Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

2008KO NAFARROAKO TXOSTENA

cl4

  • Nafarroako Foru Erkidegoko BPG % 1,9 hazi zen 2008an.
  • Hazkundea barne-eskariaren portaeran oinarritu da.
  • Nafarroako FEko kanpo-merkataritzaren bilakaeraren dinamismoa aipagarria izan da.
  • Eskaintzaren ikuspegitik, zerbitzu-sektorearen portaera azpimarratu behar da. Industria- eta eraikuntza-alorrean portaera ahula izan da.
  • Nafarroako FEko enpleguak murrizketa txiki bat izan du (% -0,2), eta langabezia-tasa nabarmen handitu da, % 6,7an kokatuz.
  • Enpresa-emaitzetan krisiaren ondorioak nabaritu diren arren, errentagarritasun mailek interesgarriak izaten jarraitzen dute.

    Euskadiko Kutxak Nafarroako ekonomiari buruzko hamahirugarren txostena aurkeztu nahi dizue. Txosten horrek dituen abantailetako bat bere jarraitutasuna eta ekonomiaren aldaketen gainean egiten duen segimendua da. Izan ere, guztiok dakigun bezala, aldaketa horiek oso biziak izan dira. Euskadiko Kutxaren txostena besteen aldean bereizten duen beste ezaugarri bat ere badago: sektoreka egindako azterketa izatea. Hala, produkzio-sektore nagusiei buruz eskura dagoen informazio guztia jasotzen du, informazio zehatzagoa ematen du industria-sektoreko sei jarduerari buruz eta hirugarren sektoreko bosti buruz, eta jarraipen berezia egiten dio lehen sektoreari. Azterturiko sektore horien multzoa gero eta handiagoa da zenbat eta informazio erabilgarri gehiago egon. Horrez gain, garatze bidean dauden sektoreak txostenean jasotzeko ahaleginak egin ditugu.

    Jarraian, Nafarroako ekonomiaren iazko eboluzioaren ezaugarri nagusien berri emango dizuegu:

    • Nafarroako Foru Erkidegoko Barne Produktu Gordina (BPG) % 1,9 hazi zen 2008an. Beraz, ekonomia-hazkundeari lotutako tasak 2007koen erdira murriztu ziren. Aipatutako datuak berebiziko finantza- eta ekonomia-krisia ezaugarri dituen testuinguru orokorraren baitan kokatu behar ditugu.
    • Nafarroako FEko kanpo-merkataritzaren bilakaeraren dinamismoa aipagarria izan da, esportazioen gorakadari dagokionez. Inportazioen portaera, aldiz, nahiko laua izan da. Dena den, kanpo-sektoreak Nafarroako BPGari egindako ekarpenari erreparatuz gero, hiru hamarreneko hazkundea eragin duela egiaztatu dugu.
    • Eskaintzaren ikuspegitik, zerbitzu-sektorearen portaera azpimarratu behar da. Balantzaren beste aldean, industria- eta eraikuntza-alorren portaera ahula dago.
    • Lan-merkatuaren datuetan, bestalde, ekonomia-jardueraren gainbehera islatu da, adierazle nagusiek argi eta garbi egin baitute behera. Horrela, Nafarroako FEko enplegu kopurua murriztu egin da pixka bat (% -0,2), eta langabezia-tasa nabarmen handitu da, % 6,7an kokatuz. Ildo horretan, aipatzekoa da bi adierazleek Estatu osoan izandako tasak are okerragoak direla.
    • Enpresa-emaitzetan krisiaren ondorioak nabaritu diren arren, errentagarritasun mailek interesgarriak izaten jarraitzen dute.

    Horrenbestez, 2008a trantsiziozko urtetzat har genezake Nafarroako  ekonomiarentzat, aipatu ditugun datuei erreparatuta. BPGaren hazkundeari buruzko kopuruak euroaren eremuko herrialdeenak baino askoz hobeak dira eta Europar Batasuneko gainerako kideekin bateratzeko prozesuan aurrera egiteko aukera ematen dute.

    Aurrezki Kutxen Fundazioaren (FUNCAS) kalkuluen arabera, Nafarroa hirugarren postuan dago Espainiako autonomia-erkidegoen artean, biztanleko BPGari dagokionez (% 127).

    Bukatzeko, aurtengo ekitaldirako aurreikuspenak ere izango ditugu aipagai. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) hazkunde negatiboa aurreikusi du aurten euroaren eremuan, % -4,8 ingurukoa, eta % -2,8koa AEBentzat. Kopuru horiek argi eta garbi erakusten dute gaur egun igarotzen ari garen bolada ekonomikoa. Alde batetik, nazioarteko finantza-krisia dago, eta agian bukatutzat eman genezake hori. Bestetik, ekonomia-krisi sakona dugu, batzuk “kimu berdeak” sumatzen hasi badira ere. Baina ez diogu geure buruari iruzur egin behar.

    Finantza-merkatuak hobeto funtzionatzen hasi badira eta inkesta batzuek hobekuntza iradokitzen badute ere, ez dugu pentsatu behar krisialdiaren amaiera hurbil dagoenik. 2009. urtea oso zaila izango da eta espero dezagun 2010ean zehar suspertzearen lehen zantzuak ikusten hastea.

    Zilegi da onartzea banku zentralen eta gobernuen jokaera irmoa erabakigarria izan dela igarotzen ari garen estres-egoerari aurre egiteko. Hala ere, lehenago edo beranduago, diru-politikak aldatu beharko dira, eta gastu publikoak ez ezik, egonkortzaile automatikoek eta zerga bidez bildutako diru kopuruaren jaitsierak ere kontu publikoetan eragindako galerei aurre egin beharko zaie.

    Labur esanda, agertokiak ezohiko ziurgabetasuna erakusten du, tamalez. Nolanahi ere, BPGaren hazkundeari buruz egin ditugun aurreikuspenak honako hauek dira: % -3,8 Nafarroan eta % -4,0 Espainian. Hau da, atzeraka dabilen ekonomiari dagozkion kopuruak dira.