Prentsa oharrak
Ekonomiari buruzko Hitzaldien Zikloa
“Gure etorkizun ekonomikoa” izenburupean, Euskadiko Kutxako lehendakari Txomin García jaunak hitzaldia ematera gonbidatutako Pedro Luis Uriarte jauna aurkeztu zuen. Hizlari ospetsu hori aholkularitza estrategikoko “Economía, Empresa y Estrategia” enpresako lehendakari eragilea da, eta enpresa-munduan eskarmentu eta arrakasta bikainak eskuratu ditu.
Euskadiko Kutxako Banku Pertsonaleko 300 bezerotik gora eta Gipuzkoako eta Bizkaiko ingurune politikoko, ekonomikoko eta sozialeko ordezkariak bildu ziren Donostian eta Bilbon eginiko topaketetan.
Sarrera-hitzaldian, Txomin Garcíak azaldu zuen gaur egun ezinezkoa dela ekonomiari buruz aritzea, gainditu nahi dugun krisia aipatu gabe. Hasi zenetik hiru urte joan dira eta oraindik ere bizi-bizi dagoen gaia da, batez ere zaila zaigulako hura ahanztea. Izan ere, dagoeneko aurrera begiratu dezakegula uste dugun bakoitzean, orokorrean bizi dugun une zailari lotutako gertaera berriak agertzen dira.
Kontaketa labur bat eginez, orain arte krisia lau ataletan garatu dela aipatu zuen: finantza-krisia, atzeraldi ekonomikoa, zor publikoaren krisia eta dibisen “gerra”.
Era berean, hizlariak azaldu zuenez, epe laburrean egoerak ez digu ilusiorako motiborik emango. Hazkundea apala eta langabezia altua den ingurune honetan, politika ekonomikoko neurriak hartzeko gaitasun urria dugula, etorkizun hurbilaren inguruan zentzuzko kezkak agertzen dira.
Pedro Luis Uriartek, bere aldetik, azaldu zuen izan den hazkunde-aldirik handiena izan dugula azken urteetan. Halere, krisi global historiko batekin amaitu da epealdi hori, eta Euskadiren kasuan gutxienez 2 urteko atzeraldiarekin.
Dena dela, gure lehen eraldaketa ekonomiko eta sozial handiak izan duen arrakastak, EAE Erkidego aurreratuenaren postuan kokatu duenak, Euskadik gaitasun bereziak dituela jarri du agerian.
Beraz, Euskadiko ekonomia Espainiakoa baino osasuntsuago irteten ari da krisitik. Halere, hori egia izan arren, ez dauka etorkizun oparorik bermatuta, ingurune ekonomiko orokorrean ematen ari den aldaketa sakona dela eta.
Erabakitasunez, “Euskadi berriz pentsatzea” eskatzen duen beste eraldaketa ekonomiko eta sozial bati ekiteko dei egin zuen, eredu-aldaketa nabarmena ekarri eta gure ekonomia eta gizartea goitik behera aldaraziko duen berrikuntza orokorrerako plana garatzeko. Horretarako, ikuspegi zorrotza, estrategia egokia, aitzindaritza handiagoa eta denon parte-hartzea ahalbidetuko duen konpromisoa izan behar ditugu oinarri.
Gure eraldaketak arrakasta handia izatea beharrezkoa dela esanez amaitu zuen, horri esker, erronka berri eta zailei aurre egiteko gai den aukerez beteriko Herria eraiki eta Euskadirentzat etorkizun ekonomiko eta sozial hobea bermatu ahal izateko.