Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

2018a EAEko familien konfiantza neutroarekin hasi da eta oraindik ez da baikortasuneko balioetan sartu

 

Zer iritzi dute EAEko familiek hurrengo hamabi hilabeteetarako bilakaera sozioekonomiko orokorrari dagokionez?

2018ko lehen hiruhilekoan EAEko familien konfiantza sendotu (1) egin da eta 2017ko laugarren hiruhilekoan izandako balioa errepikatu du. Ondorioz, Estatuko (1) eta EB-28ko (0) familien artean izandakoaren antzekoa izan da.

Zein dira EAEko familien konfiantza eta horren bilakaera osatzen duten faktoreak?

  • EAEko familien ustez, enpleguak hobetzen jarraituko du (12) eta lan-merkatuaren bilakaerarekin lotuta dituzten igurikimen positiboak (baikorrak) sendotu dituzte. Gainera laugarren hiruhilekoz jarraian, EAEko familiek ekonomia orokorraren etengabeko hobekuntza (9) gertatuko dela aurrez ikusi dute eta horrek baieztatu egin du 2017an abiarazitako igurikimen horren joera positiboa.
  • “Kanpoko” balorazio hori hobetu egin den arren, EAEko familiak oraindik ere zuhur agertu dira konfiantzaren “barneko” alderdiei dagokienez. Hala, familiako ekonomiaren bilakaerarekin (-6) eta aurrezteko gaitasunarekin (-10) lotutako indizeek ez dute lortzen hobetzea eta oraindik ere balio negatibotan daude, baina 2015ean lortutako erregistro okerrenetatik aldenduz.
  • Azkenik, EAEko familiek inflazioak nabarmen gora egingo duela aurreratu dute (-24) eta hori azken hiru urteotan adierazitako iritziarekiko bestelakoa da (baina 2017ko bigarren seihilekoan ere aurrez ikus zitekeen).
  • Hala, familien igurikimenek baieztatu egin dituzte 2017an (Eustat) adierazitako ekonomiaren (% 3) eta enpleguaren (% 2) hazkundearekin lotutako igurikimenak eta 2018ko hasiera ona. Urtetik urterako datuei dagokienez, otsailean handitu egin da Gizarte Segurantzako afiliazioa (937.389, % +2,2), eta gutxitu langabezia (127.781, % -8,6).

Nola eragiten du familien konfiantzak gastu eta inbertsiorako erabakietan?

  • Bosgarren hiruhilekoz jarraian, EAEko familiek erosteko unearen inguruan egindako balorazioa -5 inguruan mantendu da. Oraindik ere negatiboa den arren, nolabaiteko hobekuntzan egonkortuta dago. Eta horrekin bat eginez, erosketa handiak egitearekin lotuta familiek agertutako igurikimena ere negatiboa da (-3), baina aurreko hiruhilekoetan ikusitakoa baino gutxiago.
  • 2018ko lehen hiruhilekoan, EAEko familien % 2,3k adierazi du etxebizitza erosteko asmoa duela, eta % 4,3k ibilgailua. Bi kasu horietan, zifrak 2017. urte osoan erregistratutakoak baino baxuagoak dira (% 2,8 eta % 6,0 izan ziren urteko batezbestekoak). Nolabaiteko geldialdia gertatu dela adierazten dute datuek, baina urtean zehar hobe daitezke.
  • Hala, 2017 osoan, igo egin zen etxebizitzen (% +5,4) eta ibilgailuen (% +2,8) salerosketa, baina 2018ko lehen hiruhilekoan, ibilgailuen salmenta jaitsi egin da (% -5,5; urtarrila-otsaila).

Laburbilduz, 2018ko lehen hiruhilekoan sendotu egin da EAEko familien konfiantzaren susperraldia balio neutrotan, eta oraindik ere ez dira baikor agertu. Enpleguaren eta ekonomia orokorraren inguruan izandako igurikimen positiboak bultzatu du konfiantza hori. Aldiz, familiako ekonomiaren eta aurrezteko gaitasunaren inguruan oraindik ere zuhurtzia da nagusi eta horrek erosketa handiak eta inbertsioak egiteko erabakiak oztopatu ditu.

Txosten osorako esteka:

http://korporatiboa.laboralkutxa.com/src/uploads/2017/12/Enpresen-Konfiantza_1H2018.pdf