Prentsa oharrak
Ikerketa linguistikoa eta sorkuntza artistikoa, 2024ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sarien protagonistak
Itziar Laka katedradun bizkaitarrak eta Maite Aizpurua eta Garazi Navas gazteek jaso dituzte sariak gaur Bilbon egin den ekitaldian
Bilbo, 2024ko uztailak 19. Bilboko Azkuna Zentroan izan da gaur Eusko Ikaskuntza– LABORAL Kutxa Sariak emateko ekitaldia. Sariak 1995etik Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako curriculum onenak aintzatesten ditu, eta 2019tik aurrera gazteek aurkeztutako sorkuntza- edo ikerketa-proiektuak ere bai. 2024ko edizioan, Itziar Laka hizkuntza-ikertzailea eta Maite Aizpurua eta Garazi Navas sortzaileak saritu dituzte.
Izaro Iraeta kazetariak gidatu du ekitaldia erakunde zein kultura, hezkuntza eta gizarte esparruetako ordezkaritza zabal baten aurrean. Noemi Santisteban Dantzertiko zuzendariak irakurri du Gazte Sariaren epaimahaiaren akta; Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak, berriz, Itziar Laka Mugarzaren aldeko epaimahaiaren erabaki arrazoitua jakinarazi du.
Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek, Adarbakarra eta soinujolea proiektu artistikoaren egileek, saria eskertu dute, eta kezka agertu dute kulturak bizi duen egoera prekarioagatik.
LABORAL Kutxako Presidente Adolfo Plazak berretsi egin du erakundeak sariari emandako babes osoa, eta eskerrak eman dizkie erakundeei eta hori posible egin duten pertsonei. Hain zuzen ere, sariaren hogeita hamargarren edizioa duen honetan eskaini du hitzaldia lehenengoz saria emateko ekitaldi batean. Hala, Itziar Lakari buruz, “pertsona irekia, ekintzailea, kolaboratzailea eta gure hizkuntzaren etorkizunarekin konprometitua” dela nabarmendu du Plazak, eta, aldi berean, erreferente handia dela mundu mailako ikertzaile profesionalentzat eta, bereziki, euskal gazteentzat.
Bestalde, Adolfo Plazak Gazte Saria jaso duten emakumeen prestakuntza zabala azpimarratu du, eta etorkizun oparoa izango dutela iragarri die, aitortza hori euren karreretarako pizgarri izateko desioa agertzearekin bat.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak Itziar Laka sarituaren bi ideia aipatuz hasi da: hitzak gurekin jaiotzen direla, eta hizkuntza oraindik argitu gabeko misterioz betetako fakultatea dela, duela lau hamarkada ikertzen hasi zen misterioaz. Halaber, Ana Urkizak Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunaren ibilbidea eta izaera laburbildu ditu gainditu dituen bost erronken bidez: bide berrietatik ibiltzea, lanari beste era batera heltzea, bere herrialdera itzultzea kanpoan hasitako lanari jarraipena emateko, proiektu berritzaile baten inguruan ikerketa talde bat osatu eta mantentzea, eta ahalegin horren guztiaren emaitza norberarena dela aitortzea. Hala, Itziar Lakari zuzendu zaio, eta saria aitorpen pertsonal eta berezi gisa onartzeko eskatu dio.
Gazte Sariari dagokionez, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak honela definitu du proposamen irabazlea: 2019tik saria ematera animatzen duen espirituarekin guztiz bat datorren proiektua. Proposamen horrek “gure orainaren errealitate konplexuari buruzko hausnarketarako ateak zabaldu nahi ditu, garaikidetasunetik, eta begirada berriak” plazaratu nahi ditu.
Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa 2024 Saria CV nabarmenari ematen dion diploma eskuan zuela, Itziar Lakak hartu du hitza. Esker oneko hitzen artean, leku berezia izan dute berak zuzentzen duen Gogo Elebiduna ikerketa taldea osatzen duten kideek. Gure gizartean euskararen, hizkuntzaren eta elebitasunaren ikerketak estrategikoa izan behar duela aldarrikatu, eta unibertsitateak daukan erabateko garrantzia azpimarratu du, unibertsitatearen zioa ezagutza sortzea eta zabaltzea delako, hiritarren jakintza etengabe eguneratuaz.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak amaiera eman diote ekitaldiari.