Prentsa oharrak
EUSKAL ENPRESA ETA ETXEEN KONFIANTZAK BEHERA EGIN DU PIXKA BAT
- EAEko enpresen konfiantza-indizeak hedapen-eremuari eutsi dio eta aurreikuspen onak ditu jarduerari, fakturazioari eta enpleguari dagokienez
- Euskal kontsumitzaileen konfiantza orokorrak okerrera egin du eta, nahiz eta enpleguari buruzko ikuspegi baikorra izan, ez dute erosketa nabarmenik egiteko asmorik urtean zehar, hala nola etxebizitza edo ibilgailua
Arrasate, 2016ko martxoaren 15a.- Argiak eta itzalak. Adierazle ekonomikoen inguruko ziurgabetasuna nagusi izan da 2016ko lehen hiruhilekoan, eta eragina izan du bi euskal eragile ekonomiko nagusiek adierazitako konfiantzan: batetik, kontsumitzaileen konfiantza-indizeak 3 puntuko jaitsiera izan du, -7an kokatuz; bestetik, enpresek eutsi egin diote konfiantzari eta ia ez dute indizea jaitsi: 55,4 puntutik 55,3ra besterik ez. Dena dela, bi kolektiboak bat datoz enpleguaren inguruko aurreikuspen baikorrak adieraztean.
Euskal etxeen kasuan, LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak argitaratutako konfiantza-indizeari buruzko txostenaren emaitzek alderdi positiboak jasotzen dituzte datozen 12 hiletarako, bai enpleguaren bilakaerari dagokionez (nahiz eta aurreko hiruhilekoaren aldean okerragoa izan), bai prezioei dagokienez. Halere, euskal familiek eszeptizismoa ere azaldu dute ekonomia orokorraren hobekuntzari buruz eta aurrezteko duten gaitasunari buruz. Gauzak horrela, etxeko diru-sarrerei lotutako aldagaiekiko konfiantzarik ezak eragotzi egiten du kontsumitzaileek erosketa nabarmenak egiteko erabakia hartzea: etxebizitza eta automobila, batez ere.
Industriaren konfiantza-indizeari dagokionez, galdetutako enpresek nolabaiteko baikortasuna agertu dute 2016ko bigarren hiruhilekoari begira. Indize horrek hedapen-eremu positiboari eutsi dio, pixka bat behera egin duen arren, 2015aren itxierakoarekin alderatuz gero.
Hala, merkataritza-eremuan adierazitako konfiantza ez dator bat etxeetan lortutako emaitzekin. Aitzitik, ingurune ekonomikorako aurreikuspen onak islatzen ditu, fakturazioari buruzko aldeko espektatibetan oinarrituta; izan ere, jardueraren igoerak fakturazioa igoaraziko duela aurreikusten da. Ikerketaren konklusioak hiru hilean behingo azken inkestan jasotako iritzietan oinarritzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoko 400 industria-enpresari baino gehiagori bidali zitzaien inkesta, aurreko hiruhilekoan haien negozioak nola zeuden eta hurrengo hiruhilekoari begira zer aurreikusten zuten galdetzeko
Enpresen eta etxeen ikuspegien arteko desberdintasunak badu izateko arrazoirik, eta hori ulertzeko adierazle partzialetan sakondu behar dugu, horiek metatuta bi indizeen balioa ematen baitute. Hala, industriari buruzko datuen banakapenak erakutsi duenez, enpresek 2016ko bigarren hiruhilekorako espero duten hobekuntzaren eragileak jarduera eta fakturazioa dira; dena dela, fakturaren gorakada salmenten hazkundetik etorriko da, ez prezioen igoeratik. Aitzitik, kontsumitzaileek ez dute oraindik etorkizuna argi ikusten, eta zalantzak dituzte bilakaera ekonomikoari eta aurrezteko duten gaitasunari buruz. Enpleguak eremu baikorrari eutsi dio (+1), baina indarra galdu du (portzentajezko 5 puntu gutxiago). Hori dela eta, familiek ez dute ez etxebizitzarik ez automobilik erostea aurreikusten datozen 12 hiletan.
Euskal kontsumitzaileen konfiantza-indizea:
Zer iritzi dute euskal etxeek datozen hamabi hilabeteetako bilakaera sozioekonomiko orokorrari buruz?
Urtearen hasiera konplexua izan da alderdi sozialari eta ekonomikoari dagokienez. Hori dela eta, euskal kontsumitzaileen konfiantza-indizeak okerrera egin du pixka bat (-7 da, portzentajezko 3 puntu jaitsi ondoren). Halere, indizea ez da duela urte bat edo bi bezain ezkorra.
Konfiantzarik ezarekin bat datoz EB-28ko etxeak (-5) eta, batez ere, Alemaniakoak (-6) eta Frantziakoak (-14). Herrialde horietako balioak ezkorragoak dira Espainiakoak (-1) eta Erresuma Batukoak (-2) baino.
Zergatik ez da igotzen euskal etxeen konfiantza?
Euskal kontsumitzaileek konfiantzarik gabe jarraitzen dute, ezkor samarrak dira oraindik, haien etxeko ekonomia (-6, portzentajezko 3 puntu gutxiago) eta aurrezteko duten gaitasuna (-14, portzentajezko 1 puntu gehiago) direla eta.
Lan-merkatuaren bilakaerarekin bat, euskal familiek uste dute lan-egoerak hobera egingo duela, orain arte bezala (+1), baina 2015eko IV. hiruhilekoaren aldean, haien balorazioak okerrera egin du (portzentajezko 5 puntu gutxiago).
Beraz, euskal etxeak ezkor samarrak dira oraindik ekonomia orokorraren sendotasunari buruz. Ezkortasun horrek eragina du euren etxeko ekonomiaren gaineko balorazioan eta aurrezteko gaitasunean. Emaitzarik onena enpleguaren bilakaerari buruzkoa da: ondoz ondoko lau hiruhileko eman ditu balio positiboetan.
Nola eragiten du familien konfiantzak gastu- eta inbertsio-erabakietan?
Euskal etxeetan uste dute prezioek orain arte bezala hazten jarraituko dutela, hau da, gutxi. Inflazio txikiko agertoki hori bat dator ezagutzera ematen diren datuekin, hala nola KPIarekin edo Euriborrarekin, biak ala biak gutxieneko maila historikoetan baitaude.
Euskal etxeek enpleguaren eta prezioen inguruan agertoki positiboa aurreratu badute ere, ez dute uste erosketa nabarmenak egiteko garai egokia denik (portzentajezko 11 puntu gutxiago). Era berean, horrelako erosketak egiteko aurreikuspenak balio negatiboetan daude oraindik, baina hobekuntza txiki baterako joera dute (-9, portzentajezko 2 puntu gehiago).
Azkenik, euskal etxeek ez dute etxebizitza edo automobila erosteko asmorik (% 2k baino ez du etxebizitza erosteko aukera aztertzen, % 3,4k autoa erosiko du ziur eta % 1ek agian).
Euskal enpresen konfiantza-indizea:
Enpresek fakturazioari buruz dituzten aurreikuspenak aztertzen baditugu, emaitzak positiboak dira 2016ko bigarren hiruhilekoari begira. Hala, % 49,5en iritziz, fakturazioak bere horretan jarraituko du, eta % 37,4ren ustez, onera egingo du. Beraz, fakturazio txarragoa espero duten enpresak % 13,1 baino ez dira. Era berean, enpresen erdiak baino gehiagok (% 60,6k) uste du jarduerari eutsiko diotela, eta % 21,8k hobetzea espero du Enpresen % 12,5en ustez, berriz, jarduerak txarrera egingo du.
Gainera, aipatutako adierazleekin bat etorriz, enpresek eskaera kopuruaren hobekuntza espero dute. Hala, inkestatuen % 50ek baino gehiagok bolumenari eustea espero du, % 36,7k hobetzea eta % 13,1ek txarrera egingo duela uste du. Hala ere, prezioei dagokienez, egonkor jarraituko dutela uste dute gehienek. Izan ere, % 76,5ek uste du prezioek bere horretan jarraituko dutela bigarren hiruhilekoan. Gainerako enpresetatik, % 6,9k uste du prezioak handiagoak izango direla eta % 16,6k prezioak jaitsi egingo direla.
Beste datu positibo bat, zalantzarik gabe, honako hau da: enpresek produkzio-ahalmena handitzeko asmoa dute, baita, ondorioz, langileen kopurua handitzeko asmoa ere.
Esportazioak, I+G eta banku-finantzaketa eskuratzea
Inkestan proposatutako beste bi gai interesgarri dira horiek. Azken urteko esportazioen bilakaerari dagokionez, inkestatuen % 61,8k uste du bere horretan jarraitu dutela, % 20,23k hobera egin dutela eta % 11,1ek bakarrik uste du txarrera egin dutela.
Azken urtean berrikuntzari edo I+Gko ekimenei bideraturiko salmenten ehunekoari dagokionez, inkestatuen % 66,9 balio minimoetan kokatzen da: % 0 eta % 0,5 artean. datu interesgarria da, bestalde, % 5,3k salmenten % 5 baino gehiago bideratzen duela arlo horietara.
Amaitzeko, inkestatuen % 64,1en iritziz, banku-finantzaketa eskuratzeko erraztasuna ez da aldatu azken urtean. Gainerako enpresak honela daude banatuta: % 28,8ren iritziz, erraztasun handiagoa dago, eta % 7,1ek kontrakoa uste du.
Txostenak osorik eskuratzeko estekak:
-Euskal etxeen konfiantza-indizea (2016ko 1. hiruhilekoa)
-Euskal enpresen konfiantza-indizea (2016ko 1. hiruhilekoa)