Prentsa oharrak
Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak Integrazio-prozesuari bukaera eman diote Entitate Juridiko bakarra eratuz
- Gaur, integrazioa formalizatzeko eskritura publikoa sinatu da, eta, beraz, martxoan abiarazitako prozesuari bukaera eman zaio. Izan ere, martxoan, elkarrizketa formalei ekin zitzaiela jakinarazi genuen. Gure kooperatiba-proiektu berriari esker, Euskal Herriko bigarren finantza-entitatea eta Estatuko bigarren kreditu-kooperatiba izango gara.
Kooperatibak 2/2012 eta 18/2012 Errege Dekretuek xedatutako betebehar guztiak beteko ditu. Kapital printzipalaren maila % 10etik gorakoa izango da; beraz, kaudimen-betebeharrak betetzeaz gain, estaldura-fondo orokor nabarmena sortuko du.
Kooperatiba-proiektua helburu jakin batzuk lortzeko sortu da: kooperatibismoaren balio eta printzipioetan oinarritutako banku-eredua sustatzeko konpromiso irmoa aurrera eramateko, batetik, eta ekonomia suspertzen lagunduko duen eragile aktibo bihurtzeko, bestetik.
Integrazio-prozesua
Aurtengo martxoan integrazio-prozesuaren inguruko elkarrizketa formalei ekin zitzaiela jakinarazi ondoren, hasierako egutegia zehatz-mehatz bete da.
Egutegiko data batzuk bereziki aipagarriak dira:
Ekainaren 30ean, bi entitateetako Batzar Nagusiek beren Kontseilu Errektoreek aurkeztutako integrazio-proposamenak ontzat eman zituzten.
Erakunde eskudun guztiek integrazioa onartzeko prozesua urrian burutu da.
Gaur, urriaren 31n, integrazioaren eskritura publikoa sinatu da. Ondoren, dagozkion izapideak egiteko eta erregistroetan inskribatzeko urratsak emango dira.
Aurreikuspenen arabera, erabateko integrazio operatiboa 2013ko ekitaldian zehar gauzatuko da.
Ezarritako egutegi zorrotza betetzeko, bi entitateetako taldeak, bederatzi integrazio-mahai nagusiak, buru-belarri ari dira lanean, profesionaltasunez, bat eginik eta lankidetza-giro paregabean. Horrela, prozesuan finkatutako helburu tenporalak zehatz-mehatz ari dira lortzen.
Aipatutako bederatzi lan-mahai nagusiek honako gai hauek jorratzen dituzte: Pertsonak, Negozioa, Teknologiak, Arrisku Politika, Finantzak eta partaidetuak, Kontabilitatea, Arauak betetzea eta barne-auditoretza, Plangintza eta Zerbitzu Orokorrak. Dena den, lan-mahai nagusiez gain, zeregin zehatzetan oinarritutako lan-mahai ugari ere sortu dira. Prozesuan parte hartzen ari diren bi entitateetako kideen kopurua oso handia da, beraz.
Proiektu kaudimenduna eta eraginkorra
Integrazio Planak erakunde eskudun guztien onespena lortu du jadanik. Estres-eszenatokiak eta ekonomia-baldintza bereziki kaskarrei lotutako egoerak aurreikusi ditugun arren, bistakoa da Entitatea horiei aurre egiteko gai izango litzatekeela, abiapuntuko kaudimen, likidezia, eraginkortasun eta berankortasun maila bikainak kontuan hartuta.
Kooperatibak kaudimen-betebehar guztiak beteko ditu, kapital printzipalaren maila % 10etik gorakoa izanik. Halaber, 2/2012 eta 18/2012 Errege Dekretuek xedatutako betebehar guztiak ere beteko ditu, eta, gainera, estaldura-fondo orokor nabarmena sortuko du.
Horiei guztiei efizientzia-ratio bikaina gehituko zaie, bi Entitateen hasierako egoera onari eta administrazio-gastuen doikuntzari esker. Aipatutako doikuntzei dagokienez, plantillak dinamizatzeko planak gauzatu eta sukurtsal-sarearen berrantolaketa burutu ondoren, administrazio-gastuak hobetzea lortuko dugu, aliantzaren sinergiez baliatuta.
Integrazioaren oinarrizko lau zutabeak
Aurrerago jakinarazi genuenez, kooperatiba-entitatearen integrazio proiektuak oinarrizko lau zutabe ditu:
Bazkideak: bi entitateetako bazkide mota guztiek eskubide eta betebehar berberak izango dituzte, bai ikuspegi ekonomiko eta sozialetik, bai ordezkaritzaren ikuspegitik.
Langileak: Kooperatiba-proiektuko bazkide bihurtzeko aukera eman eta lanpostuak eta lan-baldintzak bermatu egingo zaizkie. Horrela, proiektu berriaren araberako doikuntzak egin behar izanez gero, borondatezko erabakiak eta akordioak sustatuko dira, jadanik hitzartuta dauden dinamizazio-planen bidez.
Bezeroak: bezeroarenganako orientazioa sustatuko dugu. Langileak, proiektu berriko bazkide partaide moduan, funtsezkoak izango dira bezeroak gustura egoteko. Helburu hori harreman pertsonalizatuen bidez, aholkularitza-maila handiagoak eskainiz eta produktu eta zerbitzuen eskuragarritasuna areagotuz lortu dute, hain zuzen.
Gizartea: sustrai eta konpromiso sozialak indartu egingo ditugu, egungo egoera korapilatsuan gure kooperatiba ekonomia-susperraldiaren oinarriak finkatzen laguntzeko gai izan dadin.
Entitateak 25.000 milioi euroko aktiboak ditu guztira. 451 sukurtsal, 1.300.000 bezero baino gehiago eta 2.284 lan-bazkide ditugu. EAEko, Nafarroako, Aragoiko, Errioxako, Gaztela eta Leongo, Kantabriako, Asturiasko eta Madrileko merkatuetan gaude.
Entitateak, ekonomia suspertzeko eragile aktiboa izateko borondate irmoa duenez, enpresei, saltokiei, autonomoei, familiei eta nekazaritzako elikagaien arloari finantzatzeko laguntza eskaintzen die.
Azken batean, finantza-sisteman nagusi den berregituratze-prozesuaren aurrean, “banka egiteko beste modu bat” badela erakutsi nahi dugu integrazioaren bidez. Egungo bankarizazio-ereduaren alternatiba eskainiko dugu, langileengan oinarrituz; langileak, izan ere, proiektuko partaideak eta bazkide jabeak dira. Pertsonaren balioa eta gestioaren demokratizazio sustatuko ditugu, gizarte-konpromisoa ezaugarri duen banku arduratsuari dagozkion irizpideei jarraiki.