Prentsa oharrak
Euskadiko Kutxa lehen finantza-entitatea da mugikorrerako aplikazioak euskaraz eskaintzen
- Dagoeneko 40.000 bezerok erabiltzen dute telefono mugikorraren bidezko banka-zerbitzua
Internet bidezko banka sendotu egin da azken urteotan. Gaur egun, harremanetarako bide bereizia da, bai gizabanakoentzat bai enpresentzat, eta 225.000 erabiltzaile baino gehiago ditu.
Euskadiko Kutxak 1997. urtean jarri zuen abian CLNet zerbitzua. Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten finantza-entitateetan lehena izan zen zerbitzu hori eskaintzen. Horren bidez, bezeroek hainbat eragiketa egin zitzaketen, Interneterako konexioa izanez gero.
Ordenagailu finkoaren bidez erabiltzeko asmatutako tresna zen; hala, 800x600eko gutxieneko bereizmena zuen pantaila eskatzen zuen. 2010. urtetik aurrera, berriz, web murriztuaren bertsioa jarri dugu abian eta, orain, edozein telefono mugikorren pantailan erabil daiteke.
Bestalde, telefono adimendunen eta smartphonen erabilera erruz handitu da azken urteotan. Eta, gure kasuan, CLNet Mugikorraren erabiltzaile kopurua ere biderkatu egin da: 40.000 bezerok erabiltzen dute dagoeneko.
Hazkunde horren eragile nagusietako bat Euskadiko Kutxak segurtasunaren alde egindako apustua izan da. Hala, sinadura elektronikoaren sistema aldatzeko Net gako-txartel berria egin eta banatu genuen bezeroen artean, sinadura-eskaera telefono mugikorrean jasotzeko aukera eskaini genuen eta alerta-sistema berria sortu genuen, horren bidez zerbitzuaren erabiltzaileek SMS mezuak jasotzeko (147.000 erabiltzaile).
Gaur egun, sarrera kopururik handiena Apple gailuen (iPhone eta iPad) eta Android sistema eragilea duten gailuen bidez egiten da; ondoren, Blackberry mugikorren bidez.
Plataforma horiek eta horien erabiltzaileak bultzatzen ari dira merkatuaren garapena.
CLNet Mugikorraren bidez eragiketak egiteaz gain, azken berritasunen artean honako aukera hauek ditugu: burtsako kotizazioak kontsultatzea, kutxazainik hurbilenak GPS bidez bilatzea eta gure gizarte-sareetako profiletan sartzea.
Eta, zerbitzu hobea emateko asmoz, aipatutako aplikazioak euskaraz ere behera kargatzeko aukera eskaintzen dugu, doan, aipatutako plataforma horien aplikazio-denda guztietan.