Prentsa oharrak
EAEko familien konfiantzak hobetzen jarraitzen du
Urtearen lehen hiruhilekoan, EAEko familien konfiantza-indizean hobekuntza “txikia”ren joera mantendu da (+4 puntu) eta neultraltasunetik gertu dago (-5)
Zein da beren inguruneari dagokionez EAEko familiek duten iritzia?
Ia ez da aldatu Estatuko (-18), EB-27ko (-16), Frantziako (-13), Alemaniako (-16) edo Herbehereetako (-13) familien konfiantza eta, oro har, 2023ko laugarren hiruhilekoan jasotako mesfidantza maila beretsuan daude.
Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?
EAEko familien konfiantzari dagokionez, ekonomia orokorraren bilakaerarekin lotutako mesfidantzak bere horretan jarraitzen du, balio negatiboetan (-18, +3 puntu) eta horixe da mesfidantza sortzen duen adierazlea.
Hala eta guztiz ere, hobetu egin da familiako ekonomiaren bilakaerarekin lotutako konfiantza (+4 puntu), baina ez maila positibotara iristeko behar adina (-5). Aldiz, langabeziaren bilakaerarekin eta aurrezteko gaitasunarekin lotutako igurikimenak balio positiboetan kokatu dira (2 eta 0, hurrenez hurren).
Beste nolabait esanda, hurbiltasun-adierazleak (familiako ekonomia, aurrezteko gaitasuna eta langabezia) izan dira horren negatiboa ez den, edo neutrala edo positiboa den balorazioa lortu dutenak. Aurkako tokian dago, aldiz, ekonomia orokorrarekin lotutako igurikimena, konfiantza kaltetu duena.
Testuinguru ekonomikoaren “ezkortasun” hori EAEko ekonomiaren dinamismotik aldenduta egongo litzateke (2023ko KPIaren +% 1,8), baita mantsotzen ari den inflazio-joeratik ere (otsaileko KPI orokorra, +% 3,1 eta +% 2,8, EAEn eta Estatuan). Hain zuzen ere, inflazioaren jaitsiera handiagoa eta bizkorragoa dela eta (Eurogunean, +% 2,6 otsailean), EBZk ekainerako erreferentziazko interes-tasa gutxituko duela aurreratu du.
Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?
EAEko familiek aurreratu dutenez, prezioen gorakada txikiagoa (1, +8 puntu) izango da, baina erosteko unearen inguruko balorazioa (-23) negatiboa izan da beste behin (horretan eragina dute prezioak ez diren beste faktore batzuek). Hala, erosketa handiak egitearekin lotutako igurikimen-indizea oraindik ere “epela” (-6, +1 puntu) dela esan dezakegu. Horren joera laua da (erosketa handien bolumenak gaur egungoen antzekoak dira).
Etxebizitza erostearen asmoa 2023koaren oso maila antzekotan dago (familien % 0,5ek baino gutxiagok adierazi du asmo hori), 2023ko salerosketa-eragiketek jasandako mantsotze-joerarekin bat eginda (2022ko datuekin alderatuta, -% 12,5). Dena den, zertxobait handitu da ibilgailua erosteko asmoa (familien % 5,5ek aipatu du) eta urte hasiera esperantzagarria erakusten du emaitza horrek (urtarrileko-otsaileko ibilgailu berrien matrikulazioa, +% 7,9, urte arteko tasan).
Laburbilduz, EAEko familien konfiantzak, 2024. urtearen hasieran, hobekuntza sendotu du eta neutraltasunetik gertu dago Egoera horren gakoak dira hauek: enpleguaren egoera oso positiboa da, inflazioaren murrizketa gero eta bistakoagoa da eta horrek finantzaketa-kostuan jaitsiera gertatuko dela aurreratu du. Horri guztiari, gainera, azken bost urteotan ia baikorrak diren balioetan mantendu den aurrezteko gaitasuna gehitu behar diogu.
EAEko familiek “normala” litzatekeen urtea dute aurrean (2020 eta 2022 artean gertatutako ezohiko zalantzak albo batera utzita). Hori guztia lagungarria da ikuspegi baikorragoa izateko, batez ere enpleguaren indarrean oinarrituta (faktore erabakigarria da familien gastu-eta inbertsio-erabakietarako eta diru-sarreretarako). Zalantzarik gabe, erabakigarria izango da finantzaketa-kostuaren jaitsiera eta, urtearen bigarren erdian gertatuko den arren, baliteke dagoeneko EAEko familien erabakietan (epe ertainera begirakoetan) eragina izatea.