Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

FITCH-EK LABORAL KUTXAREN RATINGA HOBETU ETA BBB+ MAILA EMAN DIO, NAZIOARTEKOTU EZ DIREN ESTATUKO ENTITATEEN KALIFIKAZIORIK ONENA

  • Epe luzeko ratingak maila bat egin du gora: lehen BBB zen eta orain BBB+, perspektiba egonkorrarekin.

 

  • Agentziak aintzat hartu ditu LABORAL Kutxaren arrisku-politika, kapitalizazio-maila handia eta likideziaren egitura.

 

  • Epe laburreko kalifikazioa eta finantza-sendotasunari buruzkoa ere hobetu egin ditu.

 

Fitch kalifikazio-agentziak berretsi egin ditu iragan maiatzean aurreratutako aurreikuspenak. Orduan zioenez, Espainiako eta, geroago, Euskal Autonomia Erkidegoko ratingen hobekuntzaren ondorioz, finantza-entitate jakin batzuen kalifikazioak hobetu egingo zituen.

Orain, dagokion azterketaren ondoren, LABORAL Kutxaren ratingak hobetu ditu.Hala, epe luzeko ratinga, entitate baten balorazioaren erreferentzia nagusia, BBB mailatik BBB+ mailara igo da, perspektiba egonkorrarekin, Estatuaren maila berean kokatuz. Kalifikazio hori Estatuan egoitza duten finantza-entitate guztietan onena da, bi bankurik nazioartekotuenak alde batera utzita.Horrez gain, epe laburreko kalifikazioa ere hobetu du (F3tik F2ra), baita “viability” edo berezko sendotasunari buruzkoa ere, babes publikoak aintzat hartu gabe (BBB mailatik BBB+ mailara).

Entitateak diharduen esparru geografiko nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoa, azpimarratu du Fitch-ek. Izan ere, finantza- eta hipoteka-krisiaren ondorioak eta langabeziaren egoera Estatuan baino nabarmen hobeak dira EAEn.

Epe luzeko ratingaren oinarria entitatearen sendotasun indibiduala da, eta aintzat hartzen ditu, batez ere, LABORAL Kutxaren arriskuen gestio ona –horren isla da sektoreko batez besteko ratioak baino hobeak izatea– eta kapitalizazio-maila handia.Kooperatibaren finantzaketa-egitura egokia berariaz aipatu du. Zentzu horretan, gordailuen gaineko kredituen ratioa % 100etik gertu dago. Horri esker, Espainiako entitateek baino mendekotasun txikiagoa du merkatu handizkariekiko.

Fitchek egindako azken balorazioetan agerian jarri zuen LABORAL Kutxaren finantza-profil egokia, baita galerak xurgatzeko gaitasuna eta aktiboen kalitate handia ere. Aldeko ezaugarri horien eragileak dira, batetik, entitatearen harrera-prozedurak, eta bestetik, sustatzaileen arriskuari esposizio txikiagoa, horri esker zalantzazko aktiboen maila ere txikiagoa delako.Era berean, entitatearen arrisku-estaldura sendoak azpimarratu zituen, baita azken urteotan egindako arrisku problematikoen hornidura ere.

fitch laboral kutxa