozialaren sektoreei ematen diegun laguntza berritzeaz», adierazi zuen Marjut Falkstedt EIFko zuzendari nagusiak. «Oso sektore dinamikoa da, pertsonen bizitza eraldatzeko ahalmen handia duena. Eragin sakona eta zuzena izan dezaketen arren, mikroenpresek eta enpresa sozialek zailtasunak izaten dituzte finantzaketa lortzeko. Hori dela eta, atsegina da guretzat LABORAL Kutxarekin dugun lankidetza zabaltzea, baztertutako ekintzaile horien mesedetan, eta, horrela, finantzaketak eragin bikoitza izan dezan».

Óscar Muguerza LABORAL Kutxako Enpresen Negozio Garapeneko zuzendariak nabarmendu du EIFren esku-hartzeak babestu egiten dituela bankuak ekonomia soziala eta ekintzailetza sustatzeko egiten dituen etengabeko ahaleginak: «Abal-lerro berri hauei esker, berretsi egiten dugu banka beste modu batean egiteko dugun bokazioa: gehien behar duten pertsonei eta enpresei lagunduz eta gizarte inklusiboago eta kohesionatuagoa lortzen lagunduz».

 

Informazio orokorra

 

Europako Inbertsio Funtsari (EIFri) buruz

Europako Inbertsio Funtsa (EIF) Europako Inbertsio Bankuaren barruan dago. Europako mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei (ETE-ei) finantzaketa lortzen laguntzea da haren xede nagusia. EIFk arrisku-kapitaleko eta hedapeneko tresnak diseinatu eta garatzen ditu, bai eta merkatuaren segmentu horretara berariaz bideratutako mikrofinantzaketa-bermeak eta -tresnak ere. Bere jarduerarekin, EBrako funtsezkoak diren helburu politikoak lortzen laguntzen du, hala nola lehiakortasuna eta hazkundea, berrikuntza eta digitalizazioa, gizarte-inpaktua, giza gaitasunak eta kapitala, klimaren aldeko ekintza eta ingurumen-jasangarritasuna.

 

InvestEUri buruz

InvestEU programak epe luzerako funtsezko finantzaketa ematen dio Europar Batasunari, funts pribatu eta publiko handiak mobilizatuta, susperraldi jasangarria lortze aldera. Halaber, Europar Batasunaren politikaren lehentasunetara bideratutako inbertsio pribatua bultzatzen laguntzen du; Europako Itun Berdea eta trantsizio digitala dira lehentasun horietako batzuk. EBk estatu kideetan inbertsioa bideratzeko gaur egun dituen finantza-tresna ugari biltzen ditu InvestEU programak, Europan inbertsio-proiektuen finantzaketa errazagoa, eraginkorragoa eta malguagoa izan dadin. Programak hiru osagai ditu: InvestEU Funtsa, InvestEU Aholkularitza Zentroa eta InvestEU Ataria. InvestEU Funtsak EBren 26.200 milioi euroko aurrekontu-bermea erabiltzen du, eta proiektuetan inbertitzen duten finantza-bazkideen bidez gauzatzen da. Aurrekontu-berme osoak bazkide gauzatzaileen inbertsio-proiektuak babestu, arriskuak hartzeko gaitasuna handitu eta, beraz, 372.000 milioi euroko inbertsio gehigarria mobilizatuko du gutxienez.

  

LABORAL Kutxari buruz

LABORAL Kutxa 60 urtetik gorako historia duen kreditu-kooperatiba bat da, eta 1.150.000 familia eta enpresari baino gehiagori produktuak eta zerbitzuak ematea da bere finantza-jarduera. Bere bulego-sareak 280 salmenta-puntu baino gehiago ditu Estatuaren ipar-erdialdeko biztanlegune nagusietan.

LABORAL Kutxaren enpresa-eredua soldata-elkartasunean eta langileek kudeaketan parte hartzean oinarritzen da; izan ere, langileak entitatearen jabe ere badira. 2022ko itxierako datuen arabera, erakundeak balantze orekatua du: 28.955 milioi baliabide kudeatzen ditu, eta 15.476 milioi ditu inbertituta kredituetan. Bertan, kaudimen-maila altuak nabarmentzen dira: % 22,24ko Core Capitala (Tier1) eta 151 milioi euroko irabazi garbiak, zergak ordaindu ondoren.