Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

2010eko Euskal Ekonomiari buruzko Txostenaren aurkezpena

Euskadiko Kutxak 2010eko Euskal Ekonomiari buruzko Txostenaren aurrerapena aurkeztu du gaur goizean. Txostenaren arabera, 2010. urtean,  Estatuen zorpetze handiak eta, ondorioz, zerga-gaietan egindako ahaleginak zor soberanoen krisia sortu dute Europako herrialde periferikoetan, eta horrela gogoratuko da historian.

Xabier Eguibar 2010eko Euskal Ekonomiari buruzko Txostenaren aurkezpenean

Xabier Eguibar 2010eko Euskal Ekonomiari buruzko Txostenaren aurkezpenean

Arazo berri horren eragina nabaria da jada, makro-magnitude nagusi hauetan:

  • 2010ean, EAEko eta Nafarroako Foru Erkidegoko BPGa % 0,3 eta % 1,2 handitu zen, hurrenez hurren. Estatuan, berriz, apur bat txikitu zen; hain zuzen, % 0,1. Irakurketa positiboa eginez gero, atzeraldia iaz amaitu zela esan dezakegu, BPGari dagokionez. Hala ere, aipatutako hiru esparru geografikoetako tasak nabarmen txikiagoak izan ziren hazkunde-potentziala baino.
  • Gauzak horrela, lan-merkatuaren portaerari begiratuta, ez dugu baikorrak izateko arrazoirik. Izan ere, EAEn enpleguak hazkunde txikia izan zuen (% 0,7koa), baina, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Estatuan % 1,5 eta % 2,3 erori zen hurrenez hurren.
  • Magnituderik eragingarrienari, langabezia-tasari, dagokionez, % 10,5ekoa izan zen EAEn, 2009an baino bost hamarren txikiagoa. Foru Erkidegoan, berriz, % 11,8koa izan zen, eta Espainian, % 20,1ekoa. EAEko eta Nafarroako tasak Europakoaren antzekoak izan ziren arren, Espainiako tasa Europakoa baino handiagoa izan zen, eta hori ezin da higiezinen burbuilaren leherketagatik soilik izan.
  • Eskaintzaren ikuspegitik, nabarmendu behar da Nafarroako Foru Erkidegoan eraikuntza-sektorea, oro har, ahula dela eta industria-sektorea, berriz, sendotzen ari dela. EAEn, eta Estatuko gainerako erkidegoetan ere, erregistroak positiboak dira, baina ez Nafarroan bezain deigarriak. Balantzaren beste aldean, zerbitzuen sektoreak nolabaiteko egonkortasuna erakutsi du portaeran, 2009. urtekoarekin alderatuta.
  • Krisiak eragina izan du enpresa-emaitzetan, baina, oraindik ere, errentagarritasun-maila positiboak lortzen dira batez beste. Ildo horretan, azken urteetan jarraipena egin zaien Euskadiko industria-enpresa nagusien irabazi/salmentak eta irabaziak/fondo propioak ratioak % 4,8koak eta % 5ekoak izan dira 2010ean, hurrenez hurren. Hortaz, lehen tasa 2009koa (% 4,2) baino pixka bat handiagoa izan da, eta bigarrena 2009koa (% 7,3) baino txikiagoa: hain zuzen, bi puntu baino gehiago txikitu da 2010ean.

 

Horrela bada, azaldu ditugun datuak kontuan hartzen baditugu, 2010. urtea urte gazi-geza izan da euskal ekonomiarentzat eta, oro har, Espainiako ekonomiarentzat.  Ekonomia hazten hasi den arren, oso ahul jarraitzen du. Zalantzarik gabe, hori ez da nahikoa, krisialdiak utzi digun lan-merkatu narriatuaren erregistroak hobetzeko. Hori horrela, 2011n hazten jarraitzea espero dugu aztergai ditugun hiru eremuetan:  % 0,9 Espainian, % 1,4 EAEn eta % 1,6 Nafarroan.

Dena den, ehuneko horiek ez dira nahikoa izango langabezia-tasa txikitzeko, nahiz eta lana dutenen kopurua handitzea espero den bai EAEn bai Nafarroan.  Oparoaldi luzearen ondorioak (sektore pribatua oso zorpetuta eta lan-merkatua hautsita) kontuan izanda, egoera larria da, eta % 4 eta % 5 arteko mundu-hazkundearen eraginez  kanpoko sektorea suspertu izanak ez dio askorako balio izan.

Laburbilduz, krisialdiaren amaiera urruti dago oraindik, eta 2012ra arte itxoin beharko dugu hazteko, enplegua sortzeko eta langabezia-tasa txikitzeko. Dena den, inflazioa handitzearen eta, bereziki, herrialdeen zorpetzearen inguruko zalantzek tinko jarraitzen dute, eragozpen gisa.  Horregatik, ekonomiaren lehiakortasuna aldagai garrantzitsua da etorkizunari begira. Gainera, duen garrantzia kontuan hartuta, Europako ekonomia-politikaren azken ekimenetako batean, Euro Plus Itunean, esplizituki jasotzen da. Horren haritik, gogoratu behar dugu ekonomia lehiakorra izateko eragile garrantzitsua dela produktibitatea, eta giza kapitala, azpiegitura konplexuak eta erakundeak sortzen lagunduko duen egitura instituzional sendoa izatea.

Argazkiak ikusi