Prentsa oharrak
Emakume eta musikari gisa jaio zen lekura itzuli da Teresa Catalán konpositorea
Imanol Zubiauzek, Teresa Catalanekin batera, jaso du gaur Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientziekiko konpromisoa aitortzen duen saria
Erakunde, kultura, gizarte eta hezkuntza arloetako ordezkariek parte hartu dute gaur, Iruñean, 2022ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sarien bi modalitateak emateko ekitaldian
Iruñea, 2022ko irailaren 27a. 2022ko Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria eta Gazte Saria emateko ekitaldia izan da astearte honetan, irailaren 27an, Iruñean. Jende ugari eta kultura, hezkuntza eta gizarte arloetako erakunde eta pertsona ospetsuen ordezkaritza zabala bildu da ekitaldian.
Saria banatzeko aukeratutako tokia ezin egokiagoa izan da: Nafarroako Museoa, non sarituetako bat, Teresa Catalán, familiarekin bizi izan baitzen haurtzaroan eta gaztaroan, eta bertan aurkitu zuen bere bokazio musikala.
Ekitaldia hasi da 2021ean Gazte Saria eskuratu zuen Ane Zulaika Aranburu ikus-entzunezko sortzailearen Emakumeak Blai film laburraren proiekzioarekin. Ondoren, Eusko Ikaskuntzako bazkide eta Gazte Sariaren epaimahaikide Urkiri Salaberriak aurkeztu du aurtengo gazte modalitateko irabazlea: Imanol Zubiauz, Arte Ederretako doktore eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboko masterra. “Pidgin” izeneko proiektuarengatik lortu du saria. Proiektu hori euskal baleen ehiztarien eta XVII. mendeko Islandiako herriaren arteko harremanei buruzkoa da.
2022ko Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako Sariko epaimahaiaren ordezkari gisa, UNED Bergarako zuzendari Iñaki Esparzak, Teresa Catalánen irudia goratu eta hiru alorretan sailkatu du bere ibilbidea: sorkuntza, irakaskuntza eta zabalkundea. Bizitza ibilbidea eta ibilbide profesionala, Esparzaren iritziz, “ekarpen ordainezina eta eskuzabala, pertsonen zerbitzurako ondarea” dena.
Ondoren, saria ematen duten entitateetako ordezkari nagusiek hartu dute hitza. Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak gogorarazi du sari horien helburua dela euskal komunitateen etorkizunerako ikerketa, berrikuntza eta ezagupenak duen garrantzia azpimarratzea, bai eta sormenaren balioa nabarmentzea ere, “gure garaiko egoera espiritualaren ispilu gisa eta irudimen kolektiboaren proiekzio gisa”. Alde horretatik, Teresa Catalán eta Imanol Zubiauz dira “errealitatearen gaineko behaketa eta sentikortasunaren lanketa batzeko lotura birtuosoaren” adibide. Konpositoreari dagokionez, eskuzabaltasuna nabarmendu du, eta, horren ondorioz, aktiboki lagundu die musika-sorkuntza garaikidean diharduten ikasleei eta lankideei, bai eta Nafarroan, jaioterrian, duen eragin inspiratzailea ere. Horren emaitza da sortu duen “proiektu pertsonal eta partekatu sendo bat, aldi berean sustraitua eta unibertsala”.
Bestalde, LABORAL Kutxako lehendakari Txomin Garcíak estilo propioa duen konpositore gisa deskribatu du Teresa Catalán, beti askatasunetik baina exijentzia handiz lan egin duena; emakume polifazetikoak, konpositore gisa duen talentuari, musika irakatsi, kudeatu eta zabaltzeko lan bizia gehitzen dio. Azkenik, “bere zeregin profesionalean mantendu duen zentzu etikoa” eta hobetzeko gaitasuna azpimarratu ditu Garcíak, “lanbide gisa oso emakume gutxik duten musika bezalako esparru batean”. Gazte Sariko egilearen inguruan etorkizunera begira egotea “bere sormen-gaitasuna eta teknologiarekin konbinatuta ikus daiteke, ondare original eta baliotsua emanez”, azpimarratu du.
Epaimahaiaren akta irakurri ondoren, Teresa Catalánek 2022ko Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Saria aitortzen dion diploma jaso du. Eskerrak emateko hitzaldian gogorarazi du 1950etik Nafarroako Museoa dagoen eraikin horretan hasi zela bere bizitza pertsonal eta profesionala. Musikan sakonduz joan zen heinean ohartu zen haren kulturak “kontzientzia behar duela, bilaketa bat”, sortzaileak inguruan duena modu koherente, orekatu eta etikoan ulertzera behartzen duena. Horretan irakaskuntzak ere lagundu dio, “bakartzetik ateratzera, bestea hobeto ulertzera” behartuz, beti ere ideia batekin: “gizarteari itzultzea eman didan gauza asko”. Azkenik, etika estetikarekin bateratzeko deia egin du, norberaren kultura-identitatea ahaztu gabe, modu bakarra baita “historikoki oinarritutako eta artistikoki formulatutako gizatasun-proiektu baterantz abiatzeko”.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, eta Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaolaren hitzaldiek eman diote amaiera ekitaldiari.