Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

2036AN LANESKU-FALTA IZATEKO PROBABILITATE HANDIA EAE-N

Lan-merkatua 2008tik:

  • Hamarkada bat baino gehiago behar izan da krisialdi handian (2008‑2012 artean) galdutako enplegu-maila berreskuratzeko

  • Ikus daitekeenez, enplegatuak zahartzen ari dira, eta emakumeen laneratzea nabarmena da, ia landun guztien erdia baitira

Demografia eta enplegua. 2036ko horizontea:

  • Proiektatutako bederatzi egoeretatik zazpiren arabera, 2036rako lanesku-falta egongo da Euskadin

  • Euskadik hiru norabidetan esku hartu beharko du: langile seniorrek lanean parte har dezaten sustatuz, migrazioa erakarriz eta atxikiz, eta lanbide-prestakuntza eguneratzeko programak azkartuz

 

 

 

2025eko maiatzaren 28a.EAEn probabilitate handia dago, 2036an lanerako pertsona nahikorik ez izateko, baita 65 eta 69 urte bitarteko adin-taldearen proportzio nabarmen batek lan-merkatuan jarraituko duen egoeretan ere. Horixe da gaur LABORAL Kutxaren Bilboko egoitza nagusian aurkeztu den «Enplegua eta Trantsizio Demografikoa EAEn eta Nafarroan: 2036ko horizontea» azterlanean jasotako ondorio nagusietako bat. Ikerketa Departamentuko zuzendari Joseba Madariagak eta kreditu-kooperatibaren Negozio Garapeneko zuzendari Ibon Urgoitik gidatu dute hedabideen aurrean egindako aurkezpena.

Eragile publiko eta pribatuei hurrengo hamarkadan lan-merkatuak izango duen bilakaerari buruzko hausnarketarako oinarri zehatza eskaintzearren, bi hizlariek nabarmendu dute garrantzitsua dela (ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik) trantsizio demografikoak enpleguan duen eragina aztertzea, 2036ra arteko biztanleriaren zahartzea eta proiekzio demografikoak kontuan hartuta.

 

Demografiaren eta enpleguaren bilakaera (2008-2023)

EAEko eta Nafarroako bizi-itxaropena 84 urte ingurukoa da, eta jaiotza-tasa 1,3 seme-alabakoa emakume bakoitzeko; hau da, ez da ordezkapen-mailara iristen. Gaur egungo migrazio garbiek biztanleriari partzialki eustea ahalbidetzen badute ere, jaiotza-tasa txikiaren eta bizi-luzetasun handiaren konbinazioak nabarmen bultzatu du zahartze demografikoa.

Enpleguari dagokionez, ikerketak aztertzen dituen 12 urteetan, enpleguak susperraldi jarraitua izan du, 2008-2012ko krisi handiaz geroztik. Hasierako lanpostu-galera gorabehera, enplegu-tasak etengabe egin du hobera, eta 2008tik izandako daturik onenak lortu ditu gaur egun.

Guztiarekin ere, azterlanetik ateratako ondorioen arabera, enplegatuak gero eta zaharragoak dira eta handitu egin da kanpoko pertsonek enpleguari egiten dioten ekarpena. Bestalde, enpleguak hirugarren sektoreko egitura du argi eta garbi, eta soldatako enpleguak eta enplegu publikoak gero eta pisu handiagoa dute. Alderik positiboenean, azpimarratzekoa da emakumeen enplegua nabarmen hazi dela eta dagoeneko guztizkoaren ia erdia osatzen duela.

 

Enplegu-egoerak: 2036ko horizontea

Azterlanak proiekzio-ariketa bat proposatzen du, 2036an lan-merkatuak zer egitura izan dezakeen zirriborratzeko. Analisiaren helburua da, bi galderatatik abiatuta —ekonomiak orain arte moduan jarraitzen badu zenbat pertsona egongo diren lanerako prest eta zenbat enplegu egongo diren—, zehaztea zer ziurgabetasun-marjinari egin behar dioten aurre administrazio, enpresa eta gizarte-eragileek, lan-indarraren belaunaldi-txandaketa planifikatzean.

Laneratzeko moduan dagoen biztanleriak finkatzen du abiapuntua. Horretarako, Estatistikako Institutu Nazionalaren proiekziorik berriena (2024an argitaratutakoa) hartu da oinarritzat. Bertan, 20-64 urte bitarteko (Eurostatek erabili ohi duen tarteko) eta 20-69 urte bitarteko adin-taldeetan jarri da arreta. Azken horrek erretiroa hartzeko benetako adinean izandako atzerapenaren eragina kalkula daiteke. Oinarri horien gainean, hiru hipotesi aplikatu dira enplegu-tasari buruz: lehenak 2018-2019an hautemandako batezbestekoa erreplikatzen du; bigarrenak, egoerarik gaurkotuena, 2022-2023 bitarteko batezbestekoa, eta hirugarrenak, 2030. urterako ezarritako Europako % 78ko helburua. Biztanleriaren eta tasaren arteko konbinazioak hiru egoera sortzen ditu, lortutako laneratze-mailaren arabera 2036an egon litekeen enplegatu-kopuruari buruz.

Aldi berean, «eskaera-eredu» bat eraikitzen du azterlanak. Horretarako, afiliazioen eta landunen 2009 eta 2023 arteko bilakaera aztertu ostean, batez besteko hiru ibilbide atera ditu: kontserbadoreago bat, 2009 eta 2017 artean izandako uzkurdura islatzen duena; tartekoa, epealdiko batezbesteko osoa jasotzen duena, eta dinamikoago bat, 2012tik, finantza-krisiaren etaparik kritikoenaren ondoren, izandako hazkundea islatzen duena. Ibilbide horiek 2036ra arte proiektatzen dira, eta aukera ematen dute kalkulatzeko zenbat lanpostu sor litezkeen, enpresa-jarduerak ibilbide horietako bakoitzari jarraituz gero.

Eskaintzaren hiru ibilbideak eskariaren hiru ibilbideekin konbinatuz bederatzi egoera posible sortzen dira. EAEren kasuan, lanesku-defizita dago egoera horietako zazpitan. Gurutzaketarik baikorrenean, enplegu-tasa % 78koa da, eta lanpostuak azken hamarkadakoen antzekoak dira; ezinezkoa da lanpostu huts guztiak betetzea. Desoreka, konbinazio bakoitzaren arabera, hogei mila baino zertxobait gehiago eta ehun eta hirurogeita hamar mila inguru pertsona bitartekoa da. Egoera bakarrean lortzen da oreka positibo argia: kalkuluan 65 eta 69 urte bitarteko langileen proportzio bat sartzen denean, enplegu-sorrerak biderik neurritsuenari jarraitzen dionean eta enplegu-tasak % 78ko helburua lortzen duenean. Testuinguru horretan, gainera, emakumeen lan-partaidetza handiagoa izango litzateke, eta migrazio-saldoa positiboa.

Datu demografikoek egoera ulertzen laguntzen dute. 2009 eta 2023 artean, 20 eta 34 urte bitarteko adin-taldea % 26,7 murriztu zen, eta 55 eta 64 urte bitarteko adin-taldea, berriz, % 21,3 handitu. Joera hori ez da aldatzen proiekzioan: 2036an, 55 urtetik gorako pertsonak 2023an baino % 7,8 gehiago izango dira. Gainera, lan-eskaintzari dagokionez, enpresek gaitasun digitalak eta trantsizio energetikoarekin lotutako trebetasunak dituzten profilak eskatuko dituzte, prestakuntza-prozesu luzeak behar dituztenak.

Lan-bizitza luzatzea da doikuntzarako lehen eragilea: adin aktiboa 69 urtera arte luzatzeak eskaintza handitzea ekarriko du —hirurogeita hamar mila pertsona inguru—, enplegu-tasarik baikorrenaren hipotesian (% 78koa). Bigarren eragilea migrazio-saldoa da: urtean bost mila sarrera edo irteera garbiko aldeak nabarmen alda dezake azken emaitza. Produktibitatea da hirugarren eragilea. Txostenean adierazten denez, lan egindako ordu bakoitzeko produktibitatea azken hamarkadan baino gehiago hazten bada, enplegu-eskari gehigarriaren zati bat xurgatu egingo da; dena den, kasu hori ez da aztertutako bederatzi konbinazioen artean sartu.

Estimazioak ez dira behin betikotzat hartu behar, tresna malgu gisa baizik. Tresna hori eguneratu egin daiteke, biztanleriaren datu berriak izan ahala edo enplegu-sorkuntzan desbideratzeak egon direla egiaztatu ahala. Oso baliagarria da; izan ere, agerian uzten du demografiaren bilakaerak zenbateraino baldintzatzen duen erantzuteko gaitasuna. Euskadik hiru neurri hauek hartu beharko ditu, baldin eta oinarri industrialari eutsi nahi badio, balio handiko zerbitzuetan aurrera egin nahi badu eta ekonomia zahartuaren erronkei erantzun nahi badie: langile seniorrek lanean jarrai dezaten sustatu, migrazioa erakarri eta atxiki, eta lanbide-prestakuntza eguneratzeko programak azkartu.

Azken batean, azterlanak oso garbi uzten du, enplegu-kopuruaren eta langile-kopuruaren arteko ekuazioa ez dela ziklo ekonomikoaren bidez soilik ebatziko. Hemendik aurrera, EAEko edozein enplegu-estrategiak demografiari, hezkuntzari eta migrazioari lotutako aldagaiak barneratu beharko ditu, 2036ra bitartean lanesku-eskasiak garapena geldiaraz ez dezan.

 

Itun soziala eta kooperatiben etorkizuna

Azken mezu gisa, datozen urteetan bi autonomia erkidegoek izango dituzten erronka eta aukeren ikuspegi zehatza eskaintzen du txostenak. Politika proaktiboak ezartzea eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza funtsezkoak izango dira, zalantzarik gabe, lan-merkatuaren iraunkortasuna eta lurralde-ekonomiaren lehiakortasuna bermatzeko.

Agerian geratzen diren arrisku nabarmenak egon arren, lankidetza ardatz duen itxaropen-mezu batekin amaitzen da ikerketaren laburpena. Hori horrela, azterlanaren arabera, EAE eta Nafarroa gidari izan daitezke Europako oparotasunaren olatu berrian, bizi-luzetasuna lehiarako abantaila bihurtuko duen itun sozial bat jorratzen badute. «Kooperatiba-sarea, industria-kultura eta fidagarritasun teknologikoa aukera sendoak dira, talentua urria izango dela onartzen badugu. Kooperatibismoaren leloak gogorarazten duenez, etorkizuna elkarrekin lan eginez eraikitzen da, eta ekintza kolektiboaren bidez soilik egin ahal izango diogu aurre arrakastaz».