Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

Euskal familiek konfiantza positiboarekin hasi dute 2019a

  • Euskal familiek 2019ko lehenengo hiruhilekoan duten konfiantzaren indizea positiboa da (+2);  urtearen hasierako emaitzekin, euskal familien konfiantzak ondoz ondoko sei hiruhileko egin ditu balio positiboetan

 

  • Lehenengo hiruhileko hau datu hobeak ematen ari da azken hiru urteetako lehenengo hiruhilekoak baino (-7, -3 eta +1 2016an, 2017an eta 2018an)

 

Zein iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi hilabeteetan egongo den bilakaera sozioekonomiko orokorraren inguruan?

2019ko lehenengo hiruhilekoak euskal familien konfiantza sendotu du (+2, -1), 2014ko lehenengo hiruhilekotik eskuratu den bigarren datu onena emanez; beraz, estatuko (-6) eta EBko (-8) eta Frantziako (-13), Erresuma Batuko (-11) eta Alemaniako (-2) familiengandik aldendu dira, balio negatiboak eta beherakorrak baitauzkate horiek.

Zein faktorek eratzen dituzte EAEko familien konfiantza eta horren bilakaera?

  • Konfiantza hori eratzen duten lau indize partzialek bilakaera zertxobait ezberdina izan dute, baina elkar orekatzen dute.
  • Hala, etxeko ekonomiaren gaineko konfiantzak balio positiboa izan du lehen aldiz (1, +3), eta aurrezpenaren emaitza zertxobait kaskarragoa konpentsatzen du (-1, -4).
  • Euskal familiek ekonomia orokorraren abiadan duten konfiantzak balio positiboetan jarraitzen du (2, -1), baina ez du langabeziaren beherakada (-4) konpentsatzen, positiboa izaten jarraitzen baitu (4) eta ondoz ondoko hamasei hiruhileko egin baititu positiboan.
  • 2019an euskal familien konfiantza hobetzeko, etxeko ekonomiaren eta aurrezpenaren gaineko indizeak sendotu (positiboan) beharko dira, testuinguruaren indizeak (ekonomia orokorra eta langabezia) hobekuntza-bidea egonkortu baitute.
  • Otsailera arte eskuratutako datuek (urte arteko tasan) adierazten dutenez, erregistratutako langabeziak behera egin du (+% 5,8), eta afiliazioak gora (+% 1,8).

Nola eragiten du familien konfiantzak gastatzeko eta inbertitzeko erabakietan?

  • Euskal familiek hobetu egin dute erosteko unearen gaineko balorazioa (-2, +5 puntu), eta, batez ere, nabarmen hobetu dituzte erosketa handiak egiteko igurikimenak(+3, +11 puntu); gainera, azken horrek lehen aldiz izan du erregistro positiboa.
  • Euskal familien % 2,5ek eta % 6,0k adierazi dute etxebizitza edo ibilgailua erosteko asmoa, eta, pixkanaka, 2017ko eta 2018ko urteko erregistroak hobetu dituzte (% 1,8 izan baitzen bietan).
  • Hala ere, eskura ditugun datuek erakusten dutenez, ibilgailuen matrikulazioak mantsotu egin dira (urtarrilean eta otsailean, -% 16,5); beharbada, sustapen batzuk (Renove) indarrean jarri arte zain daudelako. Bestetik, higiezinen salerosketak ere moteldu egin dira (2018ko laugarren hiruhilekoan, -% 12,5).

Laburtuz, euskal familien konfiantza positiboan dagoela abiatu da urteko lehenengo hiruhilekoa, bere lau indizeetatik hirutan (ekonomia orokorra, etxeko ekonomia eta langabezia) oinarrituta, eta hiru indize horiek emaitza negatiboa agertu duen indize bakarra (aurrezpena) konpentsatzen dute. Etxebizitza edo ibilgailua erosteko igurikimenen egonkortasunean eta erosketa handien hobekuntzan berresten da konfiantzaren kokapen hori. Azken batean, baldintza makroekonomikoen jarraitutasunaren mende egongo da euskal familien konfiantza 2019an pixkanaka hobetzen joatea, baldintza makroekonomiko horiek erosteko eta inbertitzeko erabakietan eragiten ari baitira.

 

Txosten osorako esteka:

http://korporatiboa.laboralkutxa.com/src/uploads//2019/03/CEC_2019-I-Hiruhilekoa_Txostena.cleaned.pdf