Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EUROPAKO INBERTSIO FONDOAK MIKROKREDITUETARAKO BERME LINEARIK GARRANTZITSUENA SINATU DU LABORAL KUTXAREKIN

  • Protokolozko izenpetze-saioa atzo egin zen Bruselan, Enpleguko Europar Komisarioaren eta Belgikako Mathilde Erreginaren aurrean, Mikrofinantzen Europako Eguna aurkezteko ekitaldian.
  • Europako EaSI programaren baitan hitzartutako 75 milioi euroen bidez 5.000 ekintzaile eta mikroenpresari lagundu ahal izango zaie.
  • Maileguek gizarte-bokazioa dute, enplegu-sorreraren bidez gauzatuko dena. Hala, lehentasunezko baldintzak eskainiko dira hala interes-tasan nola bermeen exijentzia apalean.

2015eko urriaren 20aMikrofinantzen Europako Egunaren ospakizunaren harira, LABORAL Kutxak eta Europako Inbertsio FONDOAK (EIF) lankidetza-hitzarmena sinatu dute Enplegurako eta Gizarte Berrikuntzarako Programaren esparruan (EaSI, ingelesezko siglekin). Haren bidez, 75 milioi euro bideratuko dira 5.000 ekintzaileri eta mikroenpresari finantza-babesa eskaintzera. Zenbateko horren bidez 5.000 enplegu sortu eta finkatzen lagunduko da kooperatibetan, autonomoen artean eta, oro har, urtean 2 milioi eurotik beherako fakturazioa duten negozio eta enpresetan.

EIFk ez du enpresentzako laguntza zuzenik eskaintzen, ez eta inbertsio zuzenik egiten ere; horren ordez, finantza-bitartekari egokiak aukeratu eta beraien maileguak estaltzeko bermea eskaintzen die. Horrenbestez, LABORAL Kutxa arduratuko da linea horretatik bideratutako 75 milioi eurotako maileguak emateaz.

Hain zuzen ere, gaur, asteartean, urriaren 20an, ospatzen da Mikrofinantzen Europako Lehen Eguna. Mikrofinantzak indartzea xede duen ekimen aitzindaria da, finantzaketa eta enplegua eskuratzeko zailtasunik handiena duten kolektiboak laneratzeko eta gizarteratzeko bide egokia direlakoan. Egun horren inguruko egitarauari atzo eman zitzaion hasiera Bruselan, Belgikako Mathilde erregina eta Marianne Thyssen Europako Batzordeko Enplegu eta Gizarte Gaietarako komisarioa buru izan zituen irekiera-ekitaldiarekin.

Hasierako zeremonia horretan egin zen, hain zuzen, EaSI hitzarmenaren protokolozko izenpetze-saioa, Europako agintari nagusietako batzuen begiradapean. Ekonomia eta Gizarte Batzordeak Belgikako hiriburuan duen egoitza izan zen lehen sei erakundeen protokolozko izenpetze-saioa egiteko aukeratutako tokia.

Pier Luigi Gilibert EIFko zuzendari exekutiboaren eta Marianne Thyssen Enplegu komisarioaren begiradapean, LABORAL Kutxako lehendakari Txomin Garciak eta gainerako bost ordezkariek hitz batzuk luzatu zizkieten bertan bildutakoei, eta guztiek ere kreditua eskuratzeko arazo handienak dituzten sektore ahulenetan enpresa-ekimenerako finantzaketa eskaintzeko eta enplegua finkatzeko konpromisoa adierazi zuten.

LABORAL Kutxa izan zen ekitaldi horretan estatuko erakunde bakarra. Euskal entitateak 75 milioi euroko zenbatekoa hartu du bere gain, aurrekontu osoa 237 milioikoa izanik. Horrela, sei sinatzaileen artean zenbateko handiena kudeatuko du, guztizkoaren ia herena bereganatuta.

LABORAL Kutxak Bilbon duen egoitzan aurkeztu da EaSI ekimena EAEko hedabideen aurrean. Xabier Egibar Negozio Garapenaren Areako zuzendariak kreditu-kooperatibaren gizarte-inplikazioa azpimarratu du hitzaldiaren hasieran: “Gure Herrian enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko finantzaketa-baldintzarik onenak izatea da gure eginkizuna, eta negozio bideragarri bakar bat ere ez gelditzea finantzaketarik gabe saihestu behar dugu. Ildo horretan, EIFrekin sinatutako hitzarmena lehen mailako tresnatzat hartu behar dugu. Ardura handia da, baina harro egoteko arrazoia ere bai”.

Amaitzeko, zera esan zuen: “atzo Bruselan hitzarmena sinatuz, Europa osoaren aurrean berretsi dugu bestelako banka baten alde egiten dugula apustu, benetako gizarte-aldaketa nahi duen eta enplegua sortzeko ekarpena azpimarratzen duen banka baten alde”.

José Andrés Blasco Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak, berriz, gure ingurunearen hazkundea eta iraunkortasun ekonomikoa bultzatzeko politikak eta jarduketak sustatuz EAEko exekutiboak betetzen duen eginkizun suspertzailea nabarmendu zuen.

EBren izenean etorritako IEFko inbertsio-zuzendari Cristina Dumitrescu izan zen azken hizlaria. Hitzarmenagatiko poza adierazi eta zera esan zuen LABORAL Kutxari buruz: “ikuspegi kooperatiboan eta enplegu-sorrerarako ikuspegian oinarritzen den bidaiderik onena da, enpresa sortzeko edo finkatzeko zailtasun handienak dituztenei kreditua ahalbidetuz, sektore horiek indartu eta etorkizun hobea eskaintzeko”.

75 milioi 25.000 €-rainoko mikrokredituetan

LABORAL Kutxak 75 milioi euroko finantzaketa-linea berezia egokitu du merkataritza-alorrean. Hartara, EIFk Europa osoan mikrokreditutarako aitortu duen linearik handiena izango du entitateak. Hitzarmen horrek bi urte eta erdiko iraunaldia du.

Finantzaketak enplegua sortu eta finkatzeko gizarte-bokazioa du. Hartzaileak batez ere mikroenpresak, abiatu berri diren enpresak edota jarduera profesionalari ekin berri dioten pertsona fisikoak izango dira, beraiek osatzen baitute ohiko kreditua eskuratzeko arazo handiena dutenen kolektiboa; azken buruan, honako hauek dira bidean aurrera egiteko zailtasun handiena dutenak: ekintzailetza-proiektua aurrera ateratzeko laguntza behar duten pertsonak, lanik gabe edo lanpostua galtzeko arriskuan daudenak, emakume ekintzaileak, desgaitasunen bat dutenak, gazteak…

Maileguen ezaugarriei dagokienez, mikrofinantzaketaren ohiko estandarren ildoan, mailegu bakoitzeko gehienez 25.000 euroko zenbatekoa finkatu da, eta itzultzeko epea, berriz, 5 urtera artekoa. Interes-tasak lehentasunezkoak izango dira eta inoiz ez da hipoteka-bermerik eskatuko. Horretaz gain, ekintzaileei ez zaie beste inolako abal osagarririk eskatuko, ekintzaileak berak ematen duenaz gain. Aurreikusita dauden helburuen artean baztertu egin dira higiezinak erosteko eragiketak eta birfinantzaketako eragiketak.

Bi erakundeek, EIFk nahiz LABORAL Kutxak, gizarte-erantzukizuneko inbertsioaren (GEI) printzipioekin bat egiten dute hitzarmenaren babesean finantzatuko diren jardueren inguruan. Hartara, hitzarmenetik kanpo geldituko dira tabakoari, ausazko jokoei eta armagintzari lotutako jarduerak.

Aurrekariak: Microfinance Progress

2013ko urrian, LABORAL Kutxak beste hitzarmen bat sinatu zuen EIFrekin ekintzaileentzako eta mikroenpresentzako 24 milioi euroko finantzaketa-linea berezia prestatzeko. Hitzarmen horrek bi urteko epealdia zuen arren, urtebete igaro aurretik agortu zen zehaztutako zenbateko osoa.

Gizarte-inklusioko bokazio argia zuen Microfinance Progress ere ekintzaileengana eta mikroenpresetara bideratu zen. Programaren onuradun izan ziren hiru pertsona fisikoetatik bik oinarrizko ikasketak baino ez zituzten; alegia, ohiko banku-finantzaketa eskuratzeko ageriko zailtasuna zuen segmentua osatzen zuten.

Orain, Progress ekimenean izandako arrakastari esker, orduko hartan zehaztu zen finantzaketa-konpromisoa hirukoiztu da EaSI hitzarmen berrian.

Enplegu eta Gizarte-berrikuntzarako Plana

Europar Batasunaren Enplegurako eta Gizarte-berrikuntzarako programaren (EaSI) esparruan, Europako Batzordeak 193 milioi euroko zuzkidura bideratu du 2014-2020 aldian mikrofinantzaketara eta gizarte-ekintzailetzara. Helburua: mikrofinantzaketa, hau da, 25.000 eurorainoko mailegua, egoera ahulenean dauden pertsonentzat eta mikroenpresentzat. Gainera, eta lehen aldiz, Europako Batzordeak gizarte-enpresak ere lagunduko ditu 500.000 eurorainoko inbertsioen bidez. Halere, mikrofinantzaketarako eta gizarte-ekintzailetzarako laguntza, lehenik eta behin, EaSI Bermearen bidez hezurmamitzen da. Izan ere, hari esker, orain arte haien arrisku-profila dela eta finantzatu ezin izan dituzten enpresariengana iritsi ahal izango dira mikrokredituen hornitzaileak eta gizarte-enpresetako inbertsiogileak. Europako Batzordeak Europako Inbertsio FONDOA aukeratu du EaSI Bermea ezartzeko.

Aurkezpena: