Prentsa oharrak
EAEKO FAMILIEN KONFIANTZA PIXKA BAT GUTXITU DA
Zeri iritzi dute EAEko familiek hurrengo hamabi hilabeteetarako bilakaera sozioekonomiko orokorrari dagokionez?
- 2016ko hirugarren hiruhilekoan, EAEko familiek, bigarren hiruhilekoarekin alderatuta (-5, -2 puntu), konfiantza pixka bat galdu dute. Dena den, 2015. urtearen lehen zatian hasi zen hobetzeko joera mantendu egin da.
- Konfiantzan izandako atzerakada txiki hori Europako familien artean ere gertatu da (-8, -2 puntu). Hirugarren hiruhilekoa beti izan da zaila Estatuan (-3, -3 puntu; hauteskundeak errepikatuko dira). Erresuma Batuan (-8, -7 puntu; Brexitaren ondorioa) eta Frantzian (-15, -1 puntu; erreformari emandako erantzun soziala) ere antzeko zerbait gertatu da. Aldiz, Alemaniak posizio hobea erakutsi du (historikoki baxua den langabezia-datua), baina balio positibotan sartzea ere ez du lortu (-2, +1 puntu).
Zergatik ez du lortzen EAEko familien konfiantzak joera gorakorra izatea?
- Argi dagoen moduan, 2016. urtean ez da aldatu EAEko familien balorazioa (-7) eta horrek agerian utzi du susperraldi ekonomiko orokor egonkorraren inguruko konfiantza falta dela. Gainera, enpleguaren inguruko igurikimena okertu egin da (3, -6 puntu), seguru asko lan-merkatuak orain arte izan duen hobekuntzaren kaudimena eta sendotasuna ezbaian jarri dituzten interpretazioak direla eta.
- EAEko familietan, etxeko ekonomiaren inguruko konfiantza mantendu egin da (-4, +1 puntu), baina oraindik balio negatibotan dago. Aldiz, oso pixkanaka bada ere, aurrezteko gaitasunaren inguruko igurikimena igotzen ari da (-10, +1 puntu).
- Beste nolabait esanda, EAEko familiak eszeptiko agertu dira ekonomia orokorraren susperraldiari dagokionez nahiz eta enplegua hobetu egingo dela uste duten (baina orain arte baino neurri txikiagoan). Hala eta guztiz ere, aurrezteko beren gaitasunarekiko ezkor agertu diren arren, beren familiako ekonomiaren bilakaeraren inguruko konfiantza mantendu egin dute.
Nola eragiten du etxeetako konfiantzak gastu eta inbertsiorako erabakietan?
- EAEko familiek uste dutenez, prezioak ez dira azken hilabeteetan baino askoz ere gehiago igoko. Horrek inflazio baxuko testuingurua aurreratu du eta bat dator KPIaren, Euriborraren edo erregaien inguruko datuekin (gutxieneko erreferentziatan daude).
- Etxerako erosketa esanguratsuak egiteko gaur egungo unearen inguruko balorazioari dagokionez, suspertzen jarraitzen du (-6, +1 puntu) eta EAEko familiek erosketa horiek egiteko igurikimenean hobekuntza nabarmena gertatuko dela aurreratu dute (-6, +8 puntu). Dena den, bi kasu horietan, oraindik ere balio negatibotan daude.
- Etxebizitza erosteko asmoak geldi jarraitzen du (gutxi gorabehera, familien % 2k baloratu du erostea), baina ibilgailua erosteko asmoaren susperraldiaren inguruko dinamismoa mantendu egin da (% 6 ingurukoa da). Datu horrek azken bi urteotako zifra bikoiztu du.
Laburbilduz, 2016ko hirugarren hiruhilekoak EAEko familietan nagusi den zuhurtzia erakusten du; ekonomia orokorraren inguruko bilakaerarekiko eszeptiko agertzen dira eta enpleguaren hobekuntza mantsotu egingo dela aurreratu dute. Azken urte eta erdi honetan ikusitako ibilbideak eta inflazio baxuko testuinguru sinesgarriak erosketa handiak egiteko unearen inguruko balorazio hobea egitea ahalbidetu du. Dena den, atalaseak oraindik ere baxuak dira. Eta, pixkanaka-pixkanaka, autoa erosteko igurikimena igo egin da, baina etxebizitzarenak oraindik ere geldi jarraitzen du.