Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

ENPRESEN KONFIANTZAK BEHERA EGIN DU PIXKA BAT

Arrasate, 2016ko ekainaren 3a.–Laboral Kutxak Enpresen Konfiantzari buruzko inkesta egin die Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei, 2016ko hirugarren hiruhilekorako dituzten espektatiben berri izateko. Bada, ondorio interesgarriak eman ditu, aurreko hiruhilekoko datuen aldean emaitzek pixka bat txarrera egin badute ere. Ondoren, ondorio nagusiak azalduko ditugu labur-labur.

Enpresek ingurune ekonomikoari buruz dituzten espektatibei dagokienez, % 63,9k uste du egoerak bere horretan jarraituko duela, eta % 16,8k hobera egingo duela. Beraz, ikuspegi baikorra da nagusi eta, ondoren ikusiko dugunez, berdintsu pentsatzen dute azterturiko gainerako aldagaietan.

Enpresek fakturazioari buruz dituzten aurreikuspenak onak dira, 2016ko hirugarren hiruhilekoari dagokionez. Hala, % 52,3ren iritziz, fakturazioak bere horretan segituko du, eta % 34,9ren ustez, onera egingo du. Beraz, fakturazio txarragoa espero duten enpresen kopurua % 12,8koa baino ez da.

Aurreko adierazlearekin bat, 2016ko hirugarren hiruhilekoan jarduerak bere horretan segituko duela uste dutenen kopurua % 59,9koa da, eta egoerak hobera egingo duela uste dutenena % 21,9koa. Inkestatuen % 18,3ren ustez, berriz, jarduerak txarrera egingo du.

Erantzunok ikusita, honako zalantza hau sortu zaigu: fakturazioa eta jarduera hobetuko dela uste dutenek gehiago saltzea ala garestiago saltzea espero dute? Emaitzen arabera, badirudi eskaera-bolumena hobetzea espero dutela. Ondorengo grafikoan ikus dezakegunez, inkestatuen % 51,6k bolumenari eustea espero du eta % 35,1ek hobetzea. % 13,3k, berriz, txarrera egingo duela uste du.

Prezioei dagokienez, egonkor jarraituko dutela uste dute gehienek; izan ere, % 77,9k uste du prezioek bere horretan segituko dutela hirugarren hiruhilekoan. Gainerako enpresetatik, % 5,4k uste du prezioak handiagoak izango direla eta % 16,8k prezioak jaitsi egingo direla.

Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, % 63,8k uste du errentagarritasunean ez dela aldaketarik izango, % 16,5ek errentagarritasuna handiagoa izango dela eta % 19,7k txikiagoa izango dela.

Orain arte azterturiko datuen arabera, egoera nahiko positiboa da, eta, ondoren ikusiko dugunez, badirudi enpresek ahalmen produktiboa handitzeko eta, ondorioz, langileen kopurua handitzeko asmoa dutela.

Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen % 65,6k uste du eutsi egingo diola 2016ko hirugarren hiruhilekoan. % 20,8k, berriz, inbertsio-bolumenak gora egitea espero du. Beraz, inkestatuen % 13,6ren ustez, inbertsio-bolumena jaitsi egingo da.

Azkenik, enpresen %72,1ek uste du enpleguari eutsi egingo zaiola, % 20,4k plantilla handitu egingo dela eta % 7,5ek plantilla jaitsi egingo dela.

Inguruneari buruzko iritzia ez beste adierazleak gehitu eta Konfiantza Indizearen balioa lortzeko haztatzen baditugu, emaitza 55ekoa da. Ondorioz, aurreko hiruhilekoko datutik (55,3) hona, beherakada txikia izan da. Datu horretatik honako interpretazio hau egiten da: 2016ko hirugarren hiruhilekoko ekonomiaren bilakaerari buruz ikuspegi ezkorragoa dutela enpresek. Gainera, indizearen balioa 50etik gorakoa izateak hedapena adierazten du, eta hori koherentea da beste esparru geografiko batzuetarako (Espainia 55,2 eta Eurogunea 52,9) lortutako balioekin.

Amaitzeko, inkestako beste gai batzuetan izandako emaitzak aurkeztuko ditugu, aurreko paragrafoan azaldutako indizearekin zerikusirik ez dutenak. Azken urteko esportazioen bilakaerari dagokionez, inkestatuen % 63,3k uste du bere horretan jarraitu dutela eta % 25,3k hobera egin dutela. % 11,4k bakarrik uste du kanporako salmentek txarrera egin dutela.

Azken urtean berrikuntzari edo I+Gko ekimenei bideraturiko salmenten portzentajeari dagokionez, inkestatuen % 61,7 balio minimoetan kokatzen da (% 0 eta % 0,5 artean), eta % 5,6k dioenez, % 5 baino gehiago bideratzen du arlo horietara.

Bezeroei kobratzeko epeari dagokienez, azken urtean ez da aldaketarik izan % 77ren ustez. Enpresen % 16,4k, berriz, epea handitu egin dela uste du, eta % 6,7k txikitu egin dela.

Azkenik, inkestatuen % 63,4ren iritziz, banku-finantzaketa eskuratzeko erraztasuna ez da aldatu azken urtean. Gainerako enpresak honela daude banatuta: % 27,2ren iritziz, erraztasun handiagoa dago, eta % 9,3k kontrakoa uste du.