Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Adolfo Plaza: «Kaudimenean dugun lidergoa aprobetxatu eta hazteko unea da»

 

  • Kursaal jauregian bildutako bazkideek 2024ko ekitaldiko gestioa eta kontuak onetsi dituzte: LABORAL Kutxak 274,5 milioiko irabaziak izan ditu, eta kaudimena % 24,85era iritsi da

  • Xabier Egibar: «LABORAL Kutxa da fideltasunean eta zerbitzu-kalitatean merkatuko tasarik handienak dituen entitatea»

  • Xabier Egibar: «IKERLANen eta Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin, erreferentziazko erakundea izango gara talentuaren arloan eta AAren aplikazioan»

  • Adolfo Plaza: «Komunitate oparoagoak, berdinzaleagoak eta jasangarriagoak sortzea da LABORAL Kutxaren helburua»

 

 

2025eko apirilaren 12a.– Donostiako Kursaal jauregiko entzunareto nagusian bildutako bazkideek aho batez onartu dute LABORAL Kutxak 2024ko ekitaldian egindako gestioa, bai eta gai-zerrendan proposatutako gainerako puntuak ere. Halaber, kreditu-kooperatibaren deialdiari erantzun dioten pertsonek zehatz-mehatz ezagutu dituzte 2025eko ekitaldian entitatearen jarduera gidatuko duten jardunbideak.

Adolfo Plaza LABORAL Kutxako presidentea pozik agertu da lortutako emaitzekin, Batzarraren aurrean egindako hitzaldiaren lehen zatian. Duela gutxi prentsa-ohar batean jakinarazi zenez, kreditu-kooperatibak 274,5 milioi euroko zerga ondorengo irabazi garbi bateratua lortu zuen 2024an. Horrek agerian uzten du balantzean indarguneak dituela, eta, horien ondorioz, LABORAL Kutxa posizio nabarmenean dagoela Estatuko finantza-sistemaren barruan.

CET1 ratioaren arabera, kaudimena % 24,85era heldu da, eta, beraz, gainbegiraleak eskatutako % 11,63koa baino nabarmen handiagoa da; LCR likideziaren ratioak boskoiztu egin du bankuen araudiak eskatutakoa; zalantzagarritasun-tasak beheranzko joerari eutsi dio (% 2,46ra iristeraino) eta erakusten du entitatea egoera onean dagoela sektorearen % 3,26ko batezbestekoarekiko, eta efizientzia-maila, marjinen portaera izugarri onari esker, % 41,32koa izan da —kopuru sinestezina tasa negatiboen garaietan—.

Hala, Plazaren hitzetan, «LABORAL Kutxak berretsi egin ditu, berriz ere, bere eredu kooperatiboaren ezaugarriak». Eta, horrez gain, «dinamika positibo iraunkorra erakusten du», «abantaila-posizioan» kokatzen duena, hurrengo ekitaldietan emaitza egokiak sortzeko.

LABORAL Kutxako presidenteak azpimarratu duenez, entitateak finantza- eta lehiakortasun-posizioa indartzea lortu du joan den abenduan amaitu zen bi urteko zikloan. Trantsizio gisa proposatu zen ziklo hori, Europako Gainbegiratze Mekanismo Bakarrera jauzi egiteko. «Ziklo hori amaituta, ezin hobeto prestatuta gaude aldaketari ekiteko», azpimarratu du kooperatibako buruak, eta gaineratu du, beharrezkoa izanez gero, «gainbegiralearen eskakizunarekiko kaudimen-diferentzialik handiena» izango duela entitateak. Gainbegiraleak arrisku-profila eta gobernantzaren kalitatea hartzen ditu kontuan. Hala eta guztiz ere, Adolfo Plazak jakinarazi du, entitateak esku artean dituen azken aurreikuspenen arabera, trantsizioa ez dela 2025-2027ko ziklo estrategiko honetan gauzatuko: «Edonola ere, gure hazkunde-anbizioan batere eraginik ez duen gaia da», azaldu du.

Egungo aldi estrategikoa zehaztuko duten gakoei dagokienez, Adolfo Plazak entitatearen noranzkoaren berri eman du: «Kaudimenean dugun lidergoa aprobetxatzeko unea da, gure negozioari eta inbertsioei hazarazteko».

 

2024ko txostena

Bestalde, LABORAL Kutxako zuzendari nagusi Xabier Egibarrek 2024ko ekitaldiko txostenean jasotako elementurik esanguratsuenak aipatu ditu, eta esan du LABORAL Kutxaren ratio eta adierazle nagusiek «hobekuntza nabarmenak» izan dituztela eta etorkizunari aurre egiteko «lehia-posizio bikaina» islatzen dutela; hau da, berretsi egin du presidenteak aurretik adierazitako balorazio ona.

Lehenik eta behin, sektorearen aurreko ekitaldiko lehiakortasun-egoeraren gako nagusiak azaldu ditu Egibarrek. Urtearen bigarren zatian interes-tasek behera egin zuten arren, ez zen eraginik sumatu kreditu-zorroaren errentagarritasunean, eta, sisteman likidezia handiegia zegoenez, finantzaketa-kostuei eustea lortu zen.

Negozioaren dinamikei dagokienez, aurrezkiaren eta inbertsioaren atalean, epe finkorako ezarpenen bultzada handia nabarmendu du; hain zuzen, % 62ko hazkundea izan dute, sektorekoa baino nabarmen handiagoa. Orobat, Xabier Egibarrek bereziki aipatu du inbertsio-funtsetako, LABORAL Kutxaren estrategiaren ardatz nagusietako, saldoen «bilakaera bikaina»; 1.060 M€-ko igoera izan dute, % 21ekoa urtean.

Kreditu-inbertsioa hazi egin da pixka bat, eta, Xabier Egibarrek nabarmendu duenez, hipoteka-negozioaren «helburuak betetzeaz» gain, merkataritzaren alorrean «sektoreko datuak gainditzea lortu» da, plan estrategikoan aurreikusitako hazkunde-bideari eutsita.

Batzarraren aurreko hitzaldian, Xabier Egibarrek zenbakietatik harago joan nahi izan du, eta iazko ekitaldiko lorpen kualitatibo nagusiak azpimarratu ditu.

Ildo horretan, bezeroentzako balio-proposamenaren ikuspegitik, hirugarrenen inbertsio-funtsak kontratatzeko plataforma propioa (LKFunds) eta zorroen kudeaketa diskrezionalerako tresna (GestiONA) nabarmendu ditu entitateko zuzendari nagusiak, LABORAL Kutxaren inbertsio-zerbitzuen «etorkizuneko garapenaren oinarri» baitira.

Bestalde, Xabier Egibarrek proposamen digitalaren garapena azpimarratu du; laburbilduz esan du, online bankaren erabiltzaileen «segurtasuna sendotzea» izan dela helburua, eta produktuak eta zerbitzuak kanal guztietan eskaintzeko planarekin jarraitzea. Gainera, funtzionalitate berri ugari gaitu direla adierazi du.

Aurreko ekitaldiko beste mugarri batzuen artean, LABORAL Kutxaren Segurtasun Integraleko Planaren jardun ona nabarmendu nahi izan du lehen exekutiboak. Plan horrek lau esparru hauek hartzen ditu: segurtasunaren gobernantza, defentsa, zaintza eta entitatearen erresilientzia hobetzea. Horrenbestez, kreditu-kooperatiba «helburuko mailetan» kokatu da.

 

2025eko Gestio Plana

Aurreko ekitaldiari errepasoa egin ondoren, Egibarrek egungo Gestio Plana egituratzen duten jardunbideak azaldu ditu. LABORAL Kutxak estrategia urtean behin berrikusteko prozesu bat ezarri du. Erronka handiak —entitatea saneatzea eta finantzak indartzea— arrakastaz lortuta, gaur egun «historiako irabazirik handienak» ematen ari da LABORAL Kutxa.

LABORAL Kutxako zuzendari nagusiak baieztatu duenez, entitatearen merkatu-kuotak hobeak dira aurreko ziklokoak baino, eta lehentasunezko bezeroen kopurua ere etengabe handitu da. Gainera, LABORAL Kutxak «fideltasunean eta zerbitzu-kalitatean merkatuko tasarik handienak» dituela ziurtatu du.

Kreditu-kooperatibak agenda bikoitzari eutsiko dio ziklo estrategiko berrian. Alde batetik, «lehentasunezko merkatu, negozio eta segmentuen hazkundera bideratuta» dagoen lehia-agenda zorrotza hedatzen jarraituko du entitateak. Besteak beste, hauek nabarmendu ditu: merkataritza-negozioaren bultzada, inbertsio-zerbitzuen ekarpen gero eta handiagoa, eta hedapen-merkatuetako kuoten hazkundea, Katalunian batik bat. Egibarrek konfiantzaz aurreratu du «aurreko ziklokoa baino errentagarritasun handiagoa» finkatuko dela, diru-sarrerak sortzeko iturriak gehiago dibertsifikatzeari esker.

Aldi berean, eraldatzeko agenda garatzen jarraituko du entitateak. Inbertsioak handitzea ekarriko du horrek, gaitasun teknologikoetan eta datuen arloan beste jauzi bat egiteko. Kreditu-kooperatibako zuzendariak berrikuntza-ekosistemaren garrantzia azpimarratu du. Arlo horretan, IKERLAN zentro teknologikoaren eta Mondragon Unibertsitatearen lankidetza estua du entitateak, eta, horri esker —zuzendariaren iritziz—, LABORAL Kutxa «erreferentziazko erakundea» izango da talentuaren arloan eta adimen artifiziala aplikatzen.

Entitateko zuzendaria adimen artifizialaz ere aritu da bere hitzaldian, eta nabarmendu du AA dagoeneko ezarrita duten aplikazio ugari dituela entitateak, eta gero eta aplikazio gehiago direla.

Eta, atal horretan, Egibarrek aipamen berezia egin nahi izan dio mundu teknologikoko elkar-lankidetzari; ildo horretan, IKERLANekin elkarlanean INNKIA startupa sortu izana azpimarratu du; enpresei AAn oinarritutako balio handiko zerbitzuak ematea du xede.

Aurreikuspenen atalari heldu aurretik, LABORAL Kutxako zuzendari nagusiak hitz batzuk eskaini ditu Estatu Batuetako administrazio berriak hasitako muga-zergen gerraren ondoren sortutako egoerari buruz: «Erakundea prest dago aurreikusteko zailak diren eta etengabe ebaluatuko ditugun balizko ondorioei aurre egiteko». Xabier Egibarrek ohartarazi duenez, «lasaitasunetik abiatuta», lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa izango da «gure ekonomiaren erresilientzia areagotzeko». LABORAL Kutxak enpresekin eta familiekin duen konpromisoa berretsi du Egibarrek, egoerak okerrera egin dezakeelako: «Aktiboki parte hartuko dugu aktibatzen diren neurrien hedapenean, gure bezeroei ahalik eta azkarren helarazteko».

Dena dela, 2025eko ekitaldirako estimazio kuantitatiboak, ekitaldi-hasierako interes-tasak kontuan hartuta finkatutakoak, positiboak dira. Entitateak uste du ekitaldia zalantzagarritasun-mailan aldaketa handirik izan gabe itxiko duela. Emaitza-kontuari dagokionez, interes-marjina nabarmen jaitsiko dela aurreikusten bada ere, proiekzioek % 5etik gorako igoera islatzen dute zerga ondorengo irabazietan, aseguru-negozioaren eta inbertsio-zerbitzuen ekarpen handiagoari esker; beraz, % 12tik gorako ROE errentagarritasuna espero da.

Hitzaldiaren laburpen gisa Xabier Egibarrek adierazi duenez, LABORAL Kutxak «orainaldi bikaina» bizi du, «etorkizunari erabateko konfiantzaz eta anbizioz aurre egiten dion proiektu kooperatiboaren sendotasuna islatuz».

 

LABORAL Kutxa, asmodun entitatea

Batzarra biribiltzeko, Adolfo Plazak hartu du hitza berriro, eta gogorarazi du LABORAL Kutxa «munduko kooperatiba-esperientziarik handienetako» baten parte dela; izan ere, «unibertsitaterik ezagunenek aztertzen dute eredua, eta guretzat oso arruntak dira kooperatiba ez diren beste enpresa batzuentzat oso zailak diren zenbait alderdi, hala nola sustraitzea eta ondorengotza».

Tonu solemnean, Plazak «erabateko konfiantza» adierazi du entitatea osatzen duten pertsona guztiengan, eta LABORAL Kutxaren helburua «komunitate oparoagoak, berdinzaleagoak eta jasangarriagoak sortzea» dela gogorarazi du, eta, horretarako, entitateak «lehiakorra izan behar» duela. Beraz, puntu horretan, entitateak eta MONDRAGONeko gainerako kooperatibek iaz izandako «jarduera orokor bikaina» azpimarratu du presidenteak.

Etorkizunera begira, Adolfo Plazak hauxe adierazi du: «Orainak agertoki berriak dakarzkigu, eta arau eta erronka berriak. Erritmoa oso bizkorra da, disruptiboa, eta ziurgabetasun handikoa. Horregatik, ezinbestekoa da egokitzea, etengabe berrasmatzea eta etorkizuneko kooperatiba eraikitzea; betiere, gure bereizgarrietan oinarrituta». Eta, amaitzeko, Adolfo Plazak hitz hauekin itxi du bere hitzaldia, Jose Maria Arizmendiarrieta euskal kooperatibismoaren bultzatzaile nagusia parafraseatuz: «Esaten dutenez, oroitzapenak biltzen dituen iraganaren eta ilusioak jasotzen dituen etorkizunaren artean, oraina besarkatu behar dugu. Lankidetzan jarraitzeko unea da, etorkizunean ere gure legatua eta gure proiektu kooperatiboaren iraunkortasuna bermatu nahi ba