Prentsa oharrak
EAEko familiek baikortasunetik hurbil ekingo diote udari
2024ko bigarren hiruhilekoan, EAEko familien konfiantza hobetu da (+2) eta neutraltasunera gerturatzen ari da (-3). Azken bederatzi hiruhilekoetako emaitzarik onena da, eta 2022ko eta 2023ko ezkortasunetik aldentzen jarraitzen du (-11 eta -9, urteko batezbestekoa).
Zein da beren inguruneari dagokionez EAEko familiek duten iritzia?
- Estatuko (-15; +2 puntu) eta Alemaniako (-10; +5) familien konfiantza hobetu da, eta bere horretan jarraitzen du EB-27ko (-13; +1), Frantziako (-15; -2) eta Herbehereetako (-12; 0) familien konfiantzak. Orobat, EAEko familiek baino iritzi ezkorragoa dute, eta aurreko hiruhilekoetako maila bertsuetan dabiltza.
Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?
- EAEko familien (ia) baikortasunak langabeziaren bilakaerari (+2; 0 puntu) eta aurrezteko gaitasunari (+4; +4 puntu) buruzko igurikimen positiboak ditu oinarri. Horrez gain, etxeko ekonomiaren bilakaerari buruzko iritzia balio negatiboetatik aldentzen doa (-4; +1 puntu). Ekonomia orokorraren egoerari dagokionez, ordea, ezkortasuna da nagusi (-16; +2 puntu).
- Azken buruan, pertsonen hurbileko ezagutzatik (etxeko ekonomia, aurrezteko gaitasuna eta langabezia) eraikitako igurikimenei ez zaie hain balorazio negatiboa esleitzen (eta positiboa ere izan da), ekonomia orokorraren egoerari buruzko igurikimenen aldean; eskuarki, adierazlerik ezkorrena da eta konfiantza oztopatzen du.
- Paradoxikoki, ekonomia orokorraren egoerari buruzko ezkortasuna urruti dago euskal ekonomiaren (+% 1,7, BPGaren urte arteko hazkundea, 2024ko lehen hiruhilekoa) eta haren enpleguaren dinamismotik (+% 1,8 eta -% 0,1, afiliazioa eta langabezia, urte arteko tasa, urtarrila-maiatzeko batezbestekoa). Itzala, aitzitik, inflazioak dakar, eta makurtzeko nolabaiteko erresistentzia erakusten du (+% 2,6, Eurogunean), baina ez da eragozpen izan interes-tasetan iragarrita zegoen beherapenerako (EBZ, ekainaren 6a, -25 puntu).
Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?
- EAEko familiak baikorrak dira inflazioaren bilakaerari begira (+5; +4 puntu), eta erosketa handiak egiteko igurikimenak hobetu dira (0; +6 puntu), azken lau hiruhilekoetako emaitza gainditzeraino.
- Etxebizitza-eskaerak ahul jarraitzen du (familien % 0,7k hurrengo urtean erosteko asmoa duela aditzera eman du), iazko maila bertsuan. Igurikimen horiek jardueraren egoeran islatzen dira (etxebizitzen 5.413 salerosketa-eragiketa, urte arteko -% 11,9ko tasa), finantzazioaren kostua handiagoa baita, eta, batez ere, etxebizitza-eskaintza eskasa baita.
- Ibilgailuak erosteko asmoaren ratioa % 5,2an sendotu da (lehen seihilekoa), eta hobea da 2023aren aldean (% 4,3, urteko batezbestekoa). Emaitza bat dator hobera egiten ari den matrikulazioarekin (urtarrila-maiatzean, 10.230 ibilgailu berri, urte arteko +% 2,2ko tasa), baina ez da 2016-2019ko mailara heldu.
Laburbilduz, EAEko familien konfiantzak hobetzen jarraitzen du, eta uda azken bi urteetakoa baino emaitza hobearekin hasiko da (oraindik indarrean dagoen kiribil inflazionista ez zegoen hasita). Konfiantzaren hobekuntza baikortasuneranzko bidean dabil, eta, horri jarraikiz, badirudi EAEko familiek prezio-maila nabarmen handiagoa barneratu dutela. Dena den, kudea dezaketela iruditzen zaie, baldin eta jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren dinamismoa mantentzen bada.
Familien konfiantza hobetu dela berretsi ahal izateko, inflazioa hartu behar da kontuan; izan ere, makurtzeko eta % 2ra itzultzeko erresistentzia erakusten ari da. Horrek hobekuntza-ibilbidea arriskuan jar dezake, baina, oraingoz, ez da oztopo izan interes-tasak beherantz doitzen hasteko; interes-tasak giltzarri dira familiek kontsumoari, erosketa handiei eta inbertsioei buruzko erabakietan.