Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Finantza-erakundeetako bezeroek gestio-autonomia nahi dute, eta banku-produktuak nahikoa argiak ez direla deritzote

LABORAL Kutxak azterketa egin du bezeroek Interneten argitaratzen dituzten iritziak bilduta, eta banka-erabiltzaileen ondorio eta gomendio nagusiak zehaztu ditu bertan.

  • Publizitatean, erreklamazioetan, komisioetan eta produktuetan banku-erakundeek arreta gehiago jar dezaten nahi dute erabiltzaileek.
  • LABORAL Kutxaren Gaztenpresa fundazioa da, beste batzuen artean, internautek gehien nabarmentzen duten aholkularitza-plataformetako bat.

2015eko abenduaren 23a. LABORAL KutxakBanka sektoreko erabiltzaileen kexei eta gogobetetzeei buruzko azterketa” egin du, banka-erakundeek bezeroengan eragiten dituzten iritziak eta sentimenduak aztertuta.  Txostenaren arabera, aztertutako iritzi-emaile gehienek (% 78,8k) zera eskatzen diete banka-erakundeei: arreta handiagoa jar dezatela komisio-tasak jakitera emateko orduan, gardentasun handiagoa kontuen eta produktuen publizitatean, eta erreklamazioei erantzutea. Azpimarragarria da banka-erabiltzaileen komunitatearen % 30ek erreklamazioak eta iradokizunak bideratzeko kanal eraginkorrak izan nahiko lituzketela. Ildo beretik, bezeroaren defendatzailearen figurak baliorik ez duela deritzote, bankaren irudia garbitzeko bitarteko hutsa besterik ez dela.

Bestalde, banka-erabiltzaileek honako alderdi hauek estimatzen dituzte: beren kontuak gestionatzeko autonomia, ekintzaileen aldeko finantza-erakundeen jarduna, eta gizarte-lana eta lanpostua bilatzera bideratutako hainbat ekitaldi babestea. Entzuketa aktiboaren bidez, erabiltzaileek sarean adierazten dituzten lehentasunak zehaztu nahi ditu Entitateak, bezeroekiko harremanak hobetzeko estrategia onenak lantze aldera. Lana teknikoki aurrera eramateko, 2014ko uztailetik 2015eko urrira bezeroek Interneten adierazi dituzten ohar eta iruzkin irakurrienak bildu dituzte.

Autonomia Online Bankan

Txostenaren ondorio nagusietako bat honako hau da: erabiltzaileek gustuko dute beren izapideak hirugarrenen eskuhartzerik gabe kudeatzeko autonomia izatea. 2.0 kontsumitzailea gai da hainbat eragiketa bere kabuz egiteko, bankaren sektorean erabilgarri diren teknologiei esker, eta bereziki estimatzen ditu bere kontuak gestionatzeko app-ak eta bestelako baliabide batzuk, sinadura geroratua, esaterako.

Ekintzaileei laguntzeari buruzko iritziak ere asko dira. Sareko ekintzaileen komunitateak begi onez ikusten ditu banka-erakunde batzuek sustatzen dituzten aholkularitza-plataformak eta prestakuntzaren eta enpleguaren aldeko ekintzak, izapideen ingurukoak eta finantzaketa-aukerak eskaintzen dituztenak. Gaztenpresa fundazioa da, beste batzuen artean, internautek gehien estimatzen duten aholkularitza-plataformetako bat.

Era berean, banka sektorearen ekimenen artean erabiltzaileek bereziki gogoko dute kirol arloko eta izaera herrikoia duten ekitaldien babesletza.

Interneteko banka-erabiltzaileen gomendio nagusiak

Erabiltzaileak kexu dira banka sektorearen gardentasun-falta dela eta. Espezializatutako foro eta guneetako iritzi-emaileen % 40ren ustez, banka-erakundeen benetako finantza-egoera eta galera-irabaziak ezkutuan apropos gordetako datuak dira.

Harreman desorekatua ere aipatzen dute banka-bezeroek mesfidantza eragiten dieten alderdien artean. Erabiltzaileen eta erakundeen arteko komunikazioa norabide bakarrean gertatzen dela uste dute gehienek, hau da, finantza-erakundetik erabiltzaileengana ematen dela, eta nahi ez den publizitatearen bidez, gainera.

Halaber, sareko kontsumitzaileek uste dute lehendik kontratatutako produktuen baldintzen inguruan banka-erakundeek ez dutela nahikoa informazio eskaintzen, eta hori kezkagarria iruditzen zaie. Ildo horretan, ezagutzen ez dituzten komisioak eta karguak dira erabiltzaileentzat alderdi amorragarrienak, eta horiekin batera, baita letra txikia ere, kontratazioa egitean nahita ezkutatzen dela iritziz.

Infografia deskargatzeko, klikatu hemen.