Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

ARABAKO ENPRESEN ALDEKO KONPROMISOA BERRITU DUTE LABORAL KUTXAK ETA SEA-K

 

  • SEAko enpresa elkartekideek baldintza berezietan jasoko dituzte zerbitzu eta finantzaketa-lerro espezifikoak

  • SEAk hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du, Europako funtsekin batera lagungarri izango baita Arabaren eta Euskadiren etorkizun ekonomikoa finkatuko duten proiektuak finantzatzeko

  • LABORAL Kutxak LABORAL Next zerbitzu berria sortu du, enpresen ondoan egoteko Europako dirulaguntzak eskatu eta tramitatzeko prozesuan

 

Gasteiz, 2021eko azaroaren 24a.–Ahaleginak batzeko garaia da. LABORAL Kutxak eta SEA Arabako Enpresak elkarteak berritu egin dute euren arteko lankidetza-hitzarmena, zeinak zerbitzu-sorta eta finantzaketa-lerro bereziak eskaintzen baitizkie Arabako enpresa-elkarteko enpresei.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Arabako patronalak Gasteizen duen egoitza nagusian izan da. SEAko lehendakariak, Pascal Gómezek, berritutako hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du. Haren hitzetan, enpresetara iristen diren inbertsio-lerro guztiak «ongi etorriak izango dira, une honetan enpresak murgilduta dauden suspertzeko prozesua burutzeko». Bestalde, euskal kreditu-kooperatibak enpresen lehiakortasuna hobetzeko erabateko bokazioa duela adierazi du LABORAL Kutxako zuzendari komertzial Susana Andrések: «Garai erabakigarri eta disruptibo batean bizi gara. Hitzarmen hau sinatuta, LABORAL Kutxak berretsi egiten du eragile protagonista izan nahi duela gure enpresa-sarea eraldatzeko prozesuan. Gure ezagutza eta esperientzia oinarri hartuta, Arabako ETE-en zerbitzura jartzen gara, guztiontzat onuragarria izango den susperraldi ekonomiko sendo eta jasangarria lortzeko».

Enpresen egoera pixkanaka hobera egiten ari dela egiaztatu du SEAk, COVID‑19aren eraginari buruzko behatokiaren bidez. Hala ere, ustekabeko oztopoak agertu omen dira, eta horiek pandemiaren aurreko lan-bolumenera itzultzea ari dira oztopatzen. Hala, adibidez, materialik eza eta lehengaien prezio-igoera eragozpen handiak dira lortu nahi den susperraldi hori gauzatzeko. Hori dela eta, funtsezkoak dira SEAk eta LABORAL Kutxak gaur jarraipena eman dioten hitzarmena eta horren antzeko laguntzak.

Enpresa-elkartearen eta finantza-erakundearen arteko hitzarmena lagungarri izango da, Europako funtsekin batera, Arabaren eta Euskadiren etorkizun ekonomikoa finkatuko duten proiektuak finantzatzeko, SEAko lehendakariak azpimarratu duenez.

LABORAL Next zerbitzu berriaren bidez ere lagunduko die LABORAL Kutxak SEAko enpresa elkartekideei. Izan ere, Next Generation EU europar funtsetatik 140.000 milioi euro iritsiko dira Espainiako estatura, mailegu eta dirulaguntzetan, produkzio-sarea leheneratzeko eta hazkunde ekonomikoa mugatzen duten arazoak arintzeko.

Bada, zerbitzu berriari esker, ETE-ek errazago eskuratuko dituzte laguntza-lerro nagusiak, eta aholkularitza jasoko dute, beren proiektuak berreskuratze-funtsetan ezarritako helburuekin bat etor daitezen. Horrez gain, laguntza teknikoa eskuratuko dute proiektuak prestatu eta aurkezteko, deialdietan aurreikusitako eskakizunak betez.

Era berean, hitzarmenak berariazko atal bat du prestakuntzaren alorreko ekintzak bultzatzeko, baita ekintzailetzarako lerro bat ere. Azken horren bidez, arabar ekintzaile berriei doako laguntza integrala eskainiko die Gaztenpresak, LABORAL Kutxaren enplegu-fundazioak, prozesuaren fase guztietan.

 

SEA-LABORAL Kutxa 2021 hitzarmenaren produktuak eta zerbitzuak:

  • KOI lerroak
  • Finantza-berregituraketa
  • EIFren mikrokredituak
  • Next Generation EU funtsen dirulaguntzen aurrerakina
  • Next Generation UE funtsen proiektuen finantzaketa