Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

ENPRESEN KONFIANTZAK HOBERA EGIN DU

 

                • Enpresa Konfiantzaren Indizea 58,2 puntukoa da, aurreko hiruhilekoan baino ia 5 puntu handiagoa, eta bat dator Estatuko eta Euroguneko datuekin

 

 

                • Galdetutako enpresa gehienak produkzio-ahalmenari eta enplegu kopuruari eusteko edo handitzeko prest agertu dira aurtengo hurrengo hiruhilekoari begira

 

 

2017ko martxoaren 16a.–LABORAL Kutxak Industria Konfiantzari buruzko Inkesta egin die Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei, 2017ko bigarren hiruhilekorako dituzten espektatiben berri izateko. Bada, ondorio interesgarriak eman ditu, aurreko hiruhilekoan baino pixka bat hobeak.

Hasteko, enpresek ingurune ekonomikoari buruz dituzten espektatibei dagokienez, %52,8k uste du egoerak bere horretan jarraituko duela, eta %23,9k hobera egingo duela. Beraz, ikuspegi baikorra da nagusi eta, ondoren ikusiko dugunez, berdintsu pentsatzen dute azterturiko gainerako aldagaietan.

Enpresek fakturazioari buruz dituzten aurreikuspenak positiboak dira 2017ko bigarren hiruhilekoari begira. Hala, %55,6ren iritziz, fakturazioak bere horretan jarraituko du, eta %35,8ren ustez, onera egingo du. Beraz, fakturazio txarragoa espero duten enpresak %8,6 baino ez dira.

Aurreko adierazlearekin bat, 2017ko bigarren hiruhilekoan jarduerak bere horretan segituko duela uste dutenen kopurua %63,9koa da, eta egoerak hobera egingo duela uste dutenena %26,4koa. Inkestatuen %9,7ren ustez, berriz, jarduerak txarrera egingo du.

Erantzunok ikusita, honako zalantza hau sortu zaigu: fakturazioa eta jarduera hobetuko dela uste dutenek gehiago saltzea ala garestiago saltzea espero dute? Zentzu horretan, emaitzen arabera, badirudi eskaera-bolumena hobetzea espero dutela. Ondorengo grafikoan ikus dezakegunez, inkestatuen % 56,2k bolumenari eustea espero du eta % 35,8k hobetzea. % 8k, berriz, txarrera egingo duela uste du.

Prezioei dagokienez, egonkor jarraituko dutela uste dute gehienek; izan ere, % 75,4k uste du prezioek bere horretan segituko dutela bigarren hiruhilekoan. Gainerako enpresetatik, %14,3k uste du prezioak handiagoak izango direla, eta %10,3k prezioak jaitsi egingo direla.

Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, %68,2k uste du errentagarritasunean ez dela aldaketarik izango, % 18,3k errentagarritasuna handiagoa izango dela eta % 13,5ek txikiagoa izango dela.

Orain arte azterturiko datuen arabera, egoera nahiko positiboa da, eta, ondoren ikusiko dugunez, badirudi enpresek ahalmen produktiboa handitzeko eta, ondorioz, langileen kopurua handitzeko asmoa dutela.

Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen %74,8k uste du eutsi egingo diola 2017ko bigarren hiruhilekoan, eta %16,6k espero du inbertsio-bolumenak gora egitea. Beraz, inkestatuen % 8,6ren ustez, inbertsio-bolumena jaitsi egingo da.

Azkenik, enpresen %78,8k uste du enpleguari eutsi egingo zaiola, %15,5ek plantilla handitu egingo dela eta %5,7k plantilla jaitsi egingo dela.

Egoerari buruzkoa ez beste adierazleak hartuz gero, Industria Konfiantzaren Indizearen balioa 58,2koa da. Beraz, indizeak gora egin du aurreko hiruhilekoan jasotako datuarekin alderatuta, 53,2koa izan baitzen. Horren arrazoia hauxe da: enpresek ikuspegi pixka bat baikorragoa dute ekonomiak 2017ko bigarren hiruhilekoan izango duen bilakaerari buruz. Gainera, indizearen balioa 50etik gorakoa izateak hedapena adierazten du, eta hori bat dator beste esparru geografiko batzuetan (Espainian 54,7 urtarrilean eta Eurogunean 56 otsailean) lortutako balioekin.

Amaitzeko, inkestako beste gai batzuetan izandako emaitzak aurkeztuko ditugu, aurreko paragrafoan azaldutako indizearekin zerikusirik ez dutenak. Azken urteko esportazioen bilakaerari dagokionez, inkestatuen %59,8k uste du bere horretan jarraitu dutela eta %30,5ek hobera egin dutela. %9,8k bakarrik uste du txarrera egin dutela.

Azken urtean berrikuntzara edo I+Gko ekimenentara bideraturiko salmenten ehunekoari dagokionez, inkestatuen %67,8 balio minimoetan kokatzen da: salmenten %0 eta %0,5 artean, eta %6,5ek dioenez, salmenten %5 baino gehiago bideratzen du arlo horietara.

Bezeroei kobratzeko epeari dagokienez, azken urtean ez da aldaketarik izan %77,9ren ustez. Enpresen %16,2k, berriz, epea handitu egin dela uste du, eta %5,9k txikitu egin dela.

Azkenik, inkestatuen %65,8ren iritziz, banku-finantzaketa eskuratzeko erraztasuna ez da aldatu azken urtean. Gainerako enpresak honela daude banatuta: %24,2ren iritziz, erraztasun handiagoa dago, eta %10ek kontrakoa uste du.