Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko familiek ezkortasun txikiagoarekin amaitu dute 2023a

 

Urteko laugarren hiruhilekoan apur bat hobetu da EAEko familien konfiantza, baina oraindik ere balio negatibotan (-9) dago, eta urteko datua (-9) 2022koaren antzekoa da (-11).

 

 

 

Zer iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi hilabeteetako bilakaera sozioekonomiko orokorrari buruz?

EAEko familien ezkortasuna txikiagoa da Estatuko (-20), EB-27ko (-18), Frantziako
(-15), Alemaniako (-16) edo Herbehereetako (-16) familiena baino, baina partekatutako pertzepzioa da (ziurgabetasuna). Dena den, bakoitzak bere berezitasunak ditu inflazio-espirala zer mailatan alderantzikatuko den eta jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustearekin lotuta.

 

Nola eraikitzen da EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?

Familien konfiantza neurtzeko erabiltzen diren lau elementuak hobetu dira eta susperraldian eragina izan dute (-9, +4 puntu): ekonomia orokorraren bilakaeraren inguruko igurikimenak oraindik negatiboak dira (-21, +4 puntu). Aldiz, langabeziaren bilakaerarekin (-4) eta aurrezkiarekin (-1) lotutako igurikimenak hobeak izan dira (eta ia positiboak dira). Bi indize partzial horiekin lerrokatuta, hobekuntza handiena (+7 puntu) familiaren ekonomiarekin lotutako igurikimenena (-9) da.

Badirudi, ekonomia orokorraren inguruko ezkortasun hori gehiegizkoa dela. Hala, EAEko behin behineko hazkunde ekonomikoa (% 1,7-% 1,8) eta 2024rako % 2,1eko aurreikuspenak nabarmentzen dira. Hau da, bilakaera izatez positiboa da.

Bestalde, ia baikorrak dira enpleguaren bilakaerarekiko (pertsonek inguruan ikusten dutenean oinarritutako igurikimenak), eta bat datoz EAEk 2023an (urtarrila-azaroa batezbestekoa) Gizarte Segurantzan 997.275 afiliazio izatearekin (2022ko datuekin alderatuta, +% 1,6), maximo historikoa lortuz, eta langabezia 108.582 pertsonakoa izatearekin, beheranzko joera argiarekin (2022ko datuekin alderatuta, -% 4,3).

Prezioen igoera mantsotu egin da (azaroko KPI orokorra +% 3,4 eta +% 3,2 EAEn eta Estatuan), baina azpiko elementua maila altuetan mantentzen da (+% 4,8 eta +% 4,5). Inflazioaren hobekuntza (Eurogunea) oraindik ez da nahikoa, baina hazkunde ekonomikaren ahultasun arriskua dela eta, EBZk (abenduaren 14a) erreferentziazko interes-tasa bere horretan utzi du, % 4,5ean.

 

Nola eragiten du konfiantzak familien gastuan eta inbertsioan?

Prezioen gorakadaren inguruko igurikimenak mantendu (-7) egin dira eta urteko balantzea (-6) aurreko urteetan lortutakoetatik aldendu egin da (-20, -22, -41 eta -48, 2019an, 2020an, 2021ean eta 2022an). Bestalde, erosteko unearen balorazioa oraindik ere negatiboa da (-23), baina aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, nabarmen hobetu da (+6 puntu). Aldiz, EAEko familiek erosketa handiak egitearekin lotutako igurikimen-indizeak ia ez du aldaketarik izan (-7; +1 puntu) eta horrek joerari dagokionez bilakaera laua erakusten du (egungoen antzekoak diren bolumenetan).

Etxebizitza erosteko asmoa hoztu egin da, salerosketa-eragiketen bilakaerarekin bat etorriz (urtarrila-urria, 17.985 eragiketa, -% 11,4 urte arteko tasan). Hurrengo hamabi hilabeteotan ibilgailu bat erosiko dutela dioten familien taldea % 4an mantendu da, eta ibilgailu berrien matrikulazio-zifrak hobetu egin dira (+% 11,6, urtarrila-azaroa), baina bolumena (22.053 unitate) 2016-2019ko aldian izandako balioetatik oso aldenduta dago (35.000 unitate baino gehiago).

 

Laburbilduz, EAEko familien konfiantza apur bat hobetu da laugarren hiruhilekoan, eta urte berriari ezkortasun txikiagoarekin ekingo diote. Konfiantzaren hobekuntza honako hauen araberakoa izango da: inflazioaren lehengoratze-maila, diruaren prezioari eustea (edo gutxitzea), jarduera ekonomikoak aurrera jarraitzea eta, batez ere, enpleguak. Bien bitartean, EAEko familiak egokitu egin dira eta gastuarekin lotutako zuhurtzia eta lehentasunak lehenetsi dituzte.