Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko familiak oso ezkorrak dira dagoeneko

2022ko hirugarren hiruhilekoan, EAEko familien konfiantza-indizea oso negatiboa da eta inflazio-joera nagusi izango duen udazkenaren aurrean dagoen kezka islatzen du. Kezka horrek dagoeneko erreferentziako interes-tasen igoera justifikatu du (Europako Banku Zentrala) inflazioari eutsi ahal izateko.

 

 

Zer iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi hilabeteetan egongo den bilakaera sozioekonomiko orokorraren inguruan?

  • EAEko familiak (-22) bat datoz Estatuko (-33) eta EB-27ko (-27) familiek adierazitako ezkortasunarekin. Errealitate berberaren aurrean (susperraldi ekonomikoko aurreikuspenek okerrera egin izana), ezkortasuna hedatu da eta intzidentzia handiagoa da kokapen geografikoaren eta klimatologia gogorragoaren eragina duten gizarteetan. Izan ere, udazken-negura begira, energia-prezioek altu jarraituko dutela uste da.

Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?

  • EAEko familien igurikimenak negatiboak dira ekonomia orokorrari (-37) eta familiako ekonomiari (-25) dagokienez. Eta, era berean, ezkorrak dira langabeziaren bilakaerari (-18) eta aurrezteko gaitasunari (-6) lotuta (bi adierazle horiek, orain arte, positiboak izan dira).
  • Igurikimen horien aurrean, EAEko urtarrila-abuztuko (hileko batezbestekoa) balantzeak erakutsi zuen Gizarte Segurantzako afiliazioa suspertu egin zela (979.736 afiliatu), eta langabezia gutxitu (114.293 pertsona). Bi zifra horiek 2019ko aldi berekoak baino hobeak dira (+17.049 eta -1.780 pertsona), urte hura izan zelarik 2009tik onena enpleguari dagokionez. Era berean, EAEko hazkunde ekonomikoak bere hobekuntzari eutsi dio (+% 1,1, lehen eta bigarren hiruhilekoetan, hiruhileko arteko tasaren arabera, Eustat). Baina berretsi egiten da inflazio orokorraren eta azpikoaren igoera (+% 10,3 eta +% 6,4, abuztua).

Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?

  • EAEko familiek erosketa handiak egiteko oraingo unearekin lotutako balorazio negatiboa (-37) egin dute eta horrek erosketak egitearekin lotutako igurikimenak ere jaitsi egin ditu (-14). Bestalde, etxebizitza eta ibilgailua erosteko igurikimena oraindik ere maila ahulean dago.
  • Baina, batez ere, EAEko familiek oso igurikimen ezkorrak dituzte prezioen bilakaerari dagokionez (-57); hain zuzen ere, 2022ko hirugarren hiruhileko honetan erregistratu da azken urteotako emaitza okerrenetako bat.
  • Igurikimen horien aurrean, lehen seihilekoan, EAEko familien kontsumoak gora egin zuen (+% 0,9 eta +% 2, lehen eta bigarren hiruhilekoetan, hiruhileko arteko tasaren arabera, Eustat), eta etxebizitzen salerosketak bere susperraldia sendotu zuen (+% 15,9, urte arteko tasan). Baina ibilgailu berrien matrikulazioak beste atzerakada bat izan zuen (-% 15,8, urte arteko tasan, urtarrila-abuztua metatua).

Laburbilduz, EAEko familiek ezkortasunetik ekingo diote udazkenari, oso sentikorrak baitira inflazio-joerarekiko eta hazkunde ekonomikoaren dinamismo-galerarekiko (2022an eta 2023an izango du eragina). Egoera partekatua da (Estatua, EB-27) eta energia-prezioen espiralak mediatizatuta dago, epe laburrera konponbiderik ez duela dirudien arazoa.

Ondorioz, EAEko familiek haien gastu- eta aurrezki-gaitasunean jaitsiera gertatuko dela aurreratu dute. Horri guztiari, gainera, finantzaketa garestitu izana gehitu behar zaio eta horrek guztiak erosketa handiak eta inbertsioak egiteko erabakiak zailduko ditu. Baina, oraindik, 2022ko lehen 6-8 hilabeteetako datuak positiboak dira.