Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko familiek baikortasunera hurbiltzen jarraitzen dute

 

2024ko hirugarren hiruhilekoan, EAEko familien konfiantza neutraltasunera hurbildu da (-4) eta hobekuntza-ibilbidea finkatu da. Urteko behin-behineko batezbestekoari dagokionez (-4), 2022ko eta 2023ko ezkortasunetik urruntzen jarraitzen du (-11 eta -9, urteko batezbestekoa).

 

 

Zein da beren inguruneari dagokionez EAEko familiek duten iritzia?

  • Oro har, inguruko herrialdeetako familiek hirugarren hiruhilekoan erregistratutako hobekuntza txikiaren profila partekatzen dute eta, hala, urteko emaitza finkatu daiteke (apur bat goranzkoa). Dena den, nabarmentzekoa da estatuko familiak (-14), Frantziakoak (-14), Alemaniakoak (-9) edo EB-27koak (-12) EAEkoak baino ezkorragoak direla.

Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?

  • EAEko familien konfiantzaren oinarrian langabeziaren esperotako hobekuntza (0) eta aurrezteko gaitasuna (3) daude, bi adierazle horiek konpentsatzen baitute familiaren ekonomiaren (-6) eta ekonomia orokorraren (-15) gainean duten eszeptizismo handiagoa.
  • Familien konfiantzaren lau adierazle horiek ez dira ia aldatu aurreko hiruhilekotik, baina urteko ibilbidea suspertzen ari dela berresten dute: azken hiruhilekoaren faltan, langabeziaren (1), aurrezkiaren (2), familia-ekonomiaren (-5) eta ekonomia orokorraren
    (-16) inguruko behin-behineko balioek nabarmen hobetu dituzte 2023ko datuak (-4, -2, -12 eta -21, hurrenez hurren).
  • Igurikimen horiek -ekonomia orokorraren bilakaerarekiko eszeptizismoa dagoen arren- bat datoz EAEko ekonomiaren (BGPren urte arteko % 1,8ko hazkundea, 2024ko bigarren hiruhilekoan) eta enpleguaren hazkundearekin (+% 1,6 afiliazioan, urtarrila-abuztua batezbestekoa), nahiz eta langabezia igo (+% 0,6, urtarrila-abuztua batezbestekoa) eta inflazioa apaldu (+% 2,2, abuztua, Eurogunea). Horrek justifikatu du iraileko interes-tasen beherakada berria (EBZ, -25 oinarrizko puntu).

Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?

  • EAEko familiek uste dute inflazioaren okerrena pasatu dela dagoeneko (9) eta erosketa handiak egiteko haien igurikimenak azken urtean egindakoen berdinak dira (0), nahiz eta erosteko unearen gaineko balorazio ezkorra egin (-23).
  • Etxebizitzaren eskaria oso ahula da (familien % 0,2k adierazi du datorren urtean etxebizitza bat erosteko asmoa duela) eta batez besteko balioa (% 0,4) 2023an eta 2020an erregistratutakoa baino baxuagoa da (% 0,6 eta % 0,9). Bi urte horiek izan dira % 1,5etik beherako balioak izan dituzten bakarrak 2014az geroztik. Igurikimen horiek berretsi egin dira 2024ko lehen seihilekoan etxebizitzen salerosketan erregistratutako urte arteko beherakadarekin (-% 7,0), eta eskaintzaren eskasia da merkatua suspertzea eragozten duen faktore nagusia, eragiketak murrizteaz gain, garestitu egiten baitu.
  • Autoa erosteko asmoak hobera egin du (% 5,8, ehuneko +1,2 puntu), eta urteko behin behineko balantzea (% 5,4) 2023koa baino hobea da (% 4,3 urteko batezbestekoa). Emaitza bat dator hobera egiten ari den matrikulazioarekin (urtarrila-abuztuan metatua, 16.098 ibilgailu berri, urte arteko +% 2,9ko tasa), baina ez da 2016-2019ko mailara heldu.

Laburbilduz: EAEko familien konfiantza neutraltasunetik gertu finkatu da, inflazioak atzera egin duelako eta enpleguaren dinamismoari eutsi zaiolako. Okerren baloratu duten adierazlea eta, hortaz, ezkorrena, ekonomia orokorraren bilakaera da, eta ondoen baloratu dutena, aldiz, aurrezteko gaitasunari dagokio.

2024ko hiru hiruhilekoetan dagoeneko ikusi da EAEko familien konfiantzak (-4) azken lau urteetako emaitzarik onena lortuko duela (2020tik 2023ra, -22, -6, -11 eta -9). Ekonomiaren eta enpleguaren hazkundearen agertokiak betetzeak eta inflazio neurritsuak sustatu dute susperraldia. Dena den, lehen hozte-zantzuek zuhurtziaz jardutea ekarri dute, hala nola langabezian erregistratutako gorakadak.