Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

2024: EAEko familien konfiantzak hobera egin du

 

EAEko familien konfiantza-indizea neutraltasunera iristen da ia (2024an -4ko batez bestekoa), urtean zehar erregistratutako etengabeko hobekuntza profilari esker eta, batez ere, laugarren hiruhilekoan (-2, +2 puntu). Hala, berreskuratzen ari da pixkanaka pandemiak (2020-2021, -22 eta -6) eta inflazioak (2022-2023, -11 eta -9) asko kaltetu zuten konfiantza.

 

 

Zein da EAEko familien posizioa beren ingurukoekin alderatuta?

  • Oro har, EAEko familiek eta ingurukoek 2024an hobekuntza-profil hori izan dute eta urteko bigarren seihilekoan bereziki finkatu da. Ibilbide horren ondorioz, urteko balantzea apur bat goranzkoa da, hainbat posiziotatik: EAEko familiak gertuago daude neutraltasunetik (-4) Europakoak (-12), Frantziakoak (-13) edo Alemaniakoak baino (-10), balio ezkorragoak baitituzte. Herrialde bakoitzaren ezegonkortasun politikoak eta aurreikuspen ekonomikoak ez betetzeak familien konfiantza hobetzea eragozten dute.

Nola eraikitzen da EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?

  • 2024ko laugarren hiruhilekoan, EAEko familien konfiantza langabeziaren bilakaeraren (+5) eta aurrezteko gaitasunaren (+3) gaineko igurikimen positiboetan oinarritzen da, eta familiako ekonomiaren (-4) eta ekonomia orokorraren (-13) gaineko eszeptizismoa konpentsatzen du -mesfidantza sortzen duen benetako adierazle partziala da azken hori- .
  • Familien konfiantzaren lau osagaien hobekuntza laugarren hiruhilekoan oinarritzen da, eta urteko balantze positiboa ahalbidetu du horrek langabeziaren igurikimenen adierazle partzialentzat (2) eta aurrezkiarentzat (2). Hala ere, apur bat negatiboa izaten jarraitzen du familiaren ekonomiari (-5) eta ekonomia orokorrari (-15) dagokionez. Baina, kasu guztietan, 2023an baino positiboagoak dira (edo ez hain negatiboak) (-4, -2, -12 eta -21, hurrenez hurren).
  • Igurikimen horiek -ekonomia orokorraren bilakaeraren gainean eszeptizismoa izan arren- bat datoz EAEko ekonomiaren hazkundearekin (+% 1,8, BPGren urte arteko hazkundea, 2024ko hirugarren hiruhilekoa) eta langabeziarekin (+% 1,5 afiliazioan, urtarrila-azaroa batezbestekoa), eta, gainera, inflazioa % 2 ingurukoa da orain; hortaz, interes-tasak pixkanaka jaisten ari dira (abenduak 12, -25 oinarrizko puntu, % 3,00).

Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?

  • EAEko familiek inflazioaren gorakada aurreikusten dute (-1, Eguberrietako sasoikotasuna-ren balizko efektua) prezioen tentsioa murrizten ari den honetan (4 urteko batezbestekoa, 2023an -6), eta horrek hobekuntza ekarri du balizko erosketa handien kasuan -enpleguaren gaineko igurikimen positiboekin batera- (-7 eta -1, 2023an eta 2024an).
  • Etxebizitza erostea aurreikusten duten familien ratioa mantendu egin da (% 0,6 eta % 0,5, 2023an eta 2024an), baina 2019koa baino txikiagoa da (% 2,1). Asmo hori etxebizitzen salerosketa-operazioetan islatu da (urtarrila-iraila, 16.939 transakzio EAEn), eta 2023ko (+% 4,8) eta 2019ko (+% 0,2) erregistroak hobetu egin dira.
  • Gainera, autoa erosteko aurreikuspenek hobera egin dute (% 4,3 eta % 5,5, 2023an eta 2024an), saldutako unitate berrien kopurua igo egin baita (urtarrila-azaroa, 22.879 unitate, 2023an baino +% 3,7). Hala ere, 2019ko mailatik urrun dago oraindik ere (36.408; -% 37,2).

Laburbilduz: EAEko familiek konfiantza berreskuratu dute 2024an zehar, azken tentsio inflazionistak urrundu egin baitira eta enpleguaren bilakaeraren gaineko pertzepzio positiboa baitute. Hala ere, familiaren ekonomiaren eta, batez ere, ekonomia orokorraren gaineko mesfidantza dute oraindik ere. EAEko familiek azken bost urteetako konfiantzarik onenarekin hasiko dute 2025 urtea, enpleguaren emaitzak mantendu egingo direlako, prezioak egonkortu eta interes-tasak murriztu. EAEren erreferentziazko ekonomia ia guztietan zabaltzen ari den ezegonkortasun geopolitikoa da arriskua, hazkunde ekonomikoaren helburuak arriskuan jartzen baititu.