Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko familien konfiantza ia positiboa dagoeneko

  • EAEko familiek pertzepzio positiboa edukitzen jarraitzen dutela erakutsi du 2018ko bigarren hiruhilekoak, ondoz ondoko bosgarren hiruhilekoz

 

 

Zein iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi urteetan egongo den bilakaera sozioekonomiko orokorraren inguruan?

2018ko bigarren hiruhilekoak sendotu egin du EAEko familien konfiantza (2, +1 p.), eta estatuan (0) eta EBn (0) baino zertxobait hobea da. Argi eta garbi, familien konfiantza balio positiboetara edo neutroetara ari da hurbiltzen, eta, 2018ko lehenengo seihilekoan, 2017ko bigarren hiruhilekoan erregistratutakoa gainditu da.

Zein faktorek eratzen dituzte EAEko familien konfiantza eta horren bilakaera?

  • EAEko familiek uste dute enpleguak hobetzen jarraituko duela (15), eta beren igurikimen positiboak sendotu dituzte lan-merkatuaren bilakaerari dagokionez. Gainera, ondoz ondoko bost hiruhilekoz, EAEko familiek uste dute ekonomia orokorrak hobetzen jarraituko duela (6), 2017an hasitako igurikimen horren ibilbide positiboa berretsiz.
  • “Kanpoko” egoeraren gaineko balorazio positibo horren aurrean, ordea, EAEko familiek zuhurrak izaten jarraitzen dute “barruko” alderdien inguruan. Hala, etxeko ekonomiaren (-3) eta aurrezpen-gaitasunaren (-7) bilakaeraren indizeek negatiboan egoten jarraitzen dute, baina pixkatxo bat hobera egin dute bietan (-3 p.), 2015etik egon diren emaitza onenak erregistratuz.
  • Azkenik, inflazioak gorakada argia izango duela aurreikusten dute EAEko familiek (-18), 2017ko bigarren hiruhilekotik aurreikusi ere, energiaren prezioetan eta jardueraren susperraldian egon den hazkundearekin bat eginez.
  • Azken batean, 2018ko bigarren hiruhilekoan, EAEko familien konfiantzak barne hartu du lehenengo hiruhilekoan erregistratutako (Eustat) ekonomiaren (% 3,1) eta enpleguaren (% 2,1) hazkundearen baieztapena, apirilean Gizarte Segurantzan afiliatzearen inguruan jasotako datuekin (945.514, +% 2) eta erregistratutako langabeziaren jaitsierarekin (124.904, -% 8,8) batera.

Nola eragiten du familien konfiantzak gastatzeko eta inbertitzeko erabakietan?

  • Hobekuntza-eszenatokian egon arren, urteko bigarren hiruhilekoan, EAEko familiek txartu egin dute erosteko unearen gaineko balorazioa (-11, -6 p.), aurreko hiruhilekoetako hobekuntzaren etenaldia islatuz. Horrekin bat eginez, familiek erosketa handiak egitearen inguruan daukaten igurikimena (-6) negatiboa da, eta zertxobait okerrera egin du; hala ere, azken hiruhilekoetako jokaera irregularraren barruan dago.
  • 2018ko bigarren hiruhilekoan, EAEko familien % 2,5ek adierazi du etxebizitza erosteko asmoa, eta % 6,2k ibilgailua erostekoa; bi zifrek hobetzen dituzte urteko lehenengo hiruhilekoan erregistratutako zifrak (% 2,3 eta % 4,3), eta 2017an erregistratutakoetara iristen dira (% 2,8 eta % 6,0, urteko batez bestekoa).

Laburtuz, 2018ko bigarren hiruhilekoak sendotu egin du EAEko familien konfiantzaren oinarria, neutraltasuna gainditzen duten eta baikortasunera hurbiltzen diren balioak baitaude. Enpleguaren eta ekonomia orokorraren gaineko igurikimen positiboan oinarritzen da konfiantza hori. Halaber, gutxika-gutxika, etxeko ekonomiaren eta aurrezpen-gaitasunaren inguruko balorazio hobea ari da agertzen, alderdi erabakigarriak izanik horiek erosketa edo inbertsio handiak egiteko orduan

 

Txosten osorako esteka:

http://korporatiboa.laboralkutxa.com/src/uploads/2018/06/CEC_2018-II-Hiruhilekoa_Txostena.cleaned.PDF