Prentsa oharrak
Fitch-ek Euskadiko Kutxaren kaudimena nabarmendu du ratio berria finkatzerakoan
Kalifikazio-agentziak ‘A+’ notaren ordez ‘A’ nota ertain/altua jarri dio, eta, aldi berean, irabazi “egokiak” izan dituela eta sektorearen batez bestekoarekin alderatuta entitatean higiezinen sektorearen eragina txikia dela azpimarratu du.
Arriskuak neurtzen dituen Fitch agentziak maila bat jaitsi zuen atzo Euskadiko Kutxaren epe luzerako zorraren kalifikazioa: “A+” mailatik (kalitate ona) “A” mailara (kalitate egokia).
Epe luzekoa | A (lehen A+) |
Epe laburrekoa | F1 (aldaketarik ez) |
Rating indibiduala | B/C (lehen B) |
Lege-babesa | 3 (aldaketarik ez) |
Kalifikazio berriaren arabera, aktiboen mailari esker, Euskadiko Kutxak ahalmen sendoa du interesak eta printzipala ordaintzeko.
Fitch-ek komunikatuan azaldu zuenez, inguruko entitateen mailara jaitsi du Euskadiko Kutxaren nota, aktiboek okerrera egin dutelako eta Espainiako testuinguru ekonomiko “ahulak” zailtasunak dituelako, batez ere langabezia-tasen ondorioz.
Haatik, Euskadiko Kutxak epe luzerako zorraren jaulkitzaile gisa duen “A” kalifikazioa Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ekonomi egoeraren -Estatukoa baino hobea- isla dela adierazi zuen Fitch-ek, entitatea “tinko” hedatuta baitago erkidego horietan. Era berean, entitatearen finantza-profil ona eta kapital-ratio “sendoak” nabarmendu zituen.
Fitch-en arabera, interes-marjinak murriztu eta finantza-kostuak areagotu badira ere, irabazien maila “egokiari” eutsi zaio.
Aurtengo ekitaldian, marjinen gaineko presioa eta aktiboen okerragotzea ez direla etengo uste du agentziak. Halere, Fitch-en esanetan, higiezinen eta eraikuntzaren sektorearen krisiak ez du horrenbesteko eraginik izango Euskadiko Kutxan, Espainiako beste finantza-erakundeekin alderatuta.
Gainera, Euskadiko Kutxaren likidezia “sendoa” dela eta entitateak gordailu “egonkorrak” dituela azpimarratu zuen. Era berean, kapital printzipalaren ratioa % 11,6koa dela gogorarazi zuen agentziak, eta, beraz, Gobernuak finkatutako % 10eko kaudimen-eskakizunen gainetik dagoela eta Basilea III hitzarmenean 2019rako finkatutako eskakizuna betetzen duela.