Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko familien konfiantzak hondoa jo du

  • Euskal Kontsumitzaileen Konfiantzak -24 puntuko emaitza aurreikusten du

  • Adierazlea  2008ko krisian erregistratu zen datuen parekoa da (III hiruhilekoa, -25 puntu)

 

 

 

EAEko gizartea eszenatoki-aldaketa bortitz baten aurrean dago: covid-19aren krisiak alarma-egoera eta konfinamendua ekarri ditu, norbanakoen mugikortasuna mugatu du eta jarduera ekonomikoaren zati handi bat eten du. Osasunean izan duen inpaktuaz eta osasun-sistemarengan eragin duen presioaz gain, krisi honek jarduera ekonomikoaren gainbehera, langabeziaren gorakada eta mundu-mailako krisia ere ekarri ditu.

2020ko bigarren hiruhilekoan, Euskal Kontsumitzaileen Konfiantzaren Adierazlea nabarmen ezkorra izan da (-24 puntu), 2008ko krisian izan zenaren parekoa (III hiruhilekoa, -25 puntu). Alabaina, ezkortasun horrek denboran irautea edo ez lehenengo inpaktuari aurre egiteko abiaduraren eta eraginkortasunaren –2008an gertatu zenarekin alderatuta– araberakoa izango da.

 

Zein iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi urteetan egongo den bilakaera sozioekonomiko orokorraren inguruan?

EAEko familiak (-24) inguruko familiak bezain ezkorrak dira: konfiantzaren gainbehera EB-27ko errealitate bat da.

Zein faktorek eraikitzen dute EAEko familien konfiantza eta horren bilakaera?

Ekonomia orokorraren inguruko igurikimenak (-32,-25 puntu), eta lanaren ingurukoak (-44,-40) hondoratu egin dira; familiaren ekonomiaren eta aurrezkien inguruko igurikimenak okertu egin dira (-13 eta -6, -12 eta -13 punturekin, hurrenez hurren).

Datuek igurikimen horiek baieztatzen dituzte: erregistratutako langabetuen kopuruak gora egin du (+22.064 langabetu gehiago zeuden maiatzean otsailean baino) eta EAEko jarduera ekonomikoa jaitsi egin da (BPGren hiruhileko arteko jaitsiera % 4,7koa izan zen 2020ko lehenengo hiruhilekoan).

Nola eragiten du konfiantza-galerak familiaren gastuan eta inbertsioan?

Azken urtean erregistratutakoa baino prezioen gorakada handiagoa aurreikusten da, eta okertu egin da erosteko unearen balorazioa, datu oso negatiboak izateraino (2015eko lehenengo hiruhilekoaren mailan).

Negatiboa da erosketa handiak egiteko igurikimena, eta etxebizitza eta automobilen erosketak ahulak dira.

Martxokoak eta apirilekoak dira familien kontsumoan eta etxebizitzen eta ibilgailuen salmentaren erregistrorik okerrenak; hilabete batetik besterako galerak izugarriak izan dira.

Laburbilduz, EAEko familiek ezkortasun handiz egiten diote aurre urteko bigarren hiruhilekoari, 2008ko urrian bezalaxe. Hala ere, ageriko desberdintasunak daude bi krisien artean, erabakigarriak izango direnak krisiaren irteeran: kasu honetan, krisiak eskarian du jatorria (kontsumoaren jaitsieran), familiek eta enpresek zorpetze maila baxuagoa dute eta instituzioek adostutako diagnostiko eta ekintza-planak badaude (batez ere, Europa mailakoa), baita hasiera-hasieratik martxan jarritako euste-neurrien panel bat ere. Pixkanakako hobekuntza bat espero da, normaltasunerako itzuleraren arrakastarekin lotua egongo dena. Itzulera horren emaitzak 2021erako itzularaziko die konfiantza kontsumitzaileei.