Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko familiak ezkorragoak dira

 

EAEko familien konfiantzak okerrera egin du hirugarren hiruhilekoan, urteko baliorik negatiboena erregistratuz (-13). Hala, behin behineko urteko emaitza (-10) 2022an lortutakoaren antzekoa da (-11), eta, ziurrenik, okerrera egingo du, laugarren hiruhilekoan ez baita hobekuntza nabarmenik aurreikusten, metatutako galera lehengoratzeko.

 

 

Zer iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi hilabeteetako bilakaera sozioekonomiko orokorrari buruz?
  • EAEko familiek Estatuko (-13), EB-27ko (-17), Frantziako (-15), Alemaniako (-14) edo Herbehereetako (-18) ezkortasun antzekoa erakusten dute. Hala, pertzepzioa partekatua da, inflazio-agertokiaren zeharkakotasunak eta adierazle ekonomikoen eta enpleguaren eraginak baldintzatuta, kasu bakoitzean.
Nola eraikitzen da EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?
  • EAEko familien konfiantzaren lau osagaiek okerrera egin dute: ekonomia orokorrari buruzko igurikimenen indizeak (-25, -9 puntu) eta etxeko ekonomiari buruzkoak (-16, -5 puntu) emaitza eta bilakaera negatiboak izan dituzte, aldiz, langabeziari (-6, -6 puntu) eta aurrezteko gaitasunari (-4, -5 puntu) lotutakoak ez dira hain negatiboak eta neutraltasunetik hurbil daude.
  • Ekonomia orokorrari buruzko ezkortasun hori bigarren seihilekorako aurreikuspenen okertzetik elikatzen da, urteko lehen zatian erakutsitako motelaldiarekin bat etorriz
    (+% 2,3 eta +% 1,5 eta +% 4,2 eta +% 2,2, urte arteko tasan, lehen eta bigarren hiruhilekoetan, EAE eta Espainia, Eustat eta EIN).
  • Gainera, lan-merkatuaren emaitzek (uztaileko eta abuztuko batez bestekoa) ere atzeraldia erakusten dute Gizarte Segurantzako afiliazioan (992.616, -% 0,8) eta langabeziaren gorakada (107.417, +% 0,5), hiruhileko arteko tasetan, enpleguaren dinamismo handiko testuinguruan.
  • Azkenik, prezioen hazkunde globala moteldu egin da (abuztuko KPI orokorra, +% 2,7 eta +% 2,6, EAEn eta Estatuan), baina azpiko osagaiak maila altuan dirau (+% 6,3 eta +% 6,1) eta baita, esaterako, elikagaien taldeak ere (+% 9,9 eta +% 10,4). Bi faktore horiek eragin handia dute familien kontuetan eta haien maniobra marjinean (gastu-maila eta aurrezteko eta inbertitzeko baliabide erabilgarriak).
Nola eragiten du konfiantzak familien gastuan eta inbertsioan?
  • EAEko familiek aurreikuspen negatiboak dituzte prezioen bilakaerari buruz (-7), eta are negatiboagoak erosketa handiak egitearen inguruan (-29). Horrela, erosketa handiak egitearen asmoa urte osoko balio antzekoetan mantentzen da (-8), joera lauaren bilakaera iragarriz (gaur egungo antzeko bolumenetan).
  • Etxebizitza erosteko asmoak motel jarraitzen du, urtarrila-uztaila balantzea positiboa izanik (13.258 salerosketa-eragiketa), baina 2022an baino dinamismo txikiagoarekin
    (-% 8,7). Ibilgailua erosteko asmoa aurreko hiruhilekoen antzekoa da, eta ibilgailu berrien matrikulazioaren urte arteko gorakadan islatzen da (+% 11,3, urtarrila-abuztua), nahiz eta horien bolumena (15.634 unitate) 2018aren aurreko balioak (25.000 unitatetik gora) baino askoz txikiagoa den.

Laburbilduz: EAEko familiak uda aurretik baino ezkorragoak dira, aurreikuspen ekonomikoen okertzeak, zenbait produkturen prezioaren gorakadak (erregaienak, adibidez) eta prezioen maila altua (elikadura-faktorea) ezaugarri duen agertoki baten ondorioz. Faktore horiek guztiak familien konfiantza ahultzen dute, goranzko interes-tasen testuinguruan, finantzaketaren kostua handituz (erosketa handiak eta inbertsioak). Azken batean, EAEko familiak egokitu egiten dira ziurgabetasunaren gorakadara, gastuetan lehentasuna eta zuhurtzia nagusituz.