Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak 458 lanpostu sortu dituzten 265 enpresa abian jartzen lagundu zuen 2013an

  • Ekintzaileen batez besteko adina 38 urtekoa da, eta % 30 unibertsitate-tituluduna da. Jarduera-sektoreei erreparatuta, ekintzaileen % 59 zerbitzuen sektorean ari da eta % 35 merkataritzan.
  • Gaztenpresak finantzatutako enpresen sorrerak % 25,5 egin du gora 2013an, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta horrenbestez, emandako finantzaketa maila 5,903 milioi eurotik gorakoa izan da.
  • Gaztenpresaren baliabideei eta zerbitzuei esker, sorreratik, 3.000 enpresa berri eta 6.000 lanpostu baino gehiago sortu dira.

2014ko martxoaren 18a. LABORAL Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak 265 enpresa abian jartzen lagundu du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan iaz, aurreko urtean baino % 25,5 gehiago, eta horietan 458 lanpostu sortu dira. Ekintzaileen ekimenok 5,902 milioi euroko finantzaketa eskuratu dute. Horrela, Gaztenpresa, beste urtebetez, Fundazio liderra izan da EAEn enpresa-jarduera berriak sortzeko laguntzari dagokionez.

Uneotan, lanpostuak sortzea bezain garrantzitsua da horiei eustea, eta horregatik, enpresok Fundazioaren aholkularitza espezializatua dute eskura, bai abian jartzeko eta baita lehen urteetan segimendua egin eta aholkularitza jasotzeko ere. Sortutako 265 enpresetatik 65 Araban eratu zituzten (116 lanpostu), 103 Bizkaian (180), 71 Gipuzkoan (117) eta 26 Nafarroan (45 lanpostu).

Gainera, Gaztenpresak bestelako jarduerak antolatzen ditu, hala nola, sendotzeko tailerrak, mintegiak edota sare soziala, eta “Consulting Pro” zerbitzuaren tresnak eskaintzen ditu. Azken horrek 421 kontsulta baino gehiagori erantzun die aurten, profesionalen eta autonomoen beharretara eta euren negozioetara egokitutako konponbideak eskaintzeko helburuarekin.

Ekintzaileen ezaugarriak

Ekintzaileen profila orekatua da gizonei (% 53) eta emakumeei (% 47) dagokienez, eta batez besteko adina 38 urtekoa da. Horien guztien artean gehienek ez dute goi mailakako ikasketarik, ehuneko 70ek, hain zuzen, eta ehuneko 30ek, berriz, bai.

Jarduera motaren arabera, ekintzaileon % 59 zerbitzuen sektorean ari dira (batez ere ostalaritzan), eta beste % 35 merkataritzaren arloan, asko elikagai-dendetan. Enpresa horiek, 250etik gora, batez beste 52.700 euro inbertitu dituzte, eta Fundazioaren bidez emandako batez besteko mailegua 38.100 eurokoa izan da.

LABORAL Kutxa pertsonekin

LABORAL Kutxak, Gaztenpresaren bidez enpresa-jarduera berriak sortzen laguntzeko ibilbidean, 3.000 enpresa baino gehiago abian jartzen lagundu du, eta horietan 6.000 lanpostutik gora sortu dira.

Horregatik, entitateak enplegua eta aberastasuna sortzea sustatzen jarraituko du, eta ekintzaileen ideiak eta proiektuak gauzatzen laguntzen, haien adina edozein dela.

Aurkezpen osoa deskarga ezazu esteka honetan klik eginez.