Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

BEHERAKADA LEUNA ENPRESEN KONFIANTZAN

 

                • Konfiantza Indizearen balioa 53,2an azaldu da, hedapen tartean oraindik baina aurreko hiruhilekoko datutik (55,1) hona beherakada bat izan da

 

 

                • Donald Trumpen garaipenak eragina negatiboa izango duela uste du inkestatuen % 81,1ek

 

 

Abenduaren 14a.-Laboral Kutxak enpresa-konfiantzari buruzko Inkesta egin die Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei, 2017ko lehen hiruhilekorako dituzten espektatiben berri izateko. Bada, ondorio interesgarriak eman ditu, aurreko hiruhilekoan baino pixka bat okerragoak badira ere. Ondoren, ondorio nagusiak azalduko ditugu labur-labur.

Enpresek ingurune ekonomikoari buruz dituzten espektatibei dagokienez, % 68,5ek uste du egoerak bere horretan jarraituko duela, eta % 17,5ek hobera egingo duela. Beraz, ikuspegi baikorra da nagusi eta, ondoren ikusiko dugunez, berdintsu pentsatzen dute azterturiko gainerako aldagaietan.

Enpresek fakturazioari buruz dituzten aurreikuspenak onak dira, 2017ko lehen hiruhilekoari dagokionez. Hala, % 60,9ren iritziz, egoerak bere horretan segituko du, eta % 27,6ren ustez, onera egingo du. Beraz, fakturazio txarragoa espero duten enpresen kopurua % 11,6koa baino ez da.

Aurreko adierazlearekin bat, 2017ko lehen hiruhilekoan jarduerak bere horretan segituko duela uste dutenen kopurua % 66,7koa da, eta egoerak hobera egingo duela uste dutenena % 19,4koa. Inkestatuen % 13,9ren ustez, berriz, jarduerak txarrera egingo du.

Erantzunok ikusita, honako zalantza hau sortu zaigu: fakturazioa eta jarduera hobetuko dela uste dutenek gehiago saltzea ala garestiago saltzea espero dute? Zentzu horretan, emaitzen arabera, badirudi eskaera-bolumena hobetzea espero dutela. Ondorengo grafikoan ikus dezakegunez, inkestatuen % 61,2k bolumenari eustea espero du eta % 26,5ek hobetzea. % 12,2k, berriz, txarrera egingo duela uste du.

Prezioei dagokienez, egonkor jarraituko dutela uste dute gehienek; izan ere, % 78,6k uste du prezioek bere horretan segituko dutela lehen hiruhilekoan. Gainerako enpresetatik, % 7,1ek uste du prezioak handiagoak izango direla eta % 14,3k prezioak jaitsi egingo direla.

Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, % 67,7k uste du errentagarritasunean ez dela aldaketarik izango, % 14,3k errentagarritasuna handiagoa izango dela eta % 18,0k txikiagoa izango dela.

Orain arte azterturiko datuen arabera, egoera nahiko positiboa da, eta, ondoren ikusiko dugunez, badirudi enpresek ahalmen produktiboa handitzeko eta, ondorioz, langileen kopurua handitzeko asmoa dutela.

Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen % 71,4k uste du eutsi egingo diola 2017ko lehen hiruhilekoan. % 15,3k, berriz, inbertsio-bolumenak gora egitea espero du. Beraz, inkestatuen % 13,3ren ustez, inbertsio-bolumena jaitsi egingo da.

Azkenik, enpresen % 79,3k uste du enpleguari eutsi egingo zaiola, % 12,6k plantilla handitu egingo dela eta % 8,2k plantilla jaitsi egingo dela.

Inguruneari buruzko iritzia ez beste adierazleak gehitu eta Konfiantza Indizearen balioa lortzeko haztatzen baditugu, emaitza 53,2koa da. Ondorioz, aurreko hiruhilekoko datutik (55,1) hona, beherakada bat izan da. Datu horretatik honako interpretazio hau egiten da: 2017ko lehen hiruhilekoko ekonomiaren bilakaerari buruz ikuspegi ezkorragoa dutela enpresek. Gainera, indizearen balioa 50etik gorakoa izateak hedapena adierazten du, eta hori koherentea da beste esparru geografiko batzuetan (Espainian 54,5 eta Eurogunean 53,7) lortutako balioekin.

Amaitzeko, inkestako beste gai batzuetan izandako emaitzak aurkeztuko ditugu, aurreko paragrafoan azaldutako indizearekin zerikusirik ez dutenak. Azken urteko esportazioen bilakaerari dagokionez, inkestatuen % 51,7k uste du bere horretan jarraitu dutela eta % 33,3k hobera egin dutela. % 14,9k bakarrik uste du txarrera egin dutela.

Azken urtean berrikuntzari edo I+Geko ekimenei bideraturiko salmenten ehunekoari dagokionez, inkestatuen % 68,8 balio minimoetan kokatzen da: % 0 eta % 0,5 artean, eta % 4,9k dioenez, % 5 baino gehiago bideratzen du arlo horietara.

Bezeroei kobratzeko epeari dagokienez, azken urtean ez da aldaketarik izan % 77,8ren ustez. Enpresen % 17,4k, berriz, epea handitu egin dela uste du, eta % 4,9k txikitu egin dela.

Amaitzeko, inkestatuen % 65,3ren iritziz, banku-finantzaketa eskuratzeko erraztasuna ez da aldatu azken urtean. Gainerako enpresak honela daude banatuta: % 26,0ren iritziz, erraztasun handiagoa dago, eta % 8,7k kontrakoa uste du.

ERANSKINA: Donald Trumpen garaipena

AEBn duela gutxi izandako lehendakaritzarako hauteskundeak Donald Trumpek irabazi ditu. Garrantzi handiko gertaera bat denez, inkestan horri buruzko galdera batzuk sartzea erabaki dugu. Jarraian, gai horri buruz egindako bi galderari eman zaizkien erantzunak azalduko ditugu laburki.

Donald Trumpen garaipenak euskal ekonomian nolako eragina izango duen galderari, inkestatuen % 81,1ek esan du eragin negatiboa izango duela, eta % 18,9k kontrako iritzia agertu du.

Eta, azkenik, panela osatzen duten enpresak baikorragoak dira Donald Trumpen garaipenak euren negozioan izango duen eragina adieraztean; izan ere, % 3,4k soilik uste du eragin handia izango dela; % 39,3k, ordea, ez du inolako eragin negatiborik espero.