Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

2012. urterako aurreikuspen eta egoera ekonomikoari buruzko aurkezpena

Xabier Eguibar Euskadiko Kutxako zuzendariordeak eta Joseba Madariaga Ikerketa Departamentuko zuzendariak 2012rako prestatutako aurreikuspen-panela aurkeztu dute gaur goizean.

Aurkezpen-ekitaldian azpimarratu dutenez, “2007an piztutako krisialdiak beste arazo baten aurrean jarri gaitu, eta arazo hori herrialde batzuen kaudimenarekiko zalantzak dira”. Ildo horretan, “arazo horren oinarria honako hau da: merkatuek uste dute herrialde batzuetako zorra kontrolik gabe dagoela. Hori dela eta, merkatuek oso interes-tasa handiak eskatzen dituzte, Alemaniako zorrarekin konparatuta”. Egoera horri aurre egiteko agintariek aurkitutako konponbideari dagokionez, Eguibarrek honako hau uste du: “Zorroztasunak ez du Barne Produktu Gordinaren hazkundea bermatuko, eta jakina, hiltzeko zorian dagoen lan-merkatuaren hobekuntza atzeratu egingo du”.

Proposatutako erreformak ere izan ditu hizpide Eguibarrek eta, bere iritzian,  “aspalditxotik prestatzen ari diren erreforma sortak ez dirudi epe laburrean eragin onuragarririk izango duenik, baina bai epe ertainean”.

 

Horrenbestez, Euskadiko Kutxak 2012rako egindako aurreikuspenen berri eman du Joseba Madariagak. Haren hitzetan, “bizi ditugun gertaerak ikusita, zaila izango da 2013a baino lehen ekonomiaren hazkundea eta langabeziaren jaitsiera gauzatzea”. Gauzak horrela, Espainiako ekonomiarentzat % 0ko hazkunde-tasa aurreikusi du, Euskal Autonomia Erkidegokoarentzat % 0,4koa eta Nafarroako Foru Erkidegokoarentzat % 0,5ekoa. Zehaztu du, hala ere, “aurreikuspen horiek gure epe laburreko modelizazio-sistema dutela oinarri, eta sistema hori askoz sentikorragoa dela ekonomiaren egoera ziklikoarekiko. Epe ertaineko ikuspegi batek, berriz, batez beste bi hamarren erantsiko lituzke eremu bakoitzean. Horrenbestez, emaitzak, oparoak izan gabe ere, pixka bat txukunagoak izango lirateke”.

Jarraian, Joseba Madariagak prentsa-aurrekoan egindako aurkezpena eta emandako datuak dituzue eskura.

Aurreikuspen txostena