Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko familiak dagoeneko baikorrak dira

  • 2021eko bigarren hiruhilekoan, EAEko familien konfiantzak 34 puntuko hobekuntza izan du

  • Indizea 2an kokatu da baikortasun eremuan, 2018ko laugarren hiruhilekoaren eta 2019ko bigarren hiruhilekoaren artean izandako antzeko balioetan

 

 

2021eko ekainaren 16a–2021eko bigarren hiruhilekoan, EAEko familiek konfiantza berreskuratu dute eta urteko bigarren zatiari baikortasunez ekin diote, pandemiaren eraginak ezarritako ezkortasuna alde batera utzita.

Zein iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi hilabeteetan egongo den bilakaera sozioekonomiko orokorraren inguruan?

  • EAEko familiak (2) baikorrak dira; aldiz, Estatuko (-11), EB-27ko (-8), Alemaniako (-6) eta Frantziako (-7) familiek oraindik ezkor jarraitzen dute. Danimarkako (8) edo Herbeheretako (2) familiek sendotu dute baikortasuna.

Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?

  • Ingurunearen egoeraren balorazioa positiboa da: ekonomia orokorraren eta enpleguaren gaineko igurikimenak (2) irauli egin dira modu harrigarrian eta igoera argia izan dute (+50 eta +58 puntu, hurrenez hurren).
  • Familiako ekonomiaren (-2) eta aurrezkiaren (4) gaineko igurikimenak ere hobetu egin dira (+14 eta +10 puntu, hurrenez hurren), nahiz eta neurri txikiagoan izan. Edonola ere, jaitsiera txikiena izan zuten bi indizeak dira horiek.
  • Eskuragarri dauden datuek susperraldiaren lehen aztarnak erakusten dituzte: maiatzaren itxieran, Gizarte segurantzako afiliazioa eta erregistratutako langabezia 963.214 eta 122.618 lagunekoa izan dira, pandemia aurreko mailetatik gertu (973.152 eta 117.239 lagun, hurrenez hurren, 2020ko otsailean).

Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?

  • Familietan finkatu egin da prezioen gorakada izango den ustea (-32), KPIaren goranzko bilakaerarekin bat etorriz (% 1,6 eta % 1,7, aurten, Estatuan eta EAEn).
  • Erosteko unearen balorazioa nabarmen hobetu da (+15), baita erosketa handiak egiteko igurikimena ere (+10). Bi adierazle horiek balio positiboetan sartu dira (2 eta 1, hurrenez hurren).
  • Ohiko etxebizitza erosteko asmoak hobekuntza arina izan du (% 1,7), eta autoa erostekoa asmoa (% 5,3) ia ez da aldatu.
  • EAEn, etxebizitzaren salerosketa-eragiketetan susperraldia handia izan da (5.268, +% 24, hiruhileko arteko igoeran, urteko lehen hiruhilekoan) eta berriz ere 2019ko mailara itzuli dira. Aldiz, ibilgailu berrien matrikulazioa (urtarrila-maiatza, 9.743 unitate) ez da asko igo eta 2019ko aldi berean erregistratutako zifretatik urrun dago oraindik ere (-% 44).
  • EAEko familien kontsumoa eta inbertsioa suspertzen ari dira, 2021eko lehen hiruhilekoko kontsumoaren hiruhileko arteko igoerak berresten duenez, eta igurikimenen arabera, hobetzen jarraituko du.

Laburbilduz, 2021eko bigarren hiruhilekoan EAEko familiak dagoeneko baikortasunezko posizioan daude, pandemiak sortutako galera-joera hautsita. Ekonomia orokorraren eta enpleguaren pixkanakako susperraldiari lotutako datuak, eta horrekin batera, pandemiaren intzidentzian izandako jaitsiera, txertaketa zabaldu izana eta mugikortasunari eta harreman sozialetako murrizketak pixkanaka arintzea daude konfiantzaren benetako hobekuntza horren oinarrian.

Familiak kontsumorako eta inbertsiorako erabakiak mobilizatzen ari dira, ezohiko aurrezki-zorroan eta berresten ari diren jarduera eta enplegua berreskuratzeko igurikimenetan oinarrituta.