Prentsa oharrak
EAEko familien konfiantza hoztu egin da
Urtearen laugarren hiruhilekoan, EAEko familien konfiantza neutrala izan da (0), eta atzera egin du 2021eko bigarren (2) eta hirugarren (5) hiruhilekoetako balioekin alderatuta. Egiaz, konfiantzaren susperraldia hoztu egin da, baina, ongi begiratuta, hiru hiruhilekotan balio positiboak izan ditu, eta pandemiaren aurreko balio berak
Suspertzeko joera eta pandemiaren aurreko mailetarako itzulera gailentzen dira 2021eko balantzean. Ziurgabetasun-faktoreek familien igurikimenei eragin diete. Aurrezteko jarrera mantentzearen alde egin dute familiek eta gastuarekin eta inbertsioarekin lotutako erabakiak birpentsatuko dituzte
2021eko laugarren hiruhilekoa ere pandemiak baldintzatu du (birusaren aldaera berriak, kutsatzeen gorakada eta/edo murrizketa posibleak), baita prezioen gorakadak ere –batez ere, prezio energetikoenak–. Faktore horiek ziurgabetasun-giroa eragin dute, eta horrek hoztu egin du EAEko familien konfiantza. Hala, balio neutroarekin itxi du urtea (0 puntu) eta eten egin da bigarren hiruhilekoan hasitako hobekuntza-joera.
Zein iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi hiletan egongo den bilakaera sozioekonomiko orokorraren inguruan?
- Agertoki honetan, zuhurtzia eta mesfidantza gailentzen dira, eta horrek azaltzen du konfiantza galdu izana: EAEko familien konfiantza hoztu egin da eta balio neutrala du (0). Ezkortasuna handiagoa da Estatuan (-10), EB-27n (-7), Herbehereetan (-8), Frantzian (-6) edo Alemanian (-3).
Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?
- EAEko familiek ekonomia orokorraren gainean dituzten igurikimenek okerrera egin dute eta negatiboak dira berriz (-8). Hala ere, langabeziaren murrizketaren gainean igurikimen positiboa mantentzen dute (10).
- Bestetik, EAEko familiek familiako ekonomiaren gainean dituzten igurikimenek okerrera egin dute (-9), eta inongo unetan ez dira positiboak izatera iritsi. Aitzitik, familiak baikorrak dira haien aurrezteko gaitasunarekiko (8).
- EAEko familien igurikimenak eragina du emaitza horietan. Izan ere, prezioek hazkunde handia izango dutela uste dute; adierazle hori da ezkorrena (-64) eta laugarren hiruhilekoan gehien okertu dena (-23 puntu).
- Eskuragarri dauden datuak bat datoz EAEko familien igurikimenekin. Hala, hiru hiruhilekoetako hazkundeak kontuan hartua (-% 2,9, +% 18,6 eta +% 3,9, urte arteko tasa), urteko hazkundea % 5-a gaindituko duela dirudi. Bestetik, azaroan erregistratutako Gizarte Segurantzako afiliazioa eta langabezia (976.838 eta 117.779 pertsona) pandemia aurreko mailan kokatu dira (971.562 eta 117.444 pertsona, 2020ko urtarrila-otsaileko batezbestekoa). Baina urteko KPI metatua (urtarrila-urria) % 4,9koa da, alarma inflazionistaren isla.
Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?
- EAEko familiek egungo uneari erosketa handiak egiteko ematen dioten balorazioa okertu egin da (-21) eta erosketa handi horiek egiteko igurikimenak ere okertu egin dira (-4). Etxebizitza eta ibilgailua erosteko igurikimena (apur bat) hobetu da, nolabaiteko makaltasunaren barruan.
- Hirugarren hiruhilekoko datuek erakusten dutenez, EAEko familien kontsumoa suspertzen ari da (+% 2,1, hiruhileko arteko tasa, Eustat). Hala, etxebizitzen salerosketak gora egin du (+% 13,7, urte arteko hazkundea, urtarrila-iraila). Ibilgailu berrien matrikulazioa (metatua, urtarrila-azaroa), berriz, ez da suspertu (-% 16,7 eta -% 38,7, 2020arekin eta 2019arekin alderatuta).
Laburtuz: pandemiaren gutxitzearen gaineko zalantzek, ekonomiarekin eta enpleguarekin lotutako jardueraren suspertzearen argi-ilunek eta prezioen hazkundeak hoztu egin dute EAEko familien konfiantza laugarren hiruhilekoan. Dena den, suspertzeko joera eta pandemiaren aurreko mailetarako itzulera gailentzen dira 2021eko balantzean. Ziurgabetasun-faktoreek, ordea, familien igurikimenei eragin diete. Aurrezteko jarrera mantentzearen alde egin dute familiek eta (ziur asko) gastuarekin eta inbertsioarekin lotutako erabakiak birpentsatuko dituzte. Hala, gastua eta inbertsioa zaindu egingo dituzte, momentu egokiagoa eta/edo agertoki argiagoa iritsi arte.
Txosten osoa:
https://korporatiboa.laboralkutxa.com/src/uploads/2022/01/CEC_2021-IV-Hiruhilekoa_Txostena.pdf